Hernaniko Udalak (Gipuzkoa) eta Ekotrade enpresak akordio proposamen bat adostu dute Ekoland izena izango duen lantegiaren proiektua martxan jartzeko; lur kutsatu «ez-arriskutsu eta ez-toxikoak» tratatuko dituzte han. Xabier Lertxundi alkateak eta Ekotradeko ordezkari Gorka Natxiondok eman dituzte proiektuaren inguruko xehetasunak, eta azaldu dute herritarrentzat, udalarentzat eta enpresarentzat «sinatu zitekeen hitzarmenik egokiena» adostu dutela. Astearteko osoko bilkurara eramango dute akordioa, onartua izan dadin. Zapiain autoak desegiteko enpresa ohiaren lekuan egin asmo dute fabrika, eta nabarmendu dute jada industrializatuta dagoen zorua erabiliko dela soilik.
Enpresak 2023ko udan helarazi zion udalari lantegia egiteko asmoa, baina aurten hasi da zabaltzen informazio hori. Hasieran kezkaz hartu zuten albistea Hernaniko Jauregi bailarako bizilagunek, eta, bilkura bat egin ostean, adierazi zuten «mesfidati» zirela proiektuaren inguruan; nabarmendu zuten ez zela kontuan hartu haien hitza. Bada, Lertxundik adierazi duenez, ordutik hona bilkurak egin dituzte bizilagunekin, eta azaldu du kezka horiek kontuan hartuta egin dela akordioa.
Inpaktuak eta soluzioak
Kezketako bat etorkizuneko lantegiaren beraren aktibitateari buruzkoa zen, eta Lertxundik eta Natxiondok garbi utzi dute tratatuko dituzten lur kutsatuak ez direla ez arriskutsuak, ez toxikoak. Bereziki industria eremu izan diren lekuetako obra hondakinak tratatuko dituzte, eta Natxiondok azaldu du hainbat motatako substantzia kutsagarriak izan ditzaketela: hidrokarburoak, adreilu zatiak... Metodo fisiko, kimiko eta biologikoen bidez egingo dituzte tratamenduak, eta nabarmendu dute pabiloien barruan egingo direla lanak, eta ez duela inongo kutsadurarik sortuko. Gainera, Hernaniko Udalak hala eskatuta, konposta biltegiratzeko azpiegitura bat ere eraikiko du Ekotradek, eta eraikuntza materialen birziklapena ikertu dadila bultzatzeko laborategi bat ere egingo dute.
Gainera, kontrolerako mekanismo bat ere adostu dute, udaleko langileak edonoiz sartu ahalko baitira lantegira, edozein txokotan laginak hartzeko eta ziurtatzeko hitzartutako materialak soilik jasotzen direla. Hitzarmenak lau urteko iraunaldia du, zortzi urtera luzatzeko aukera ere bai, eta epe horretan analisi horiek Ekotradek ordainduko ditu, urtean 3.000 euroraino behintzat. Etorkizuneko plantako langileen %60 Hernaniko biztanleak izatea ere adostu dute bi aldeek.
%60LANTEGIRAKO ZENBAT HERNANIAR KONTRATATU BEHARKO DIREN, EHUNEKOTAN Hernaniko Udalak eta Ekotradek egin duten hitzarmenaren arabera, lantegian jardungo duten langileen %60 Hernaniko biztanleak izango direla.
Beste kezka bat oinezkoen inpaktu bisuala zen, eta bi ordezkariek azaldu dute autoak desegiteko lantegi zaharra zulo moduko batean dagoela, eta inpaktua ez dela horrenbestekoa. Gehienez hamar metroko garai izango da, eta sabaia plaka fotovoltaikoz estaliko dute. Natxiondoren esanez, harrobi zahar batean dago egun autoak desegiteko lantegia, eta horregatik teilatua «ezkutuan» geratuko dela ziurtatu du: «Oinezkoen ikuspuntutik inpaktua zero izatea da proiektuaren helburua».

Inguruan trafikoa handitzea zen bizilagunen beste kezketako bat, eta ordezkariek diote Ekolanden proiektuaren epeekin bat etorri dela inguruko bideak berregituratzeko proiektua. Hori dela eta, bide berri bat egongo da GI-2132 errepidetik fabrikara zuzenago joango dena, eta Lertxundik uste du horrek apaldu egingo duela kamioien joan-etorria etxebizitzetatik gertu.
Aterabide bat
Industrialde ohietako eta eraikuntzako hondakinekin arazo larria dagoela azaldu dute bai Natxiondok eta bai Lertxundik, eta gogorarazi dute Europako legedia gero eta zorrotzagoa dela material birziklatuen erabileraren inguruan. Hori dela eta, Lertxundik uste du «behar bati» erantzuten diola lantegiak: «Lur kutsatuei soluzio bat emateko» beharrari. Horri aurre egiteko «modu berritzailetzat» jo du Lertxundik Ekotradek egin nahi duen lantegia. Gainera, uste du fabrika «guztiz lerrokatuta» dagoela udalerriaren zero hondakineko politikarekin.
Natxiondok ere azaldu du gaur egun halako hondakin ia guztiak zabortegietara botatzen direla. Astigarragan (Gipuzkoa) duten lantegian hasi ziren gutxinaka halako materialak garbitzen eta berrerabiltzen: «Hondakinak lehengai bihurtzen ditugu». Hernanikoa egindakoan Euskal Herriko halako lehen lantegia izango dela nabarmendu dute. Gainera, Natxiondok gogorarazi du Europako Batzordeak behartu egiten duela berreskuratu daitezkeen eraikuntzako hondakinak birziklatzera, baita etorkizuneko eraikuntzetako materialen %40 berrerabilia izatera ere. Azaldu duenez, Astigarragako lantegiak Aenorren Zero Hondakin saria jaso du, lantegian sartzen diren hondakinen %95 berrerabiltzea lortu baitute.
Kalkulatu dute lantegiaren eragin eremua Buruntzaldea eta Donostialdea ingurua izango dela; hau da, inguru horretako hondakinak kudeatzeko eta eskualde horiei material birziklatua eskaintzeko adinako ahalmena izango duela.