Joana Migelena (Irun, Gipuzkoa, 1985) hezkuntzan doktorea da, eta urteak daramatza pobreziak, etxe gabeziak, indarkeriak eta bakardadeak adingabeengan duten eragina ikertzen, bereziki babes sisteman dauden haur eta nerabeen kasuan. Haren ustez, haurrak babestu beharreko pertsona gisa ez ezik eskubide osoko herritar eta komunitateko kide aktibo gisa ere ikusi beharko lirateke. «Helduzentrismoa gainditzeko dugu oraindik», ohartarazi du. Haurren Eskubideen Nazioarteko Eguna da gaur, eta horren karietara erantzun die BERRIAko galderei.
Aurrerapauso asko eman dira haurren eskubideen aitortzan, baina argi dago ez direla guztiz bermatzen.
1989ko Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenak funtsezko aldaketa ekarri zuen: haurrak babestu beharreko subjektu gisa soilik ikusteari utzi, eta eskubideen subjektu gisa ere aitortu genituen. Baina gauza bat da eskubideak aitortzea, eta beste bat, oso bestelakoa, benetan gauzatu ahal izatea bermatzea. Hor oraindik zor handia dugu haurrekin eta nerabeekin. Legeak, protokoloak eta erakundeak baditugu, baina eskubideak behar bezala bermatuta ez dauzkaten haurrak ere badaude.
Gainera, helduzentrismoa gainditzeko dugu oraindik. Asimetria bat dago: helduok goian, eta haurrak eta nerabeak behean. Oraindik ere oraindik ez horretatik begiratzen diegu: oraindik ez dakite, oraindik ez dira gai, oraindik ez dute behar adinako heldutasunik... Eta helduok erabakitzen dugu zer den haientzat onena.
Zergatik kostatzen da hainbeste haurrei benetan entzutea?
Askotan, nahastu egiten dugu haurrei entzutea eta parte hartzeko duten eskubidea bermatzea. Alde batetik, helduzentrismoa dago: gure hitza legitimatzen dugu, eta uste dugu guk dakigula zer den haientzat onena. Ez ditugu gure pareko pertsona gisa jotzen. Bestetik, entzuteak lan handiagoa eskatzen digu; izan ere, entzuten badiegu, erantzun bat eman behar diegu, eta haien iritzia kontuan hartu. Parte hartzeko eremu eta bide seguruak sortu behar ditugu, informazioa eman behar diegu, aukerak azaldu eta aske hitz egiteko baldintzak sortu.
Haur guztiek ez dituzte aukera eta bizi baldintza berberak. Zenbateraino baldintzatzen dute familiaren egoera ekonomikoak, jatorriak eta bizilekuak haien eskubideen egikaritzea?
Asko. Pobrezia ez da soilik baliabide ekonomiko gutxiago izatea. Hezkuntza aukerei, aisialdiari, sozializazioari eta segurtasun baldintzei ere eragiten die. Haur bat ez da bere etxeko errealitatetik aparte bizi. Etxean pobrezia energetikoa badago, fakturak ordaintzeko zailtasunak badaude edo hilabete amaierara iristeko etengabeko kezka badago, haurrek ere bizi dute hori. Egoera horrek helduen ongizate emozionalean eta familia dinamiketan eragiten du, eta haurrek ere antzematen dute etxeko estresa. Ezin ditugu familiak bakarrik egin egiturazko arrazoiak dituzten egoeren erantzule. Gizarte gisa, seme-alaben ongizatea bermatzeko behar dituzten baldintzak eskaini behar dizkiegu.
«Oraindik ere 'oraindik ez' horretatik begiratzen diegu: oraindik ez dakite, oraindik ez dira gai, oraindik ez dute behar adinako heldutasunik... Eta helduok erabakitzen dugu zer den haientzat onena»
2014an Gipuzkoako haur etxegabetuak ikertu zenituen. Zer erakutsi zizun lan hark?
