Renferen aldiriko trenak Hendaiaraino iritsiko dira urritik aurrera

Espainiako eta Frantziako gobernuek adostu dute, behin-behinean, SNCF enpresak Hendaiako geltokian aurreikusitako lanak atzeratzea. Ondorioz, muga zeharkatzen duten aldiriko trenetako bidaiariek ez dute Irunen trenez aldatu beharrik izango.

Tren bat Hendaiako geltokian, artxiboko irudi batean. PATXI BELTZAIZ
Tren bat Hendaiako geltokian, artxiboko irudi batean. PATXI BELTZAIZ
edurne begiristain
2026ko uztailaren 3a
11:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako eta Frantziako gobernuek akordioa egin dute Hendaiako (Lapurdi) geltokian gaur egun dauden iberiar zabalerako trenbideak mantentzeko. Horri esker, Renferen Gipuzkoako aldiriko C-1 lineako trenak Irundik (Gipuzkoa) Hendaiaraino iritsiko dira, gaur egun bidaiariek egin behar duten tren aldaketa kenduta. Zerbitzu berria datorren urritik aurrera martxan jartzea espero dute.

Akordioa Jose Antonio Santano Espainiako Gobernuko Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko estatu idazkariak, Pedro Marco Adifeko presidenteak eta SNCF Frantziako tren konpainiako arduradunek berretsi dute Parisen egindako bilera batean.

Gaur egun, Hendaiako geltokiko 101 eta 102 trenbideak iberiar zabalerakoak dira (1.668 milimetro), eta horri esker iristen dira bertara Hego Euskal Herriko trenak. SNCFk, ordea, trenbide horiek nazioarteko zabalerara (1.435 milimetro) egokitzeko asmoa zuen. Horrek ezinezko egiten zuen Renferen aldiriko trenak Hendaiara sartzea. Frantziako Gobernuak beste trenbide bat eraikitzea ere aurreikusia zuen, baina merkantzia trenetarako bakarrik.

Egoera ikusita, Espainiako Garraio Ministerioak hainbat proposamen aurkeztu zizkien Frantziako Gobernuari eta SNCFri, Hendaiako geltokiaren eraberritzea eta aldiriko zerbitzua bateragarri egiteko. Azkenean, bi aldeek adostu dute iberiar zabalerari eustea eta aurreikusitako obrak atzeratzea, behin betiko irtenbide bateratua adostu arte.

Akordioaren ondorio nagusia zera da, muga zeharkatzen duten aldiriko trenetako bidaiariek ez dutela Irunen trenez aldatu beharrik izango. Orain arte, Renferen C-1 lineako erabiltzaileek Irungo geltokian jaitsi, eta Euskotrenen E2 lineako trena hartu behar zuten Hendaiara iristeko. Urritik aurrera, ordea, Renferen aldiriko trenek zuzenean egingo dute Irun eta Hendaia arteko ibilbidea.

Hizkuntza salbuespena

Santanok azaldu duenez, administrazio izapideetan ere aurrerapausoak egin dira. Renferen 446 eta 447 serieko aldiriko trenek mugaz gaindiko tartean zirkulatzeko baimena berritu dute, baita zerbitzua emateko beharrezkoa den hizkuntza salbuespena ere. Era berean, Espainiako eta Frantziako trenbide segurtasunerako agentzien arteko akordioaren arabera, Hendaiako trenbideen ezaugarri teknikoak aldatzeko bi estatuetako agintarien adostasuna beharrezkoa izango da; hortaz, SNCFk ezingo ditu aldaketak alde bakarrez egin.

Parisko bileran abiadura handiko trenaren etorkizuna ere izan dute hizpide. Bi aldeek adostu dute Frantziako TGV trenak ere Irungo geltokira iritsi ahal izateko behar diren azpiegiturak egokitzea. Aurreikuspenen arabera, zerbitzu hori 2027ko urtarrilean abiatu ahal izango da.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA