Herriko bozetarako hilabete eta erdi eskas dela, gaur irekiko du Pirinio Atlantikoetako prefeturak hautagaitza ofizialak aurkezteko aukera. Otsailaren 26a arteko epea izanen dute tokian-tokian herriko etxeen gidaritza hartzeko lehian parte hartu nahi duten herritarrek. Azken asteetan, hautagaitza bat baino gehiago argitu dira, bereziki Lapurdi kostaldean; barnealdean informazio gutxi dago.
Bozkatze sistema aldaturik, herri txiki batzuetan zerrenda osatzera iritsiko ote diren kezka agertu du batek baino gehiagok. Izan ere, iazko apirilean erabaki zuten mila biztanletik beherako herrietan ere zerrenda osoak eta parekideak aurkeztu beharko zituztela. Horrek erabat aldatuko du bozkatze sistema. Orain arte, hautagaitzak banaka ala taldean aurkeztu zitezkeen, eta posible zen herriko kontseiluan zegoen hautetsi kopurua baino gutxiagoko zerrendak egitea; ez zen derrigorrezkoa gizon eta emakumeen arteko oreka. Horrez gain, bozkatzeko garaian, hautesleak erabaki zezakeen zerrendako izen batzuk eskuz marratzea.
Ikusi gehiago
Gaur-gaurkoz ez da jakinarazi herriren batean zerrendak osatzeko arazorik daukatenik, baina denen ahotan da batzuek zailtasunak badituztela. Otsailaren 26ra iritsita herri batean zerrendarik ez balego, prozedura berezia finkatua du Frantziako Estatuko administrazioak: herriko bozak bertan behera geldituko lirateke herri horretan, eta prefeturak hiruzpalau pertsonako ordezkaritza izendatuko luke eguneroko administrazioa kudeatzeko —hautetsi ohiak, herriaren aitortza izan dezaketen pertsonak edo funtzionarioak izan daitezke—. Hiru hilabetera beste deialdi bat eginen lukete herriko bozak antolatzeko. Arazo bera behin eta berriz errepikatuko balitz, herri hori beste batekin batzeko prozedura abia lezakete. Ikusteko dago halako muturreko egoerarik sortuko ote den Ipar Euskal Herrian.Â
Ipar Euskal Herriko herri eta hiri nagusietan, auzapez kargua atxikitzeko asmoa agertu dute gaur egun boterean direnek. Hala hauteskunde lehian abiatuak dira dagoeneko Jean Rene Etxegarai (Baiona), Claude Olive (Angelu), Maider Arostegi (Miarritze), Emmanuel Alzuri (Bidarte), Jean François Hirigoien (Donibane Lohizune), Eneko Aldana (Ziburu), Filipe Aramendi (Urruña), Kotte Ezenarro (Hendaia), Bernard Elhorga (Senpere), Alain Iriart (Hiriburu), Isabelle Pargade (Hazparne), Christian Deveze (Kanbo), Louis Labadot (Maule) eta Laurent Intxauspe (Donibane Garazi). Batzuetan lehia estua espero bada ere, beste anitzetan oztopo gutxi izanen dute gaur egun diren auzapezek boterean segitzeko.Â
Alderantziz, ez aurkezteko erabakia jakinarazi du azken urteetan oposizioarekin hain harreman gatazkatsua izan duen Marie-Jose Mialocq Arbonako auzapezak. Lapurdin berean Ezpeletan eta Azkainen, eta Nafarroa Beherean Donapaleun ere, auzapez berria izanen dute. Â
Baionako bataila
Gutxienez lau zerrenda izanen dira Lapurdiko hiriburuan, eta baliteke bosgarrena ere aurkeztea. 2020an bezala, zentro-eskuina eta eskuin kontserbadorea bilduta aurkeztuko da Etxegarai auzapeza. Oraindik ez du zerrenda osoa agertu, baina inguruan izanen ditu Sylvie Durruti Baionako LR Errepublikanoetako burua eta Joseba Erremundegi bere delfina.Â
Pascal Lesselier Batasun Nazionaleko kideak eskuin muturreko alderdi anitzetako kideak bildu ditu, baina ez du RNren babesik jaso, besteak beste Eric Zemourren Errekonkista alderdikoak ere batu zaizkiolako. Kanpaina hasiera mugitua izan dute, hainbat antifaxistak aurre egin baitzieten Baionako merkatuan eskuorriak banatzen ari zirela; irina bota zioten Lesellieri burutik behera.Â
Ezkerrari dagokionez, batasunerako esperantzak zapuztu ditu Henri Etxeto PSko kideak, eta hautagaitza autonomo bat iragarri du PSko beste zenbait kiderekin, PCF alderdi komunistakoekin eta alderdietatik kanpo dauden herritarrekin. Salatu du ezkerra batzeko saiakeretan ez dutela «kontuan hartu» eta bere kontrako boikota egin nahi dutela batzuek. Alta, jakina da 2024ko irailetik hasi zirela elkarrizketak PSrekin, eta Etxetoren hurbileko batzuek parte hartu zutela. Jean Claude Iriartek eramanen duen Baiona Mugimenduan ezkerreko batasunak ostiral honetan aurkeztuko du zerrenda osoa.Â
Oraingoz baieztatua ez bada ere, ezkerreko hirugarren zerrenda bat egon liteke hauteskunde lehiarako, Frantzia Intsumisoko Sandra Pereirak zuzendua. Aurrera aterako balitz, eragina izanen du botoen banaketan.Â
Ezkerreko abertzaleak
Ezkerreko abertzaleek inoiz baino herri gehiagotan parte hartuko dute bozetako lehian. Gehienetan, ezkerreko zerrenda zabalak osatzen ari dira, eta anitzetan abertzaleak dira buru. 2020an 21 zerrenda bultzatu zituen EH Baik, eta hamabost herritan lortu zuten ezkerreko auzapez abertzalea jartzea. Martxoko hauteskundeetan kopuru hori gainditu nahiko lukete, Euskal Hirigune Elkargoaren osaketan eragiteko.
Hautagaiengana jo du BATERA plataformak
Herriko bozetako kanpainan leku berezia hartzen ari dira sektore anitzetako mugimenduak, hautagaiek hainbat arlotako engaiamenduak har ditzaten. Ipar Euskal Herriaren instituzio bilakaera bultzatzea xede du Batera plataformak, eta galdetegi bat prestatu du herriz herri, batzuen eta besteen posizioak ezagutzeko. Hautagaiei galdetu die erran dezatela estatutu bereziko lurralde kolektibitate bat sortzearen alde diren ala ez, eta, baiezkoan badira, horren alde egiteko zertarako prest diren. Horrez gain, otsailean hainbat bilkura publiko eginen ditu Ipar Euskal Herrian, Batera-ren dinamika azaldu eta hautagaiekin solastatzeko.Â
Â