Herri harresiak, erdigunetik

Urteetan luzatutako auzien ondoren, libre dira Ekaitz Ibero, Urtza Alkorta eta Ibon Esteban. Herri harresietan atxilotu zituzten hirurak azkenengoz, eta orain gutxi irten dira kartzelatik, zigorrak beteta. Herritarrek emandako indarraz eta izandako kezka eta kontraesanei buruz mintzatu dira.

Donostian elkartu ziren astelehenean Ibon Esteban, Urtza Alkorta eta Ekaitz Ibero, herri harresietan atxilotu eta kartzelatik atera berritan. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Hodei Iruretagoiena.
Donostia
2016ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Bi aste eskas dira Ekaitz Ibero (1987, Donostia) kartzelatik atera zela. Donostiako Bulebarretik eraman zuen Ertzaintzak, 2013ko apirilaren 10ean, Aske Gunea sortu eta hurrengo egunean. Orain ikusi ditu irudiak: «Urduri jarri naiz». Atxiloketa zutenean ez zegoen jende askorik, baina inguruan jarri zitzaizkion ondoan zituenak. Borrak, bultzadak, kolpeak, oihuak... «Zuri eta isilik nabaritzen nuen neure burua, gero eta urduriago», dio Iberok, Bulebarreko kioskoan, oraindik burua kalean «kokatzen» ari dela. Ondoan ditu Urtza Alkorta (1977, Ondarroa, Bizkaia) eta Ibon Esteban (1990, Arrotxapea, Iruñea), Ondarroako eta Gasteizko herri harresietan atxilotutakoak.

Orain gutxi irten dira espetxetik Alkorta eta Esteban ere: azaroan lehena, eta abenduan bigarrena. Iberorekin batera, hirurak elkartu ditu BERRIAk, Donostiako Bulebarrean. Asko galdetu beharrik gabe hasi dira bakoitzak bere momentu eta moduan bizi izandakoa elkarrekin gogoratzen. Harridura eta indarra dauzkate, atzera begiratuta, barruan gordeta. «Konpromiso hori. Eskertu behar diogu Euskal Herriari eman digun babesa». Pasatutako guztian, ordea, kezkak, ezjakintasunak eta sentimendu kontrajarriak ere ez dira gutxi izan.

2013ko udaberri hartan, gutxik espero zuten herri harresiek izan duten bilakaera izatea. Aurrekariak baziren: Bilboko Esperantza frontoiko atxiloketak, Oiartzualdeko gazteen dinamikak, Aurore Martin, Izpurako itxialdia, Ekaitz Samaniego, Gaizka Astorkizaga... Baina Donostiakoak eragin zuen inflexio puntu bat epaiketen aurkako desobedientzia dinamikan.

Donostia: «Iritsi egin zen»

Urtarrilean atxilotu zituzten Errenteriako hiru gazteak. «Egun hartan, pixka bat erotuta ibili ziren: agertu ziren udaletxean, zain egon ziren...», ekarri du gogora Iberok. Azkenean, Maria Kristina hotelean kateatu ziren. Ertzaintza agertzea behartu, eta handik eraman zituzten atxilotuta. Indefinizio puntu bat bazegoen oraindik: zigorra salatu eta egoera hori kalean agerian uztea helburu izanik ere, zigortuek azaldu dute beti dagoela buruan ideia hori: «Zenbat eta lehenago hasi, zenbat eta lehenago bukatuko da».

Ordurako, Donostiako gazteak hasiak ziren beren formularen bila. «Beste buelta bat» eman nahi zioten aurrekoari. «Jendearekin hitz egin genuen, ea konpromiso hori agertzeko prest zeuden». Ibero eraman zutenean, Aske Gunea «erdi airean» zegoen oraindik. «Nirearen ondoren, harrituta geratu nintzen nola atera zen dena. Iritsi egin ziren jendeagana». Euskal Herrian eta nazioartean zabaldutako irudiek berek erakusten dute bazegoela bilatzen ari ziren konpromiso hori. Ibero: «Halako batean, jendeak esan zuen: 'Hau bukatu da. Ezin dituzue hauek eraman besterik gabe'».

Alkortak eta Estebanek buruan zuten, halabeharrez, txanda helduko zitzaiela. «Argi neukan ni ez nindoala motxila hartuta kartzelara», dio Alkortak. Apirilaren 20an eraman zituzten Donostiakoak; ordurako, espetxean aurkezteko epea pasatua zuen ondarroarrak. «Zerbait egin behar dugu, esan genuen. 'Zu ezkutatu, eta egingo dugu', erantzun zidaten».

Eta egin zuten. Erabakia hartuta, «bertigo puntu bat» bazuela aitortu du Alkortak: «Hasieran, gazte mugimenduko zerbait zen, nolabait. Aurrekariak horrekin lotuta zeuden, eta nire kasuak beste ezaugarri batzuk zituen. Eta denetan hiriak edo herri handiak ziren. Bakarra nintzen, gainera». Donostiakoaren ondoren, bazuen beldurra «jauzi» hori emango ote zuten. Ezkutalekutik herriko zumardira jaistean uxatu zitzaizkion dudak: «Ezin nuen sinetsi: jende mordo bat, komunikabideak... Antolatzeko sekulako gaitasuna izan zuen herriak».

Epaiketa gero eta gertuago zuten orduan Estebanek eta harekin auzipetutako 27 gazteek. «Donostiakoa izan zenean hasi ginen gure artean elkarlanean». Iruñean, mugimendu handiagoa nabaritu zuen haren ostean; are handiagoa 2013ko urrian, Nabarrerian Luis Goñi atxilotu zutenean. «Nahiz eta sekulako jipoiak jaso, herria gogotsu zegoen. 'Beste sententzia bat baldin badago, beste herri harresi bat egingo dugu', esaten zen». 2014ko irailean, Loiolakoarekin ekin zioten epaiketari, eta zigorrak jaso ondoren egin zuten Gasteizkoa, 2015eko maiatzean.

Ez zieten erraz jarri. Esteban: «Epaiaren esperoan ginela, esan ziguten Ertzaintza egunero ari zela Auzitegi Nazionalera deika. Ez zuten herri harresirik nahi». Udal eta foru bozak gertu zeuden. Epaia publiko egin aurretik hasi ziren atxiloketak, eta zazpi zigortuetatik hiruk lortu zuten poliziei iskin egitea. Herri harresian atxilotu eta preso sartu zituzten, Gorenaren epaiaren zain egon arren. Azkenean, bost absolbitu zituzten, eta gainerako biei sei urtetik bira jaitsi zieten zigorra. Jarrera hori salatu du Iruñekoak: «Ertzaintzaren erruz egon gara kartzelan zazpi hilabete hauetan».

Jone Amezagaren kasuaren harira irten zen argitara jarrera hori. Alkortarenean ere, Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak zuten atxilotze agindua, ez Ertzaintzak. Auzi politikoen gaia ikusgarri egiteaz gain, horiek aurrera eramaten dituztenen jarrera ere utzi du agerian desobedientziak. Horren gainetik, mugimenduaren izaera goraipatu dute Iberok, Alkortak eta Estebanek: plurala, dinamikoa, irudimentsua, lekuan lekukoa...

Alkorta: «Ondarroa herri berezia eta txikia da, eta ideologia oso ezberdinetako jendea ikusi nuen zubi ondoan. Salduko dute ezker abertzaleko betiko laurak zirela, baina ez da hala. Eta ni herrian oso markatuta egon naiz: zinegotzi ilegala izan naiz... Jendeak bazekien nor babestera zihoan, eta hala ere prest egon zen». Estebanen esanetan, ikasi egin dute denborarekin. Azpiegitura ere hobetu dute: sareak, sukaldea... «Eta irudimena», dio Iberok: «Ileorde eta karetena ederraizan zen».

Adierazi EHren sokatik sortu zen Eleak mugimendua, duela bost urte. Epaiketekin batera, Libre taldeak ere sortu ziren han eta hemen, eta laranja kolorea erreferentzia hartuta, elkarlanean aritu dira. Txerra Bolinagak jarri dio aurpegia sarri mugimendu horri. Ez aurpegia bakarrik. Iberok ekarri du gogora, eskerrak emateko: «Hor zegoen beti. Berarengatik ez balitz, dinamika honek ez zuen horrela egingo aurrera». Bolinagak esana da, atxiloketa bakoitzean, «eta orain zer?» pentsatzen zuela, auzipetuekin harremana estutu ondoren, haiek nola eramaten zituzten ikusita.

«Bere ederrean, gogorra»

«Maite zaitugu. Zurekin gaude», entzuten zuten zigortutakoek. «Bai, nirekin zaudete, baina zuek jipoitzen ari dira, nigatik», pentsatzen zuen Iberok. «Niri anaiarekin egin zidaten jokaldia: hari jo, eta 'tira, etorri' esanez», kontatu du Alkortak: «Jendea horrela ikustea oso gogorra egin zitzaidan; bere edertasunean, oso gogorra». Iberoren kasuan, azkarra izan zen atxiloketa. «Zorionez edo zoritxarrez», etxekorik ez zuen ondoan. «Lasaiago geratu nintzen». Ezkutatuta egon ondoren, lagunak eta etxekoak agurtzeko askatasuna eman zien herritarren babesak. Asko eskertu zuen hori Estebanek: «Irribarre batekin joaten zara kartzelara».

Ondarroako herri harresiak bost egun iraun zuen. «Sentsazio arraroa da bost egunez agur esaten ibili beharra», oroitu du Alkortak. «Alarma faltsuak» ditu gogoan Estebanek. «Horrela, zenbat denbora?». Martuteneko kartzelan zegoela, kezka hori bazuen Iberok ere, Bulebarrean zeuzkan lagunak gogoan.

Kartzelaldia gaindituta, balorazio ona egin dute hirurek. Alkorta: «Ezker abertzaleko militante gisa, balio izan dit baieztatzeko posible dela». Desobedientziaren gaia mahai gainean jarri dute. Intsumisoen garaia dakar gogora Estebanek: «Hasieran lau ziren, zabaldu zen dinamika, eta lortu zuten. Gure helburua ere hori izan da: nahiz eta batzuk zigortu, hurrengoei hori ez uztea». Estatua ere, garaian garaian, moldatu egiten dela ohartarazi du: Mozal legea, isunak areagotu izana...

Desobedientzia eta kartzela

Prozesu independentistan ere, ordea, desobedientzia beharrezko izango dela uste dute. Kataluniari zeharka begira ari da Ibero: «Apurketa momentu bat iritsi beharko da, haustura demokratikoa deitzen zaiona. Hori iristean, zer? Aurrera egin behar da». Orain, gainera, «espetxeak husteko garaia» dela ekarri dute gogora. Badakite zertaz ari diren.

Atxiloketak, torturak, eta bina kartzelaldi pasatu dituzte. Lehenengoak eta bigarrenak zer ikusirik ez dutela diote. Alkorta: «Nik, lehenengo aldian, hilabeteak pasatu nituen neure zati guztiak batzen». Gero, baldintzapeko askatasuna. «Kalean ere ez zaude lasai. Guardia Zibilaren kontrola ikusi, eta lagunei mezua bidaltzen nien: 'Ordu erdi barru iritsi ez banaiz, eraman naute'». Bigarrenez sartu zutenean, «lasaitu» ere egin zen Ibero: «Lasaitu, bai. Pentsa noraino iristen den egoera: 'Lehenago hasita, lehenago bukatuko dut'». Espetxeko funtzionamendua ezagutzeak ere lagundu die, noski, bigarren aldirako.

Handik aterata, «libre» sentitzen dira azkenean. «Nola nagoen galdetzen didatenean, horixe ateratzen zait», dio Iberok: «Libre». Kalera egokitzeak ere lana eskatzen duela azaldu dute, ordea: hogeitaka urte pasatu gabe ere, aldatzen duela izaera, eta nabaritzen dela kaleko aldaketa. Ingurua, harremanak...

Alderik gogorrena, dena den, kideak barruan uztea dela diote. Esteban: «Behin bakarrik egin dut negar kartzelan, eta izan zen askatasuna berreskuratu nuen egunean». Alkortak «tranpa» bat egiten dio bere buruari, «kontraesan emozional» horiekin bizitzeko: «Neure buruari esaten diot: 'Hauek irten zirenean, sekulako poza hartu zenuen etxera zihoazelako. Ba, haiek ere horrela egongo dira, pozik kalean zaudelako». Sentipen «gazi-gozoa» aipatu du Iberok: «Beti geratzen zaizu barrurako begirada hori. Kolektiboa ikusita, esaten duzu: etxera ekarri behar ditugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.