Xauri! Zatoz erran nahi du, eta Nafarroa Behereko euskalkietan ohikoa da xuka forman. Hori da heldu den urteko maiatzaren 9an Senperen izanen den Herri Urrats festarako hautatu duten leloa. «Gonbidapen bat da; hurbiltzeko, parte hartzeko eta elkarrekin bizitzeko deia», esplikatu du Koldo Rodriguez Herri Urratseko koordinatzaileak. «Xauri ikastolarat, Xauri euskararat, Xauri Herri Urratserat, Xauri komunitaterat...», zerrendatu du. «Hitz bakarrean, Herri Urratsen oinarrian dagoen elkartzeko eta parte hartzeko ideia biltzen ditu. Xauri-k Ipar Euskal Herriko familia guztiei zuzendutako mezua ere izan nahi du, beren umeak ikastoletan ezartzeko».
Astearte goiz honetan aurkeztu dute 2027ko ikastolen besta, Baionan, sortu zenetik 44.a. «Beste urte batez, Senpereko aintzira milaka euskaltzalez betea ikusi nahiko genuke, euskaraz bizi nahi dugulako aldarria mundu guztira zabaldu eta ikastolen komunitateari sostengua adierazteko», esan du Rodriguezek. Izan ere, Ipar Euskal Herriko ikastolek sostengu beharrean segitzen dute. Arberoako ikastola (Nafarroa Beherea) sutearen ondorioz berreraiki behar izan zuten, eta irailaz geroztik ikasgela berriak zabalik ditu; Beskoitzen (Lapurdi), haatik, ikasleak heldu den urtarrilean sartuko dira ikastola berrian. Baina Donapaleun (Nafarroa Beherea) irekitzekoa duten lizeoa da orain duten erronka nagusietakoa. Ikastetxeaz gain, barnetegia ere antolatu beharko dute, ikasleek ez dezaten autobusean denbora gehiegi gal. «Gure gazteek baldintza eta espazio egokiak behar dituzte ikasteko, harremanak egiteko, eta euskaraz bizitzeko. Edozein izan dadin haien bizilekua», esplikatu du Erik Etxart Seaskako lehendakariordeak.
Eraikuntza lanak abiatuak dituzte, eta erran dute 6 bat milioi euro beharko dituztela heldu den ikasturtearen hastapenerako bururatzeko. 180 bat ikaslerentzako lekua ukanen du, eta 80 oheko barnetegia. Negua gabe xede horretan laguntzeko dirua biltzeko kanpaina berezia abiatuko dute, baina 2027ko Herri Urratseko irabaziak ere horretara bideratuko dituzte. «Euskaltzale ororen sostengua behar dugu erakunde politikoek lagunduko ez gaituzten garai hauetan», azaldu du Etxartek.
Eider Eibar marrazkilari bizkaitarrak landu du aurtengo iruditegia: eper baten marrazkia egin du Herri Urratsen txanoa jantzia duela. Rodriguezek esplikatu du Eperra kantatik hartu dutela ideia: «Eperra bera, gaur egun, galbidean da Euskal Herrian kanpo faktoreengatik: besteak beste, klima aldaketagatik eta nekazaritza ereduaren aldaketagatik. Euskararekin silogismoa egin daiteke, hura ere galbidean baita, eta hil ala bizi».Â
Musika eta panpina
Urte guztiz bezala, ekitaldi andana antolatuko dituzte ondoko hilabeteetan Herri Urratsen inguruan. Horien artean, Pantxoa eta Peioren azken kontzertuetako bat Herri Urratsek antolatuko du. Azaroaren 29an izanen da, 16:30ean, Mauleko zineman. Horrez gain, Go!azen telesailaren emanaldi berezi bat ere eskainiko dute, urtero bezala. Hamahirugarren denboraldia du aurten telesailak, eta urtarrilaren bukaeran edo otsailaren lehen astean bukatzekoa da —oraindik zehazteko dago—. Bukatu bezperan, azken atalaren aurreemanaldia iraganen da Herri Urratsen alde, aktoreak bertan direla, Donibane Lohizuneko Le Select zinema gelan. Bi ekitaldietarako sarrerak salgai izanen dira www.herriurrats.eus webgunean.
Musika maketen lehiaketa ere eginen dute beste urte batez. Orain arte, ehun euskal taldetik gora lehiatu dira, eta aurten ere egitasmoa arrakastaz beteko dutela espero dute. Maketa lehiaketa euskaraz abesten duten talde guztiei zuzendua dago. Parte hartu nahi dutenek gehienez hiru abesti bidali beharko dituzte, izena emateko orria erabiliz. Lanak aurkezteko epea abenduaren 3an hasiko da, eta urtarrilaren 7ra arte bidali ahalko dira. Irabazten duen taldeak Herri Urratsen egunean kontzertua jotzeko aukera izanen du, Nafarroa gunean.
Gaurtik goiti, martxan da Herri Urratseko webgunea. Bertan, informazioa aurkitzeaz gain, dendaren bidez Herri Urratseko materiala erosteko aukera ere egongo da. Dendan erosten den materiala ondoren etxean jasoko dute erosleek. Horien artean izanen da Uratx panpina. Iaz aurkeztu zuten jendartean, Herri Urratseko maskota bezala. Aurten, bide horretan, umeentzako panpina ere atera dute. Salgai egonen da Durangoko azokan ere, Herri Urratsek jarriko duen mahaian.