Herritik atera ahal izango da kirola egiteko

Paseatzeko ezarritako kilometro bateko muga bertan behera utzi du Eusko Jaurlaritzak. Ordutegiek, ordea, berdin jarraituko dute. Tabernetako terrazetan egoteko ez da denbora tarterik egongo.

Jendea kirola egiten, Hernanin. JON URBE / FOKU
Iosu Alberdi.
2020ko maiatzaren 10a
18:17
Entzun

Hego Euskal Herria lehenengo fasean sartu da astelehenarekin, Espainiako Gobernuak hala baimenduta. Madrilek fase berrirako irizpideak ezarri arren, Eusko Jaurlaritzak zenbait murrizketaren berri eman zuen larunbatean: besteak beste, herritik ateratzeko debekua, jarduera sozioekonomiko jakin batzuetarako ez bada. EAEko buletin ofiziala argitaratzearekin batera jarri da indarrean Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako araudi berria. Arauen artean dago kirola egiteko herritik ateratzeko aukera, zeina ez baitzuen aipatu Ekonomiaren Garapenerako sailburu Arantxa Tapiak.

Jaurlaritzak gauerdian argitaratutako dekretuaren arabera, herritarrak «Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurralde historikoen artean mugitu ahal izango dira osasun, lan, lanbide edo enpresa arrazoiengatik; ohiko bizilekura itzultzeko; hezkuntza eta prestakuntza arrazoiengatik; adinekoak, mendekoak, desgaituak edo premia egoeran dauden senitartekoak bisitatzeko, zaintzeko eta artatzeko, bai eta antzeko beste edozein arrazoirengatik ere».

Era berean, herritarrak «bizileku duten udalerriaren mugartearen barruan mugi daitezke, distantzia mugarik gabe». Horrez gain, Jaurlaritzak «ohiko joan-etorriak egiten diren udalerri mugakideen arteko mugikortasuna» baimendu du, jarduera sozioekonomikoak egiteko. Nolanahi ere, gomendatu du ahalik eta gehien mugatzea bizilekua dagoen udalerritik kanpora joatea.

Halere, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrek euren udalerriekin muga egiten duten herrietara joateko aukera izango dute, lasterka, bizikletan edo menditik oinez, betiere bidea euren udalerrian hasten badute.

Aipatutakoa ez da izan joan-etorriei eragin dien aldaketa bakarra. Aurreratutakoaren arabera, paseatzeko ezarrita zegoen kilometro bateko muga indargabetuko da. Gainera, etxe berean bizi diren lagun guztiek batera ateratzeko aukera izango dute.

Paseatzeko eta kirola egiteko ordutegiek berdin jarraituko dute: 06:00etatik 10:00etara eta 20:00etatik 23:00etara helduen kasuan; 10:00etatik 12:00etara eta 19:00etatik 20:00etara mendekotasunen bat dutenentzat eta 70 urtetik gorakoentzat; eta 12:00etatik 19:00etara 14 urtetik beherako haurrentzat. Azken horiek gehienez ordubete izango dute kalean egoteko, orain arte bezala.

Ordutegirik izango ez dutenak jarduera sozioekonomikoak dira. Dendek eta tabernek 06:00etatik 23:00etara irekitzeko baimena izango dute. Bigarrenen kasuan, edozein ordutan izango dute herritarrek terrazetan egoteko aukera, denbora mugarik gabe.

Gimnasio pribatuek ere irekitzeko aukera dute gaurtik. Herritarrak horietara joan ahal izango dira, euren udalerrian edo alboko batean badaude. Gainera, aurrez txanda eskatu beharko dute. Erakunde publikoek kudeatzen dituzten kirol instalazioek, berriz, itxita jarraituko dute.

Kultur jarduerei dagokionez, Eusko Jaurlaritzak adierazi du bigarren fasera arte ez direla baimenduko. Beraz, itxita jarraituko dute liburutegiek, museoek eta jarduera kulturalak eskaintzen dituzten establezimenduek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.