Hendaian (Lapurdi) «elkar zaintzeak» beste esanahi bat hartuko du. Ondoko hilabeteetan, herriko etxea, Frantziako Estatua eta Polizia eskuz esku ibiliko dira, hiru aldeen arteko partaidetza proiektu baten karietara: «ereduzko herritarrak» hautatuko dituzte, auzoak zaintzeaz arduratu daitezen. Uztailaren 23ko herriko kontseiluan, Frederic Tranchek, espazio publikoaren kudeaketaz arduratzen den axuantak, segurtasunari loturiko esku hartze horren helburuak zerrendatu zituen: biztanleen artean «segurtasunaren kultura» bultzatzea, Frantziako Poliziaren eta biztanleen arteko harremana sendotzea, eta delituak prebenitzeko ekintzak garatzea. Bozka labur baten ondotik, neurriak batzordearen baiezkoa lortu zuen.
«Badakigu auzo batzuk jadanik beren kabuz antolatuak zirela Whatsapp taldeen bidez, lapurreta askoko garaietan. Dinamika horren barnean sortu dugu dispositibo hau. Tresna horrek modua ematen du herritarrek parte har dezaten Polizia Nazionalak eta epaitegiek emandako koadro batean». Tranche axuantak horrela azaldu zuen bilkura publikoan nolatan erabaki duen herriko etxeak neurri hori aurkeztea. Haren iduriko, herritarren parte hartze hori Poliziaren lanaren «osagarri» da, eta Hendaiako komisaria arituko da kudeaketa lanean. Baina axuanta urrunago doa: «Egunerokoan hurbiltasuneko Polizia bat sortzen» laguntzen du neurriak, eta herritarren eta estatuaren arteko elkarlana bultzatu, parte hartzaileek «edozein gertakari susmagarriren berri» emanen baitiote Poliziari.
Geroztik oposizioko hainbat alderdik hitza hartu dute neurri horren kontra, hala abertzaleek nola Hendaiako Frantzia Intsumisoko taldeak. Herriko etxeak ez dio argibiderik eman nahi izan BERRIAri.
Kritikak
Jakin behar da herriko kontseilua prestatzeko prozesuan ohartu zirela delako protokoloa bozkatuko zela, herriko kontseilua baino aste bat lehenago. Bozkatik landa, kritikak piztu ziren berehala. Adibidez, Hendaia Biltzen oposizioko talde abertzaleko Letizia Navarronek aurre egin zien auzapezari eta axuantei: «Zuek horrela ez deitu arren, milizia herritarren modukoak dira. [Erabaki] Horrek agerian uzten du zuen aurreko soluzioek ez dutela emaitza onik eman». Eta gehitu zuen halako erabaki batek autoritateen ardura izan behar lukeela: «Gibeleranzko beste urrats bat da estatuaren ardurari dagokionez».
Zabalago, hautetsi abertzaleak zalantzan ezarri du protokoloaren funtzionamendua: zainketaz arduratuko diren herritarrak boluntarioak izanen dira, eta, desmartxa parte hartzailean hartuak izateko, «edonoiz libre izan» beharko dute, eta haien «ohoragarritasuna» kontuan hartuko da, baina prozesua «oso subjektiboa» dela uste du Navarronek, «nehork ez baitaki» nola ebaluatuko diren ezaugarri horiek. Honela mintzatu da: «Horrelako neurrien bitartez, zenbait zilegi sentituko dira poliziaren rola jokatzeko. Auzoan miatzen hasiko dira, eta, ondorioz, sekulako kalapitak sortuko dira: pribatutasunaren urraketa, bideozaintza informalak...».
«Horrelako neurrien bitartez, zenbait zilegi sentituko dira poliziaren rola jokatzeko. Auzoan miatzen hasiko dira, eta, ondorioz, sekulako kalapitak sortuko dira: pribatutasunaren urraketa, bideozaintza informalak...»
LETIZIA NAVARRON Hendaia Biltzen talde abertzaleko hautetsia
Horrez gain, hautetsi abertzaleak gogora ekarri zuen Irungo (Gipuzkoa) patruilen adibidea. Herriko kontseilua egiten ari ziren tenorean, Irunen arrazakeriaren eta faxismoaren aurkako mobilizazioa iragan zen. Irungo Harrera Sareak elkarretaratzea antolatu zuen San Juan plazan, diskurtso xenofoboak salatzeko, baita Irunen martxan jarritako «auzo patruilak» kondenatzeko ere. Navarronek, deialdi horrekin bat egiteaz gain, argi utzi nahi izan zuen Irungo biztanleriak ez dituela gisa horretako neurriak onartzen, ohartu baitira patruilak abiarazi direnetik jarrera arrazistak «bortitzagoak» eta «asumituagoak» direla. Antxeta Irratiak bideo bat argitaratu zuen, hain zuzen, jarrera eta diskurtso xenofobo horiek argitan ezartzeko, oinarri gisa harturik patruila horietako baten Whatsapp elkarrizketa bateko pantaila argazkiak.
Hendaiako Intsumisoek komunikatu batean adierazi dute hautetsi abertzaleek «ausardiaz» jokatu dutela neurriaren kontra bozkatuta. Agiri berean, 2026ko hauteskundeetarako hautagaia izanen denak, hots, Alain Tranchetek kezka adierazi du —taldeko arduraduna ere bada—: «Neurri larria da. Zorigaitzez, beste garai bateko praktikak gogorarazten ditu: desbideratzeko eta auzoak zaintzen dituen gizarte bilakatzeko arriskua bada».
«Herriko etxeak modan dagoen 'segurtasunaren' norabidea segitzen du, ekintza guziak horrekin justifikaturik. Kamerak ezarri dituzte, Polizia armatu dute, eta, orain, auzoen arteko salaketa sistema bat sortu»
GABI AIZPURUA Hendaiako herritarra
Herritarren artean ere harrabotsa sortu du neurriak. Gabi Aizpuruarentzat, herriko etxeak azken urteetan eraman duen politikaren emaitza da. «Herriko etxeak modan dagoen segurtasunaren norabidea segitzen du, ekintza guziak horrekin justifikaturik. Kamerak ezarri dituzte, Polizia armatu dute, eta, orain, auzoen arteko salaketa sistema bat sortu». Gehitu du herritarren artean «antsietate» eta «mesfidantza» giroa sortuko duela horrek. Gainera, azpimarratu du Hendaian segurtasun arazorik ez dagoela, eta herriko etxea bera ari dela horren sortzen.
Hurrengo hitzordua bilkura publiko bat izanen da: agorrilaren 21ean eginen dute, 18:00etan, Hendaiako Gaztelu aretoan. Gaiari buruzko interesa duten herritarrek herriko etxearekin eztabaidatzen ahalko dute bertan. Egun horretarako, Intsumisoek elkarretaratzera deitu dute, parte hartze herritarrari loturiko neurria eta haren plantan ezartzeko protokoloa gaitzesteko.