Lur kutsatuen tratamendurako planta bat ezartzeko baimena negoziatzen ari da Hernaniko Udala

Udalak adierazi du «lur ez-arriskutsu eta ez-toxikoak» tratatuko direla soilik. Konposta biltegiratzeko azpiegitura bat eskatu dio Ekotrade enpresa sustatzaileari, eta kontrol gehigarriak egiteko aukera izatea.

Galdakaoko Formica lantegia zena eraitsitakoan sortutako hondakinak.
Galdakaoko Formica lantegia zena eraitsitakoan sortutako hondakinak. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Gorka Berasategi Otamendi.
2025eko ekainaren 7a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Industria eremu izan diren lurzoru ugari beste hirigintza funtzio batzuetarako moldatu dira azken hamarkadetan, izan etxebizitzak egiteko izan bestelako erabileretarako. Aurretik, industria jardueretan kutsatutako lurrak kendu behar izaten dira, eta lur horietako gehienak zabortegietara eraman ohi dira. Hernanin (Gipuzkoa), beste irtenbide bat eman nahi diete lur kutsatuei, eta horiek tratatzeko egitasmo bat ari dira garatzen. Helburua da gaur-gaurkoz zabortegietara bideratzen diren hondakin horiek eraikuntzarako lehengai bihurtzea. Ekotrade da enpresa sustatzailea eta Hernaniko Udala harekin elkarlanean ari da egitasmoari «arau esparru bat» emateko.

Hernaniko Udalak azaldu duenez, lurren tratamendurako plantaren egitasmoa 2023ko udan aurkeztu zion Ekotradek, eta orain zenbait baldintza ari dira negoziatzen. «Ikusi genuen oso interesgarria zela», adierazi du Xabier Lertxundi alkateak. «Helburua da gure lurraldean arazo bat den hondakin horri berriz balioa ematea eta lehengai bihurtzea. Gainera, orain badira legeak eskatzen dutenak herri lanetan materialaren ehuneko jakin batek birziklatua izan behar duela. Beraz, pentsatzen dugu proiektuak etorkizunera begira jartzen gaituela».

Horrez gainera, alkateak nabarmendu du proiektuaren ezaugarriek «lankidetza eredu berri bat» martxan jartzeko aukera ematen diola udalari. Oraintxe bertan, lankidetza hitzarmen bat negoziatzen ari da Ekotraderekin. «Jarduera leku jakin batean kokatu nahi dute, eta horrek modua ematen digu lankidetza hitzarmena egiteko, guk baimendu egin behar baitugu jarduera leku horretan egin ahal izatea». Planta Hernaniko Jauregi bailaran kokatuko litzateke. 10.000 metro koadroren eremu bat hartuko luke, aurretik autoak desegiteko erabili den gune batean.

«Helburua da gure lurraldean arazo bat den hondakin horri berriz balioa ematea eta lehengai bihurtzea»

XABIER LERTXUNDI Hernaniko alkatea

Udalak bi helburu erdietsi nahi ditu lankidetza hitzarmenarekin. Lehenik eta behin, azpiegituraren gaineko «kontrol gehigarriak» egiteko aukera, bestela egin ahalko ez lituzkeenak. «Badakigu hondakinen kudeaketan eta tratamenduan beharrezkoak direla kontrol gehigarriak, kezka sortzen baita». Hori dela eta, udalak enpresari eskatu dio noiznahi sartu ahal izatea instalazioan laginak hartzeko eta horiek aztertzeko.

Horrez gain, hitzarmen zirriborroan zehaztu dute zein lur mota tratatu ahal izango diren azpiegituran, eta zein ez. «Lur ez-arriskutsu eta ez-toxikoak sartu ahal izango dira bakarrik», esan du Lertxundik.

Hitzarmenaren bitartez udalak lortu nahi duen bigarren helburua interes publikoari begirakoa da: «sinergiak bilatzea». Lur kutsatuen tratamendua bioerremediazio izeneko prozesu baten bidez egitea baliatu nahi dute. Udalak azaldu duenez, prozesu hori bakterioen bitartez egiten da, eta antz handia du konpostaren prozesuarekin. Horixe baliatu nahi du udalak, eta lankidetzarako zirriborroan jaso dute Ekotradek eremu bat emango diola hari, eta enpresak azpiegitura bat eraikiko duela bertan, udalak konpostaren biltegiratzea eta galbahetzea egin dezan. «Hiri hondakinen kudeaketan ere pauso handi bat egin dezakegu, gure konpost programa handitzeko aukera ematen baitu edukiera handiagoko instalazio bati esker», nabarmendu du Lertxundik.

Proiektua garatzeko adostu dituzten beste baldintzetako bat izan da hondakinen tratamendurako prozesu osoa pabiloien barruan egitea. Alkatearen esanetan, horrek bermatuko du instalazioak ez duela hautsik edo usainik isuriko kanpora. «Hondakina lehengai bihurtuta aterako litzateke, metetan pilatua». 

Kezka Jauregin

Jauregi bailarako herritar talde batek kezka agertu dio udalari, azpiegiturak auzoan izango duen eragina dela eta. Aritz Arrondo auzokideak azaldu duenez, proiektua onartu aurretik jakin nahi dute, batetik, jarduerak zer ondorio izango dituen ingurumenean. «Oso larria iruditzen zaigu ingurumen eraginari buruzko txostenik ez izatea. Nola sinatuko duzu elkarlan bat jakin gabe zer sortuko dizu inguruan?».

Instalazioak sor dezakeen zaratari buruzko azalpenak ere nahi dituzte. «Azkenean, landa ingurune batean gaude, inguruko enpresak teknologikoak dira, eta ez dute zaratarik ateratzen». Galarreta auzoko industrialdetik 500 metro ingurura kokatuko litzateke tratamendurako planta. 

Auzotarrek udalari eskatu diote gardenago aritzeko proiektuaren inguruan, eta salatu dute ez dituztela kontuan hartu behar beste.

Udala auzotarrekin bildu zen apirilean, zalantzak argitze aldera eta hitzarmenaren gaineko azalpenak emateko. «Kezkak ulertzekoak dira», adierazi du alkateak. «Badakigu hondakinak tratatzeko planta bat gure etxe ondoan izateak beldurra sortzen duela. Beldur horiek kontuan hartu eta guri dagokigu informazio eta dokumentazio osoa ematea. Ez daukagu horretarako arazorik». Lertxundik gaineratu du ez dela inolako tramite administratiborik egingo bizilagunekin bilera gehiago egin gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.