Lau ertzain zauritu dira Ordizian izandako liskarretan, eta gizon bat atxilotu dute

Liskarra areagotu egin da hainbat pertsona borroketan hasi direnean. Lau ertzain zauritu dira, eta haietako bati ebakuntza egin beharko diote, lepauztaia hautsita baitauka. Ustezko erasotzaileetako bat atxilotu egin dute.

Ertzaintzaren auto bat, artxiboko irudi batean. JAVIER ZORRILLA / EFE
Ertzaintzaren auto bat, artxiboko irudi batean. JAVIER ZORRILLA / EFE
2025eko uztailaren 13a
19:45
Entzun 00:00:0000:00:00

Liskarrak izan dira bart gauean Ordizian, Gipuzkoan. Adierazpen ofizialen arabera, «hainbat pertsonaren arteko borroka bat» zela-eta joan da Ertzaintza Ordiziako Araba kalera. Orduan areagotu da liskarra. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak adierazi du hainbat lagunek eraso egin dietela poliziei, eta gizon bat atxilotu dute «agenteen aurkako atentatuagatik eta lesioak eragiteagatik». Lau ertzain zauritu dira, eta haietatik bik ospitalera joan behar izan dute. Batek lepauztaia hautsita dauka, eta lesioak ditu masailalboko hezurrean. Besteak ukondoa dislokatu du.

Ertzaintzak jakinarazi duenez, poliziek hiru gizon ikusi dituzte Araba kalean, ihesean, eta jarraitu egin diete. Orduan beste pertsona batzuk «ertzainen lana oztopatzen» hasi direla salatu du Segurtasun Sailak. «Pertsona horien jarrera bortitzak tentsioa areagotu du, eta gizonetako batek ukabilkada bat eman dio ertzainetako bati». Ustezko erasotzailea atxilotu egin dute autoritatearen aurkako atentatuaren eta lesioen delitua egotzita.

Segurtasun Sailak adierazi du atzeman duten gizonak «aurrekari polizial ugari» dituela, eta ertzain etxean egongo da epailearen esku utzi arte. Zauritutako bi ertzainak, berriz, Zumarragako Ospitalera eraman behar izan dituzte, jakinarazi dutenez. Lepauztaia hautsi duen polizia, ordea, handik Gurutzetara eraman behar izan dute, ebakuntza egitera. Bertan ziren Ricardo Ituarte Segurtasun sailburuordea eta Victoria Landa Ertzaintzaren zuzendaria, zauritutako ertzainari «babesa» adierazteko. Bigarrenari sendagiria eman diote.

Ertzaintza zer gertatu den ikertzen ari da, eta liskarretan inplikatutako gainerako jendea identifikatu nahian. Segurtasun sailburuordeak gertatutakoa «kondenatu» du, eta erasoa «oso larria eta onartezina» dela adierazi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.