Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak euskal presoak «gizarteratzeko» iragarritako plana ez da benetan presoen eskubideak errespetatzeari begirako urrats bat, Herrira mugimenduaren ustez. «Gabeziaz beterik dago eta ez da serioa», salatu dute Amaia Esnal eta Beñat Zarrabeitia Herrira-ko kideek. Iragarritako neurriak «ez dio eskubideen printzipioari erantzuten, giza eskubideen errespetuari ezin baitzaizkio baldintzak jarri». Hala ere, Espainiako Gobernuak iragarritako planak badu alde on bat, mugimenduko kideen begietan: herritarren presioak Espainiako Gobernua jarreraz aldatzera eraman dezakeela frogatu du.
Herrira-ren ustez, «euskal jendartearen gehiengo zabal batek eta nazioarteak» euskal presoen eskubideen inguruko mugimenduak aldarrikatuz egindako eskaeraren ondorioz, erantzun bat eman beharrean ikusi du bere burua Espainako Gobernuak. Horren ondorioa da aurkeztu duen plana. Hala ere, egindako proposamena bera ez da aurrerapausoa Herrira-ren ustez. Atzo bertan, ostirala izanik, ehunka euskal herritar milaka kilometro egitera aterako zirela ohartarazi zuen; «euren bizitzak arriskuan jarriko dituzte bisitak egin ahal izateko».
Gaixotasun larriak dituzten 14 presoen egoerak ere bere horretan dirauela azaldu du. Txus Martin jarri du adibide: «Birritan saiatu da bere buruaz beste egiten, eta eskizofrenia du. Eskubidez eta legez aske behar luke».
197/2006 doktrina indargabetzeko ere eskatu dute Esnalek eta Zarrabeitiak Bizi osorako zigorrik ez! dioen pankarta ondoan dutela, Bilbon, EAEko Auzitegi Nagusiaren aurrean. Ehun bat lagun bildu dira elkarretaratzean. Tartean izan dira LABeko kideak, Ainhoa Etxaide idazkari nagusia buru. Iruñeko eta Gasteizeko epaitegi aurrean ere antzeko elkarretaratzeak egin dituzte.
Herrira-ko kideek Bilbon salatu dute Espainiako Gobernuaren planak ez diela aterabiderik ematen presoei ezartzen zaizkien eskubide urraketei. «Planak ihes egiten dio euskal preso politikoek pairatzen dituzten egoerarik larrienei irtenbidea emateari».
Hortaz, proposamenak ez du esan nahi, mugimenduaren ustez, PPren gobernua bakearen eta konponbidearen alde inplikatzen ari denik, horretarako gutxieneko lehen urratsa giza eskubideak errespetatzea izango litzatekeelako. Hala izan dadin mobilizatzeko deia egin die herritarrei. Maiatzaren 19an egingo den Goazen plazara! ekimenean parte hartzeko eskatu die, besteak beste.
Elkarretaratzeak herririk herri
Hilabete guztietako azken ostiralero legez, ehunka herritar irten ziren kalera, euskal preso eta iheslarien eskubideak aldarrikatzera.
Lasarten 110 lagun batu ziren, eta omenaldia egin zioten asteon hil den Jose Balerdiri. Duela hamar urte semea bisitatzera joanda, istripua izan eta seme bat eta emaztea galdu zituen Balerdik, eta bera oso larri zauritu zen. Arrasaten, berriz, 500 lagun batu ziren, eta Jose Ignazio Gaztañana Gazta preso ohiari ongi etorria eskaini zioten.
Oiartzunen 250 lagun batu ziren, Azpeitian, 166, Aretxabaletan 60, Pasai Donibanen 28, Pasai Antxon 55 , Irunen 166, Getarian 73, Zumaian 74 Hondarribian 87, Getarian 53, Lezon 35, Deban 55, Zarautzen 185,Tolosan 90, Anoetan 27, Ibarran 50, Villabonan 69, Zaldibian 163, Oñatin 80 eta Usurbilen 163. Gasteizen 620 bildu ziren, Agurainen 46, Aramaion 27, Oionen 30,Bastidan 30, Arraia-Maeztun 12 eta Zuian 25. Bilbon 200 lagun, Larrabetzun 114, Basaurin 75, Galdakaon 105, Elorrion 95, Durangon 98, Karrantzan 20, Bakion 40, Markina-Xemeinen 60, Zeberion 29, Arrigorriagan 32, Zaratamon 22, Urdulizen 15 eta Sondikan 10. Etxarri-Aranatzen 81 lagun batu ziren, Leitzan 50, Irurtzunen 30, Lesakan 46, Orotz-Betelun 35 eta Tuteran 43.
Euskal presoak
Herrira-k dio herritarren presioarekin presoen egoera alda daitekeela
Espainiako Gobernuaren plana berez ez dela urrats bat uste du, baina presoen inguruko proposamena aurkezteko premia izan duelaMobilizatzeko eskatu, eta maiatzaren 19an herrietako plazak betetzeko gonbita egin du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu