Herritarrek herritarrentzat egindako mozioak

Osoko bilkura herrikoia antolatu dute Bilbon. Zaintza eskubidearen alde lan egiten duten eragileek mozioak aurkeztu dituzte, eta herritarrek erabaki dute horiek onartu edo ez.

Kontraplenoa Bilbon
Jende andana bildu da gaur eguerdian Bilboko osoko bilkura herrikoian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2023ko azaroaren 30a
18:05
Entzun

«Non daude pentsiodunak?». Udaletxearen aurreko partean batu dira hainbat. «Non daude gazteak? Non daude migratuak?». Haiek ere badaude. «Non daude etxeko langileak?». Batzuk etorri dira. Guztiak ez, askok ez baitute grebarako eskubiderik. «Eta garrantzitsuena, non daude feministak? Eta zaintza sistema eraldatu nahi dutenak?». Zarata eta oihuak gailendu dira Bilboko udaletxearen aurrealdean, eguerdian. Greba feminista orokorrean, bilkura parte hartzaile bat antolatu du mugimendu feministak. «Goizean, udaleko osoko bilkurara sartzea lortu dugu; baina guk beste bilkura bat antolatu nahi izan dugu: osoko bilkura feminista herrikoia», azaldu dute Zain eta Tza alkateek. Behin zerrenda pasatuta, hasi da bilkura herrikoia.

Gai zerrendaren hurrengo puntua: azken aktaren onarpena. Zer dago jasota bertan? Tzak laburpen azkarra egin du: «Pribatizazioak, turistifikazioa, azpikontratak, gizarte gaietarako aurrekontu gutxiago...». Tzak ez du jarraitu, jendea txistuka hasi baita. Han bildutako herritarrei bota diete galdera: «Onartuko dugu?». Herritarrek, asko pentsatu gabe, ezetz oihukatu dute. «Ba, ez dugu onartuko; eta kito».

Bilkuraren momenturik «garrantzitsuenera» igaro dira gero. Aldarrikapen batzuk udaletxeko eskaileretara eraman dituzte zaintza eskubidearen alde lan egiten duten eragileek. Lau mozio aurkeztu dituzte, eta herritarrek erabaki dute horiek onartu edo ez.

Koloretxeko kideak aurkeztu du lehenengo mozioa. San Frantzisko, Bilbo Zaharra eta Zabala auzoetako elkarte feminista da Koloretxe. Izan ere, auzoak erdigunera eraman nahi izan dituzte. Talde horretako kide batek egungo hiri eredua kritikatu du: «Auzoetako emakumeen bizi baldintzak ez dira hiri turistiko batekin hobetuko; eredu horrek gure kale batzuetako modernizazio selektiboa sustatu besterik ez du egiten». Horri aurre egiteko, «ekipamendu feminista eta komunitarioa» proposatu du, eta emakumeen etxe bat exijitu.

Aho batez onartu dute mozio hori. «Nork bozkatuko du mozioaren alde?», galdetu dute alkateek. Euritako ugari altxatu dituzte herritarrek; gainerakoek nahiago izan dute oihukatu. Kontrako botoen inguruan galdetu dutenean, isiltasuna. Hurrengo mozioa etxez etxeko laguntzako langile batek eta esku hartze sozialeko beste batek aurkeztu dute, eta hori ere onartu dute.

Zaintza zerbitzuen «publifikazioa»

Begoña Nuñez Larrazabalek salatu du etxez etxeko laguntza «funtsezkoa» dela, eta udalak azpikontratatu egiten duela; Sacyr azpiegitura enpresari zehazki: «Enpresa horrek negozioa egiten du adreiluekin eta pertsonekin». Zerbitzua publifikatzeko eskatu du Nuñezek. Bide beretik mintzatu da esku hartze sozialeko langilea; zerbitzuaren parterik handiena ere «azpikontratatuta» dago. «Erakundeek, sektore horretako langileak zaindu beharrean, minimizatu egiten dute gertatzen dena, eta ez dute neurririk hartzen antsietateagatiko edo depresioagatiko bajak arintzeko», salatu du.

«Orain etorriko direnek oso ondo ezagutzen dituzte eskailera hauek, astelehenero egoten baitira hemen», azaldu dute Zain-ek eta Tzak. Bilboko Pentsiodunen Mugimenduko bi emakumek aurkeztu dute hirugarren mozioa, eta zahartzaro duina aldarrikatu dute: «Zahartzaro duinaz hitz egitea pentsio duina izateaz hitz egitea da». Zahar etxeak kudeaketa publikokoak bihurtzeko exijitu dute, baita 1.080 euroko pentsioak ordaintzeko ere.

Azken mozioa «ikusezinak diren herritarrek» aurkeztu dute: migratzaileek. Atxuri Harrera taldeko kide batek 2022ko azaroaren 21ean Bilboko udalean aurkeztutako mozio «bera» aurkeztu du. Erroldatzeko eskubidea exijitu du, baita etxebizitza duina izateko eskubidea ere. Mozio hori ere onartu dute. «Hau da zaintza erdigunean jartzea», ohartarazi dute Zain-ek eta Tzak. Bilkurak aurrera egin ahala, mozioen mezuak jaso dituzten lau pankarta eskegi dituzte: «Udaletxea apaintzen ari gara; aldarrikapenak ikusgai egon daitezen».

Bilkura amaitu dutenean, grebalariak Atzerritarren Bulegora mugitu dira. Bertan, etxeko langileek euren egoera salatzeko performancea egin dute. Gainerako hiriburuetan ere antolatu dute. Lanean pairatzen dituzten baldintzak eta sexu erasoak salatu dituzte, baita lanak eragiten dien antsietatea eta estresa ere. Greba egin ezin izan duten kideak gogoratu dituzte: «Ez gaude denok: egoiliarrak falta dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.