Hernanin liskarrak izan dira San Joan gauean, eta pertsona bat atxilotu dute

Alkatearen arabera, istilu bat baino gehiago izan dira. Udaltzaingoak laguntza eskatu dio Ertzaintzari, eta zenbait lagun zauritu dituzte. Salatu dute txosnetan oldartu direla baina lehen liskarrak ez direla han izan. Atxilotua adin txikikoa da.

San Joan gauean Hernanin izan diren liskarretan Ertzaintzak zauritutako herritar bat. GEDAR.EUS
San Joan gauean Hernanin izan diren liskarretan Ertzaintzak zauritutako herritar bat. GEDAR.EUS
Paulo Ostolaza-Irati Urdalleta Lete
2025eko ekainaren 24a
19:20
Entzun 00:00:0000:00:00

Atxilotu bat eta gutxienez hamabi zauritu izan dira bart gauean Hernanin (Gipuzkoa), San Joan jaietan. Liskarrak izan dira, Udaltzaingoak laguntza eskatu dio Ertzaintzari egoera kontrolatzeko, eta hura oldartu egin da. Zaurituak izan dira liskarretan eta Poliziaren oldarraldian. Atxilotua adin txikikoa da, 17 urtekoa, eta aske utzi dute jada; «laster» joan beharko du epaitegira.

Xabier Lertxundi alkateak Euskadi Irratian kontatu duenez, istilu bat baino gehiago izan dira, «neurri handia» hartu dute, eta ikertzen ari dira elkarrekin loturarik izan duten ala ez. Azaldu du gertakarien eragina agerikoa izan dela gauean eta, besteak beste, txosnak itxi behar izan dituztela.

ETBri egindako adierazpenetan, Lertxundik aitortu du dozenaka lagun udaletxean sartzen saiatu direla, bertan babesten ari zen pertsona bat lintxatzeko asmoz. Sare sozialetan zabaldu da zaurituetako bat ZIU zainketa intentsiboetako unitatean dagoela, baina alkateak ez du halakorik baieztatu.

Liskarrak zerk eragin dituen argitu nahian dabil udala, egoeraren «argazki erreala» osatzeko eta aurrera begira zer egin erabakitzeko. 

Udaltzaingoak 03:30ak aldera eskatu dio laguntza Ertzaintzari, baina lehen liskarrak pare bat ordu lehenago hasi dira, zenbait iturrik diotenez. Ertzaintzaren arabera, objektuak jaurti dizkiete bertaratu denean, eta alkateak esan du oldartzearen ondorioz «gaiztotu» egin dutela giroa.

Txosnetatik kanpo

Gedar-ek, lekukoak aipatuz, kontatu du lehen liskarrak ez direla txosnetan gertatu, baina haien aitzakian herriaren erdialde osoa hartu duela Ertzaintzak, eta aurrez izandako gertakariekin zerikusirik ez zuen jendeari oldartu zaiola; zenbait lagun jipoitu dituela borraz kolpeka, eta pilotakadak ere izan direla. Gutxienez hamabi lagun zauritu dituztela adierazi dute; haietatik lau ospitalean artatu behar izan dituzte.

Urtero, San Joan gauean, jendetza elkartzen da Hernanin. Alkateak adierazi du normaltasunera itzultzea dela lehentasuna orain, eta festen programazioari eustea.

Udalaren oharra

Udaleko bozeramaileen batzordea goizean elkartu da, eta horren ondoren argitaratu du ordezkaritza duten alderdi guztiek sinatutako oharra —EH Bilduk, EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek—. Haren bidez, esan dute ez direla onargarriak «herritarren osotasun fisikoaren aurka sustatutako oldarraldi eta liskarrak», eta elkartasuna adierazi diete zaurituei.

Alkateak aipatu bezala, berretsi dute ez dagoela gertakarien inguruko informazio argirik: «Hainbat eraso izan dira gauean, eta istiluak jai eremu osora zabaldu dira».

Horrelako jokabideek elkarbizitzan duten eragin kaltegarriaz ohartarazi dute, eta arrazakeriaren aurkako mezua ere bidali dute: «Gure artean bizi den pertsona oro komunitate honen parte da, duen jatorria duela». 

Azkenik, eskerrak eman dizkiete «egoera kudeatzen eta baretzen lagundu duten txosna batzordeko kide eta herritarrei».

Udalak ez ezik, Hernaniko Txosna Batzordeak ere atera du oharra. Haien hitzetan, ez dute onartzen bart gauekoak bezalako «gertakaririk»: «Aurretik herrian izandako liskar batzuk aitzakiatzat hartuta, hainbat eraso arrazista izan ziren —guk dakigula, hiru—, jipoi masiboen eta antolatuen bidez. Liskar edo borrokaldi batek sekula ez du justifikatuko talde eraso antolaturik». Salatu dute horren harira txosnetan Poliziaren «oldarraldi bortitza» ere izan zela. «Gure babes osoa zauritutako kideei».

 

 

Gainera, «irmoki» salatu dituzte «gertakarien harira asmo interesatu batekin» zabaltzen ari diren «gezur arrazistak», baita «Hernanin jaien haurretik hedatutakoak» ere: «Lapurreten eta elkarbizitza urratzen duten jokaeren aurrean, ez dago lintxamendua justifikatzerik».

Kontuak horrela, Hernaniko Txosna Batzordeak ziurtatu du aurre egingo diotela «morboa, espektakulua eta ondoeza» sustatzen dituen portaera orori. «Eta, nola ez, eraso guztien aurrean irmoki erantzungo dugu». Hain zuzen, gaur, 20:30ean, Hernaniko Amher Sos Arrazakeriak antolatutako elkarretaratzearekin bat egin dute, eta herritarrak bertara joatera deitu dituzte.

 

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (2)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.