Hendaiako (Lapurdi) zenbait bizilagun Hondarribiko aireportuaren (Gipuzkoa) aurka mobilizatu dira. Salatu dutenez, Hondarribitik irteten diren edo han lur hartzen duten hegazkin asko Lapurdi gainetik igarotzen dira, eta «kutsadura akustikoa eta keroseno euria» sortzen dituzte. Paco Durandeauk, mugimenduaren antolatzaileak, azaldu du bidaia horietako gehienak ez direla beharrezkoak: «Euskal kostaldeko paisaiaz gozatzeko soilik igarotzen dira Iparraldetik». Espainiako eta Frantziako Gobernuei eta Eusko Jaurlaritzari hegaldi horiek murrizteko eskatu die, baita aireportua ixteko ere.
Durandeau sinadurak biltzen hasi da Internet bidez, eta jada 500 pertsonak baino gehiagok egin dute bat haren eskaerekin: «Hegaldi horiek soinu kutsadura sortzen dute, baita minibizia sor dezakeen keroseno euria ere». Haren iritziz, Lapurdi gainean ibiltzeko «arrazoi bakarrak» eguraldiari lotutakoek izan beharko lukete: eguraldi bortitza, ikusezintasuna, euria eta haizea. Beste hegaldi guztiek, «%90ek», Gipuzkoa aldetik aireratu eta lurreratu beharko luketela defendatu du.
Horregatik, erakundeei eskatu die neurriak hartzeko Hendaia gainetik igarotzen diren hegaldiak %90 murriztu daitezen. Aireportua behin betiko ixteko ere eskatu du, beste hiru bizilagunekin batera Sud Ouest egunkarian argitaratutako gutun batean.
Kotte Ezenarrok, Hendaiako alkateak, egunkari berean esan du «zilegi» direla bizilagunen kexak, helarazi zituela Parisera, baina ez duela erantzunik jaso. Dena den, adierazi du Euskal Herriko lurralde bakoitzak bere aireportua duela, eta horietako bat kentzeak «lurraldeen autonomia gaitasuna» ahulduko lukeela.