Lehenengo gauza haurren ikusezintasuna izan zen. Etxegabetzeez hitz egiten genuenean, prozedura judizialak, hipotekak, zorrak eta banketxeak aipatzen genituen, baina non zeuden egoera horretan zeuden haurrak? Ikerketan ikusi genuen familiek askotan ez zietela seme-alabei gertatzen ari zena kontatu nahi, babesteko. Baina haurrek egoera sumatzen zuten. Etxea ez baita lau horma: gure harremanak, oroitzapenak, segurtasun sentimendua eta kidetza eraikitzen ditugun lekua ere bada. Gainera, etxegabetzea ez da hasten familia etxetik ateratzen den egunean, lehenago hasten da, ziurgabetasunez eta tentsioz, eta ondorioek urteetan iraun dezakete.
Azkenaldian etxegabetzeak ikusi ditugu Euskal Herrian, baita adingabeak tartean zirela ere. Administrazioaren erantzuna nahikoa al da?
Nire ustez, erantzun instituzionala behar dugu, irtenbidea ezin baita izan aterpetxe batera bidaltzea. Neurri egonkorrak behar dira, pertsona guztiek egonkortasuna behar dugulako gure bizitza eraikitzeko. Epaitegietan, esaterako, haurraren interes gorena aldarrikatzeko espazioak badaude, baina etxebizitza gaietan askotan termino ekonomikoetan hitz egiten da. Ez da kontuan hartzen haurren ikuspegia, eta ez zaie galdetzen zer dakarkien haiei etxea galtzeak edo zer neurri beharko liratekeen haien eskubideak bermatzeko.
Harrera sisteman dauden haur eta nerabeen egoerak ere gertutik ezagutzen dituzu. Zer aldatu behar da haiei begiratzeko moduan?
Babes sisteman dauden haurrak ez dira haur problematikoak, baizik egoera zailak izan dituzten haurrak. Gure ardura da haien ongizatea bermatzea, bizitako esperientzietatik harago dituzten gaitasunak, nahiak eta etorkizuneko aukerak aitortuz. Horretarako, beharrezkoa da haien familia, eskola eta gizarte loturak mantentzea, harreman afektiboak eta erabakiak hartzeko aukerak sustatzea, eta sistema haien beharretara egokitzea. Era berean, helduarorako trantsizioan laguntza ekonomiko eta emozional nahikoa eskaini behar zaie, autonomia modu mailakatuan garatu ahal izateko.
«Babes sisteman dauden haurrak ez dira haur problematikoak, baizik egoera zailak izan dituzten haurrak. Gure ardura da haien ongizatea bermatzea, bizitako esperientzietatik harago dituzten gaitasunak, nahiak eta etorkizuneko aukerak aitortuz»
Osasun mentala eta bakardadea gero eta gehiago aipatzen dira haurrei buruzko eztabaidan. Kezkatzen zaituzte?
Bai, asko. Gero eta datu gehiago ditugu, baina badago bereziki kezkatzen nauen zerbait: haur eta nerabe asko bakarrik sentitzen dira, eta ez diegu behar bezala entzuten. Jakina, zerbitzu eta profesional espezializatuak behar ditugu beharrezkoa denean. Baina loturak, konfiantzazko harremanak, elkarrekin emandako denbora eta komunitateko eremuak ere berreskuratu behar ditugu.
Zer esan nahi duzu komunitateko eremuak berreskuratzearekin?
Loturez, identitateaz, partaidetza sentimenduaz, gizarte kohesioaz eta zaintza sareez ari naiz. Haurrek komunitatearen parte izan behar dute, eta hala sentiarazi behar diegu. Horretarako, haien iritziak kontuan hartu behar ditugu, haien gaitasunak eta potentzialtasunak aitortu, eta eragile aktibo gisa ikusi.
Eta bada beste ideia bat ere: haurrak ez dira gure jabetzakoak. «Nire semea» edo «nire alaba» esaten dugu, maitasunez, baina eskubide propioak dituzten pertsonak dira. Ez dira zaintza jasotzen duten subjektu pasiboak soilik; harremanak eraikitzen dituzte, ekarpenak egiten dituzte, eta komunitatea sortzen dute. Erantzukizuna eskatzen diegu batzuetan, baina zer espazio ematen dizkiegu probatzeko, esperimentatzeko eta akatsak egiteko? Azken batean, haur eta nerabeak ez ditugu etorkizunean gizartearen parte izan daitezen prestatu behar: dagoeneko gizartearen parte dira. Haien ahotsa entzun, haien eskubideak bermatu eta komunitatea haiekin batera eraiki behar dugu. Eta hori ez da haiei egiten diegun mesede bat: gure betebeharra da.