Arkaitz Fullaondo. Ikuspegiko ikertzailea

«Herritarren %47 soilik leudeke eroso ijito bat lehendakari balitz»

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek aniztasunaren aurrean oro har jarrera «irekia» dutela esan du Fullaondok. Halere, azpimarratu du diskriminazio handiagoa dagoela erlijioari eta ijitoei dagokienez.

LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
jone arruabarrena
Gasteiz
2023ko apirilaren 05a
00:00
Entzun
Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiko ikertzailea da Arkaitz Fullaondo (Bilbo, 1980). Immigrazioari lotutako gaiak landu ohi ditu behatokiak, baina aniztasunaren beste eremu batzuk ere bildu ditu orain, #Zabaldu txosten monografikoaren bidez.

Aniztasuna, desberdinkeria edo desberdintasuna, eta halako kontzeptuak ageri dira lanean.

Aniztasunaren kontua ikuspegi ezberdin batetik landu nahi genuen: desberdinkeriaren ikuspuntutik. Zergatik? Desberdinkeria horrek problematika sozialak identifikatzea ahalbidetzen digulako, eta askotan gure gizartean gertatzen diren arazoak ez direlako zentratzen bakarrik diskriminazioan, baizik-eta desberdinkeria prozesuetan. Orain arte, desberdinkeria aztertzeko, beti elementu sozioekonomikoetara jo dugu, baina azken urteetan desberdinkeria kontzeptua garatzen hasi da, eta dimentsio berriak agertu dira: LGTBI kolektiboaren egoera, desgaitasunen bat daukaten pertsonen egoera, edo adina.

Zertan bereizten dira diskriminazioa eta desberdinkeria?

Bereizketarekin ere zerikusia daukate. Pertsona bat bereizten dugu bere ezaugarrien arabera, eta bereizketa horrek, desberdinkeria prozesu batean kokatzen denean, diskriminazio bat eta oztopo bat sortzen du.

Pobrezia ere aztertu duzue. Zer harreman dauka aipatutako diskriminazioekin?

Oinarrizko faktore estruktural bat da, bi zentzutan ulertu dezakeguna. Pobrezia pairatzen duten pertsonek aukera gutxiago dituzte gure gizartean, bizi baldintza eskasagoak; horregatik dira beharrezkoak gizarte politikak, hori orekatzeko. Eta, bestalde, pobreziari lotutako estigma dago, aporofobiarekin lotu dezakeguna, eta horrek ere oztopoak sortzen ditu.

EAEn eta Europako Batasunean aniztasunaren pertzepzioa nolakoa den ere alderatu duzue. Zertarako?

Aldaketa konparatiboa egiteak asko laguntzen du hemen egiten ari dena ebaluatu eta neurri sozialak diseinatzeko.

Zer desberdintasun aurkitu dituzue?

EAEn dagoen diskriminazioaren inguruko pertzepzioa beste lurralde batzuetakoa baino txikiagoa da. Horrek esan nahi du diskriminazio txikiagoa dagoela? Ez. Esan nahi du gizarteak horien pertzepzio txikiagoa duela. Desira sartzen da jokoan: erantzun duen pertsonak zer desio daukan. Errealitatea halakoa den edo ez, hori beste gauza bat da.

Arlo ezberdinetan aztertu duzue pertzepzio hori?

Bai. Hezkuntza eremuan, esaterako, jarrera positiboak daude orokorrean: aniztasuna sustatzen dela uste dute herritarrek, eta horren alde daude. Horrek esan nahi du herritarrak prest daudela gure seme-alaben balio sistema horretan aniztasuna jasotzeko, eta hori gakoa da etorkizuneko gizarte kohesionatu eta inklusibo baterako. Lan eremuan, berriz, jendeak uste du ez dela aniztasuna behar bezala sustatzen; baina joera hori ohikoa da Europan ere. Gainera, lan eremuarena garrantzitsua da, hor gertatzen direlako diskriminazio asko, eta horrek egoera sozioekonomiko okerragoa ekartzen duelako.

Zer arlotan da okerragoa diskriminazioaren pertzepzio hori?

Hezkuntza sisteman erlijioa lantzea, esaterako, ez dago ondo ikusita, Europako beste herrialdeekin alderatuta. Inork ez dauka arazorik kristautasunarekin; islamarekin sortzen dira arazo gehiago, eta erlijio horrekin lotutako janzkerekin: hijabarekin, esaterako. Eta hori oso lotuta dago islamofobiarekin eta baita arrazismo puntu batekin ere.

Maila soziala ez ezik, maila pertsonala ere aztertu duzue.

Bai, eta ondorio interesgarriak atera ditugu. Herritarrei galdetzen zaienean aniztasun hori maila pertsonal, familiar edo intimoan nahiko luketen, erantzuna ez da bera. Galdetu diegu zenbateraino egongo liratekeen eroso beren semeak edo alabak ijito bat izango balu bikotekide, edo sexu bereko pertsona bat, edo beste arraza batekoa. Eta galdera horien erantzunetan ez dira atera aniztasunaren aldeko hain emaitza onak.

Etorkinak dira desberdintasuna modu agerikoan jasaten duten kolektiboetako bat. Zer ondorio atera dituzue hori aztertuta?

Kolektibo zaurgarrienetako bat dira. Zergatik? Haien pobrezia eta bizi baldintzen egoerak aldaketa asko izaten dituelako, eta ekonomiaren aldaketek asko eragiten dietelako. Hau da, ekonomiak beherantz egiten duenean, haiek dira lehenak beherakada horren ondorioak jasaten. Ziklo ekonomikoen arabera, haien pobreziak gora edo behera egiten du. Zergatik? Lanposturik zaurgarrienetan lan egiten dutelako, eta baita beren migrazioarekin lotutako prozesuengatik ere: paperak, zenbat denbora daramaten hemen, arrazagatik jasaten duten diskriminazioa...

Arrazagatik diskriminazioa jasaten dute ijitoek ere. Nolakoa da egoera EAEn?

Ijitoek EAEn duten diskriminazioa aztertu duten lehen inkestetako bat izan da gurea. Gutxi landu da diskriminazio hori, eta ikusi dugu gure gizartean jarrera ezkorra dagoela ijitoekiko, eta nahiko arrazistak garela haiekin. Erantzunen %66k diote hemen ijitoak ijito izate hutsagatik diskriminatzen direla, eta segur aski gehiago izango dira. Aldiz, %80k uste dute hezkuntzan ijito herriari buruzko informazioa zabaldu beharko litzatekeela, baina herritarren %47 soilik leudeke eroso ijito bat lehendakari balitz.

Adina, erlijio sinesmenak eta elbarritasuna, esaterako, berriki problematizatu diren diskriminazioak dira. Kontziente gara horiez?

Desgaitasunaren inguruan, adibidez, geroz eta kontzientzia handiagoa dago. Duela urte batzuk, desgaitasuna zeukaten pertsonak erabat baztertuta zeuden, eta gizarteak ez zuen inolako arazorik ikusten desberdintasun horretan. Orain, inklusio politikak geroz eta kontzientzia handiagoa sortzen hasi dira, eta desgaitasunen bat daukaten pertsonak ere beren posizioa erreibindikatzen ari dira, nolabait ahalduntzen. Bestalde, desgaitasuna lantzeko lege batzuk ere sortzen ari dira, eta horrek zerikusia dauka populazioaren zahartze prozesuarekin; desgaitasuna geroz eta handiagoa da adina gorantz doan heinean, eta pertsona nagusien kopurua ere geroz eta handiagoa da.

Adinarekin lotutako diskriminazioa ere ikusarazi duzue.

Bai. Orain arte desgaitasunarekin gertatzen zen bezala, talde txiki bat izan dira, baina gaur egun, EAEn populazioaren %25 dira. Alde batetik, aurreko krisiak adinekoen langabezian ere arrakala bat utzi zuen. Lanik gabe geratzen zara 55 urterekin, eta ea nork kontratatzen zaituen orduan. Bestetik, hor dago arrakala digitala ere; adibidez, bankuetan geroz eta leihatila fisiko gutxiago daude, eta zaharrek ez dakite tramiteak online egiten. Hala ere, hori pixkanaka aldatzen ari da; gaur egun erretiroa hartzen ari diren askok ikasketa maila altuagoak dituzte, eta errazago egokitzen ari dira teknologia berrietara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.