Hego Euskal Herriko medikuak grebara deituta daude gaur. Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Mediku Sindikatuek bat egin dute Espainiako Medikuen Sindikatuak eginiko deialdiarekin, eta ikusteko dago zenbateko arrakasta duen, oraindik ez baitago datu ofizialik. Espainiako Gobernua osasun langile guztien estatutua negoziatzen ari da, eta medikuek estatutu propioa behar dutela aldarrikatu nahi dute protestaren bitartez.
Zenbait medikuk hilabeteak daramatzate haserrea plazaratzen, eta gaurkoa azken lau hilabeteetan eginiko bigarren greba deialdia da. Osasun langileen estatutua lege aurreproiektua da oraindik, eta mediku sindikatuek uste dute alda dezaketela: «Grebaren helburua indarrak bateratzea da, eta negoziazio mahai eta estatutu marko propioa lortzea medikuentzat».
Lanaldi luzeak mugatzea
Talka puntu gatazkatsuena lanaldiaren luzera da. Besteak beste, medikuek eskatzen dute borondatezkoa izan dadila asteko 35 orduko lanaldia luzatzea, eta ezin behartuak izatea hura luzatzera. Egun, 48 ordura artekoa izan daiteke. Zaintza txandei dagokienez, eskatzen dute hamazazpi ordu baino gehiagokoa ez izatea, eta zaintza lokalizatuei dagokienez, lan denbora osoa kontuan izatea nahi dute sendagileek.
Horrez gain, beste aitortza legal batzuk galdegin dituzte osagileek. Besteak beste, lan nekeza dela aitortzea, batez ere txandaka diharduten medikuentzat; arrisku lan gisa onartua izatea; erretiro aurreratua eskatu ahal izatea ordaina murriztu gabe; BAME urteak ibilbide profesionalaren barruan kontuan hartzea; eta lan eskaintza publikoak meritu lehiaketen bitartez egitea.
Froga batzuk medikurik gabe
Euskadi Irratiak jakinarazi duenez, Donostia ospitalean hainbat mediku froga espezialistarik gabe egin dira gaur goizean, baina oraindik ez dago grebaren oihartzunaren datu ofizialik. Gutxieneko zerbitzuei dagokienez, hauek ezarri dituzte Osakidetzak eta Osasunbideak: ospitaleetan, gutxienez, jaiegunetako zerbitzua ematen ari dira, eta lehen arretan, larunbatekoa. Onkologia, dialisi eta larrialdi zerbitzuak salbuetsita daude: haietan ohiko zerbitzua ematen ari dira.
Mediku sindikatuek hainbat protesta elkarretaratze antolatu dituzte gaurko. 11:00etan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ospitale handienetan egingo dituzte; alegia Txagorritxun (Gasteiz), Gurutzetan (Bizkaia), eta Donostia ospitalean. 12:00etan, berriz, lehen arretako zentroetan, besteak beste Amara Berrikoan (Donostia), Areilza Doktorea kaleko osasun etxean (Bilbo) eta Olagibelen (Gasteiz).