Hemengoa, beti-betikoa?

Pastor
2026ko urriaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Etxe bila dabiltza eta iragarkia itsatsi dute kalean, hormetan, posteetan... Telefono zenbakia ipini dute. Testua erdaraz idatzia dago eta hauxe nabarmentzen du: «Familia hemengoa da, beti-betikoa». Aurrerago antzeko mezu bat, baina kontraesankorra izan litekeena: «Urte asko daramatza herrian bizitzen».

Nor da hemengoa? Nor beti-betikoa? Zenbat urte dira asko? Zenbat urtek egiten zaitu bertoko? Zer esan nahi duzu halako iragarki bat ezarriz? Herri horretara ez zarela atzo goizean iritsi eta eskubide gehiago dituzula geroago heldu direnek baino? Bai, zeren eta urte asko daramatza herrian bizitzen hori sobera egongo bailitzateke familia hemengoa eta beti-betikoa izango balitz.

Familia horrek argi utzi nahi izan du ez dela beste batzuk bezalakoa. Lehen mailako behartsua da, ohorezko ligan jokatzen du, ez hirugarren mailan: «Ez gara besteak; ez gara beste horiek bezalakoak, haiek baino fidagarriagoak gaituzue». Zenbaitetan, arrazakeriak eta diskriminazioak oso muga lausotuak dituzte. Zer pentsatuko lukete sendi horretako kideek etxe bat alokatu nahi dien herritar batek zerbaiti erreparatu —haien hizkuntza, haien hizkera, haien tankera, haien janzkera, haien izena, haien abizena...— eta berak uste zuen bezain hemengoak ez direla esango balie?

Jatorria, bertokotasuna zehazteak emozio zitalenak pitz ditzake kinka larrian egonda gure sen primarioenak azaltzen direnean. Glasgow-en ikusi dugu joan den udan. Udala babes ofizialeko etxebizitzak bertakoei, beti-betikoei baino lehen kanpotarrei ematen hasia zela zabaldu zuten sare sozialetan. Eskoziara ailegatu berriek omen zuten lehentasuna. Gezur galanta, baina sua pizteko adinakoa: gorroto mezuak, migranteen aurkako erasoak, istiluak kalean... BBC telebista katean gizon bat agertu zen. Jakinarazi zuenez, pertsona batzuen ustez, hark ez zuen etxebizitza izateko eskubiderik «arrotza» delako: «Arbasoak 50eko urteetan etorri ziren Karibetik. Gurasoak eta ni hemen jaio ginen. Eta kanpotarra naizela diote». Familia horrek 70 urte baino gehiago daramatza Erresuma Batuan. Guztiz bertakoak dira, baina azala beltza dute. Eta oraindik ere atzerritarrak dira arrazisten begietan.

Horraino ailegatuko gara Euskal Herrian? Lehentasun nazionala aldarrikatzen ari da eskuin-muturra. Hemengoak lehenik, gero besteak, bigarren mailako herritarrak. Behin lehenengo multzoko herritarren beharrak aseta, soberakinak erabiliz konponduko dute beste horiena. Edo hobeto: kanpora bidaliko dituzte.

Lehentasun nazionala faxismoaren ikurra dugu. Baina kontuz, dena ez da zuria ala beltza. Gu guztiz libre gaude pentsaera horretatik? Demagun Kombissiri-ko familia bat dagoela hemen —Burkina Fasoko herria, Uagadugutik 40 kilometro ingurura dagoena—. Duela bi urte iritsi ziren gurera eta aterpe beharrean daude. Demagun, era berean, Abaltzisketan, Donostiatik 40 kilometrora, beste familia bat bizi dela. Hura ere premia larrian dago. Afrikatik etorritakoaren pobrezia eta behar-maila berdin-berdina du.

Lehentasun nazionala faxismoaren ikurra dugu. Baina kontuz, dena ez da zuria ala beltza. Gu guztiz libre gaude pentsaera horretatik?

Bietako zeini emango genioke lehentasuna pisu bat hartzeko: Burkina Fasokoari ala Abaltzisketakoari, hau da, hemengoari, betiko-betikoari? Zer eta zeren arabera erabakiko genuke hori? Zer izango litzateke zuzenena, gisakoena: jatorri afrikarreko familiari ematea baldintza objektiboetan hemengoarekin berdindurik azaldu arren, subjektiboki, ziurrenik, egoera zaurgarriagoan dagoelako bere jatorriagatik? Hemengoari, beti-betikoa delako eta bestea, ostera, ez? Edo zozketa egingo genuke, erabaki salomoniko bat hartzeko? —munduan beste inon gertatuko ez litzatekeena, jakina—.

Baliteke batek baino gehiagok konponbide hori onestea. Alta, suposa dezagun gu zozketa horren parte garela eta haren emaitzak geure seme-alabei eragingo diela zuzen-zuzenean. Zozketaren ondorioak onartuko genituzke orduan ala lehentasun familiarra aldarrikatuko genuke, lehentasun nazionalaren kontzeptua baztertuz, geure burua pentsamolde arrazistatik bereizteko?

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA