Aspaldikoa da Tolosaldean erietxe publiko bat eraikitzeko eskea, eta Osakidetzak abian du horretarako prozesua. Gaur jakinarazi du proiektua idazteko lizitazio prozesua egin dutela, hautatu dutela lan hori egiteko enpresa bat, baina ezingo dela berehalakoan hasi jardunean; izan ere, zazpi enpresa aurkeztu dira denera, eta horietako batek helegitea aurkeztu du hartutako erabakiaren aurka. Beraz, kolokan dago Osakidetzak azpiegituraren inguruan eginda daukan plana. «Litekeena da hasieran aurreikusitako egutegia aldi baterako doitu behar izatea».
Izan ere, orain berrikusi egin beharko da prozesua, eta, hain justu ere, helegitearen gaineko ebazpenak baldintzatuko du proiektuaren idazkuntza lana «hasteko data». Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoak hartuko du bere gain erantzuna emateko ardura. Hala ere, Osakidetzak oraindik ez du aldaketarik egin nahi mahai gainean jarritako egutegian. «Azpiegitura berriaren obrak 2028an zehar hasteko aurreikuspenari eusten zaio», azaldu du gaur prentsa ohar baten bidez. Aitortu du, ordea, lehen ez zuten traba bat dutela orain bidean. «Orain, hasiera data helegitearen balorazioaren eta ebazpenaren mende dago». Lehen planaren helburua zen lanak 2028an hastea eta erietxea 2031n martxan jartzea.
Gaur Osakidetzak gogora ekarri ditu gaur azpiegitura berriaren hainbat ezaugarri: 8.445 metro koadro hartuko ditu, eta 107,6 milioi euro inbertituko dituzte lanetan. «Azpiegitura honen helburua da osasun zerbitzuen eskualdeko eskaerari erantzutea —gero eta handiagoa baita—, kalitatea handituta eta baliabideak optimizatuta betiere gertuko eta kalitateko arreta bermatzeko». Ospitalea Iurramendiko inguruetan egingo dute, Tolosan bertan. Lau ebakuntza gela eta gaixo akutuentzako 90 ohe izango ditu, besteak beste.