Helduak euskalduntzeko eta alfabetatzeko sektoreak euskara ikasteko baliabide gehiago eskatu ditu

Euskalgintzaren Kontseiluak 300.000 euskaldun berri lortzeko erronka jarria du mahai gainean; horrekin lortu nahi du hiztun komunitatearen «larrialdi egoera» iraultzea.

Helduak euskalduntzeko eta alfabetatzeko sektoreko kideak gaurko agerraldian, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Helduak euskalduntzeko eta alfabetatzeko sektoreko kideak gaurko agerraldian, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Paula Marques
Bilbo
2026ko irailaren 8a
15:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iraileko matrikulazio kanpaina hemen denez, helduak euskalduntzeko eta alfabetatzeko sektoreko eragileek euskara ikasteko deia egin diete herritar guztiei. Bilbon agerraldi bat egin dute horretarako. Izan ere, garrantzitsua da hiztunak irabazten segitzea. Euskalgintzaren Kontseiluak 2024an adierazi zuen euskara eta hiztun komunitatea larrialdi egoeran daudela, eta hori dela eta, bi urte hauetan hainbat ekinbide abiarazi ditu euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua onbideratzeko. Besteak beste, hauspotu nahi izan ditu euskaltzaletasuna, ofizialtasunaren beharra edo hizkuntza politiketan eman beharreko jauziaren premia. Eta xede bat jarri du: hamar urtean 300.000 euskaldun berri lortu nahi ditu. Bide horretan, gaurko agerraldian adierazi dute egun milaka euskal herritar berri daudela, eta beharrezkoa dela haiei ere euskara ikasteko baliabideak eskaintzea.

«Gurera datozenek ere euskara eskuratzeko aukerak eta baliabideak izan behar dituzte», azaldu du, esaterako, Laida Begiristain Maizpide barnetegiko ordezkariak. «Milaka euskal herritar berri ditugu gure artean, eta, haiei euskara eskaintzeko, ezinbestekoa da helduak euskalduntzeko eta alfabetatzeko estrategikotasuna aitortzea».

«Milaka euskal herritar berri ditugu gure artean, eta, haiei euskara eskaintzeko, ezinbestekoa da helduak euskalduntzeko eta alfabetatzeko estrategikotasuna aitortzea»

LAIDA BEGIRISTAIN Maizpide barnetegiko kidea

Begiristainen hitzetan, eskaintza hori egiteko, beharrezkoa da euskalduntze eta alfabetatze sektoreak bere jarduna egokitzea. Izan ere, uste du erronka anbiziotsua baina egingarria dela. Horregatik, «ausardia politikoa, baliabide nahikoak eta gizarte osoaren inplikazioa» behar direla azpimarratu du.

Hori dela eta, dei egin diete gizarte eragileei, sindikatuei, enpresei, ikastetxeei, komunikabideei, kultur eragileei eta erakunde publikoei aurtengo matrikulazio kanpaina zabaltzen laguntzeko. Begiristainen ustez, helduen euskalduntzea gizarte osoaren beharra da, ez soilik sektore baten ardura. Hala ere, sektorean lanean jarraituko dute; 2022ko Euskara ezagutzeko beharra helduengan sustatzeko proposamena izeneko dokumentuan jasotako eskakizunak lortzea eta horien bidez arloko eragileak indartzea da mahai gainean duten helburu nagusia. 

Euskara ezagutzeko beharra helduengan sustatzeko proposamena

Proposamenean bi ideia nagusi plazaratu zituzten. Alde batetik, euskara ikasteko doakotasuna bermatzeko beharra. Beste alde batetik, Euskal Herri osorako «agentzia bakar bat» sortzea eta haren bidez egituratzea euskalduntzearen eta alfabetatzearen inguruko ekinbideak. Egitasmoa hainbat alderdi politikori eta kargudun publikori aurkeztu diete ordutik. «Elkarrizketarako eta lankidetzarako borondatez jardun dugu, helduen euskalduntzea herri ikuspegitik eta hizkuntza politika sendoen bidez indartzeko helburuarekin», gogora ekarri du Aize Otaño AEKko Nazio Kontseiluko kideak gaurko agerraldian. Azpimarratu du «arduraz jarduteko» eskatu nahi dietela erakundeei.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA