Garazi Aduriz

"Herriak erabakiko du; badugu zer esana horren aurrean"

Larhun 2022 xede turistikoak mendiaren inguruko herritarren oldarraldia ekarri zuen. Larrun Ez Hunki taldeak mobilizaziora deitu du gaurko, Lapurdiko mendi tiniaren defentsan segitzeko.

jarraia152307.jpg
'Iparraldeko Hitza'
2018ko maiatzaren 21a
09:15
Entzun

Larhun tontorraren aldeko bataila batera abiatu ziren lau herritako biztanleak (Bera, Sara, Azkaine eta Urruña) Larhun 2022 xedea agertu zelarik. 36 milioi euroren inbertsioak iragarriak izan ziren turismo xede handi baten aurkezpenean. Handik gutxira, Larrun Ez Hunki taldea sortu zuten inguruko lau herrietako biztanle batzuek, eta talde horretako kidea da Garazi Aduriz (Donostia, 1999). Informazioa hedatzen eta desadostasuna erakusten segitzen dutela oroitarazi zuten joan den astean, xedearen sustatzaile den Pirinio Atlantikoetako Departamentuko zerbitzuen egoitza aitzinean, Baionan egin prentsaurreko batean. Gaurko elkarretaratze bat antolatu dute Larhungo tren txikiaren geltokian, 11:30ean.

Zuen herrietan Larhunekiko atxikimendua handia dela erakusten duzue.
Bai, noski. Jende askok dauka ohitura urtero igotzeko familiarekin eta… Atxikimendu berezi bat bada ezin dena esplikatu, oso berezia dena.

Larhun 2022 xedea aipatu aitzin, balitzateke zer erran gaur egun Larhunen ikusten denaz, uda partean bereziki.
Ni Urruñan bizi naiz, eta askotan joan izan naiz Sarara. San Inazio lepotik pasatzea udan gauza nazkagarria da, zeren eta tren txikikoak-eta… autoz beteta dago dena. Mundu erdia etortzen dela ematen du; igo hara, eta ikusten da jende pila bat toki guztietan. Sentitzen zara zure etxean atzerritarra; denak daude txankletetan, eta zu oinez igo zarela edo, oso giro berezia dago. Azkenean, proiektuarekin masa turismo oraindik handiago bat imajinatzen duzu, hori okertzera doala. Hori da asko penatzen nauena hori guztia ikusten dudanean. Gaur egun berez arazoa badago, atzera egitea zaila da —turismo egokiago bat eraikitzea—, baina proiektu horrek okerrera egingo du, hori da arazoa.

Larhun 2022 xedea aurkeztu zutelarik, nola hartu zenuen berria?
Nik, gainera, egunkarian ikusi nuen. Jadanik nahiko eraikia da goiko dena, kristoren antena eta ez dakit zer; ez duzu imajinatzen oraino gehiago egiteko intentzioa ukaiten ahal dutenik. Nahiko harrigarria da. Txarra.

Larrun Ez Hunki taldea orduan sortu zen?
Proiektuaren berri ukaitean sortu zen. Azkenean, lau herrietakoak batu egin gara proiektuaren inguruan hausnartzeko hasieran eta horren aurka zer egin daitekeen ikusteko. Hori guztia herritik atera behar dela pentsatzen dugu, eta horretan saiatzen gara azkenean.

Hasieratik jendea hurbildu zen?
Bai; egia esan, oso erantzun ona ukan dugu, eta bilkura publikoetan salak bete egin dira, eta oso kontent horrekiko.

Jende desberdina biltzen ote da taldearen barnean?
Bai, lau herrietako jendeak dira, eta egia esan, bai, bada denetarik. Iritzi desberdinekoak ere bai; batzuk arazo ekologikoengatik daude hemen, beste batzuk turismoagatik, beste batzuk tren txikiaren historiagatik… horregatik, oso interesgarria da jende guztiaren iritzia ukaitea; oso polita da. Bilkurak luze egiten dira azkenean, baina oso politak izaten dira oro har.

Proiektu ekonomiko handia izanik, pentsa daiteke oztopatzea zaila izan daitekeela.
Hori da gure galdera ere: nola egin? Ari gara bide batzuk jorratzen eta ikusten zer egiten ahal den. Azkenean, gauza joanen gara momentuan ikusten ere bai; ukanen ditugun erantzunen arabera ikusiko da nola jokatuko den.

Inguruko herriko etxeekin nolako harremana izan duzue?
Berakoarekin oso ongi, hasieratik gure alde egon baitzen. Beste hiru herrietakoekin askoz konplikatuagoa izan da, eta hala da oraindik. Mozioak pasarazi ditugu galdetzeko herriko etxeetako kontseiluetan; ez digute erantzunik eman nahi. Alde daudela bezala hartzen dugu, baina ez digute argiki esan nahi.

Joan den astean agerraldi bat egin zenuten Baionan, mobilizazio bat iragartzeko. Beste urrats bat izanen da?
Bai, hori da. Astelehenean izango da hori. Joanen gara tren txikiko geltokira elkarretaratzea egiteko, erakusteko hor gaudela oraindik, ez dugula utziko. Azkenean, presentziarekin ere asko jokatuko da nire ustez. Erakutsiz hor segitzen dugula, presioa egiteko azkenean. Ea nola erantzuten dioten horri gero; hori izanen da jokoa azkenean.

Departamentuko burua ikustera joan zineten, baina ez zen bertan. Instituzioetako ordezkariak parean ukaiten dituzue bestela?
Maila guztietan antzekoa da. Ez dute argiki esaten, oso orokorra da erantzun hori, ez dira posizionatzen. Halako postuak dituztelarik bereziki.

Gaur beste bilkura publiko bat eginen duzue Urruñan. Informazioa ongi pasatzen ari da?
Nik uste baietz. Egia esan, oso harkorrak izaten ari dira. Herri txiki hauetan —nahiz eta geroz eta gehiago handitzen ari diren— mezua asko doa herritarrez herritar. Publikoan etortzen den batek hitz egingo du beste batekin, eta azkenean informazioa uste dut oso ongi pasatu dela. Batzuetan, herritarrek gaizki hartzen dute herriko etxeek ez argiki posizio bat hartzea, eta nahiko interesgarria da.

Izenpedura bilketak ere erakusten du jendearen atxikimendua.
Guk proiektua orokorrean hartzen dugu, baina beste bat egin zen pasarela xedearen aurka, eta haiek ere 2.000 bat bildu zituzten. Eskuz ere dezente hartu ditugu, Herri Urratsen ere egon ginen, eta bai, bada mugimendua.

Sentitzen duzu posible dela atzera eginaraztea?
Bai, noski! Egin zen Lemoizekin, egin da ez dakit zenbat gauzarekin. Herriak erabakiko du; proiektu hori egiten bada, egingo da gure aldetik zerbait falta izan delako. Badugu zer esana horren aurrean. Ni positiboa naiz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.