Herrera auzoko pabiloietan bizi diren 30 pertsona etxegabetuko dituztela salatu dute

Jolastokietako 4. pabiloia astelehenean hustuko dute. Han bizi diren pertsonentzako konponbide bat galdegin dute gizarte eragileek.

Martuteteneko agustindarren eskola zaharra hustu zuten iragan abenduan. GORKA RUBIO / FOKU
Martuteteneko agustindarren eskola zaharra hustu zuten iragan abenduan. GORKA RUBIO / FOKU
2026ko urtarrilaren 24a
20:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Herrera auzoko Zardoya Otis eremuan dauden pabiloi eta eraikin guztiak hustu nahi ditu Donostiako Udalak, eta Jolastokietako 4. pabiloia izanen da lehena, heldu den astelehenean. Horren ondorioz, han bizi diren 30 bat pertsona kale gorrian geratuko dira. Hori salatu dute zenbait gizarte eragilek, gaur egin duten elkarretaratzean.

Protestaren antolatzaileen esanetan, Herrerakoa ez da kasu bakana: «Donostian gero eta ohikoagoa da etxegabetzeak modu azkar eta isilean gauzatzea, pertsonen egoera soziala edo ekonomikoa kontuan hartu gabe, eta benetako alternatibarik eskaini gabe. Horren adibide argia da iazko abenduan Martutenen gertatutako etxegabetzea», azaldu dute.

Gaineratu dutenez, etxegabetze data jarrita zegoela argudiatuta, han bizi diren pertsonei ez diete doako justizia eskatzeko aukerarik eman. «Horrek, praktikan, pertsona hauei beren burua juridikoki defendatzeko eskubidea ukatzea dakar, eta berriro ere agerian uzten du sistemak baliabide ekonomikorik ez duten pertsonak zein zaurgarri uzten dituen».

Jolastokietako 4. pabiloia ez da eraitsi asmo duten bakarra: «Zardoya eremuan dauden bost eraikinak husteko aginduaren zain daude, eta horrek lehenago edo beranduago berrehun pertsona inguru kalean gelditzeko arriskua areagotzen du, inolako alternatiba errealik gabe», salatu dute protestaren antolatzaileek. Udalari «konponbide erreal bat» eskatu diote pertsona horientzat guztientzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.