Herritu-ren balioak biltzen dituzten zazpi eragile ohoratu ditu Gure Esku-k

Euskal Herriaren nazio izaera eta erabakitzeko eskubidea defendatzen dituzten txartelak sortu zituen iaz Gure Eskuk, eta gaur zazpi laguni eman dizkie.

Gure Esku-k ekitaldia egin du gaur Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Gure Esku-k ekitaldia egin du gaur Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Iratxe Muxika
2026ko maiatzaren 9a
18:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Herri libre bateko kideek txartel propioa daukate: Herritu txartela. Edo badute hura eskuratzeko aukerarik. Gure Esku-k joan den urte akaberan aurkeztutako dinamika bat da Herritu, zeinak, finean, euskal komunitatea «trinkotzea» duen xede. Euskal Herriaren nazio izaera eta erabakitzeko eskubidea defendatzen dituzten txartelak sortu zituen, norbanakoek helburu horiek bere egin ditzaten; Durangoko Azokan jarri zituzten martxan. Bada, Herritu txartelaren bidean bertze urrats bat egin du gaur Gure Esku-k, Gasteizen egindako ekitaldi batean: omenaldia egin die Herritu-ren balioak biltzen dituzten Gasteizko zazpi norbanakori eta kolektibori, eta euskal herritartasuna adierazteko karpeta bana eman.

Honako hauek izan dira, hurrenez hurren, Gure Esku-k ohoratu dituenak: Iñaki Kerejazu (Zeledon), Ruben Santxez militante euskaltzale eta sortzailea, Amparo Lasheras kazetari eta idazlea, Andoni Txasko Martxoak 3 elkarteko kidea, Leire Garai pilotaria, Etxerat elkartea eta Gasteiz Anitza kolektiboa. Itziar Gauna Gure Esku-ko kideak eskerrak eman dizkie denei «egindako lanagatik eta harturiko konpromisoagatik».

Gaunak esplikatu duenez, «ziurgabetasun» egoera betean dago Euskal Herria, eta «mehatxupean» daude nola estaturik gabeko nazio txikiak, hala hizkuntza gutxituen eskubideak. Eragileei banatutako karpeta horrek hiru elementu ditu barnean: fisikoak dira bi, eta sinbolikoa hirugarrena. Herritu txartel fisikoa eta Euskal Herriko armarria duen pin bat, batetik, eta, bertzetik, sinbolikoki, oinarri batzuekiko konpromisoa berrestea. Hala kontatu du Gaunak: «Euskal Herria da euskal herritarron nazioa; nazio horrek zazpi lurralde ditu, eta euskara du berezko hizkuntza. Horrez gain, herritar guztien eskubide guztiak bermatu behar dira Euskal Herrian zein hemendik kanpo, eta burujabetza tresnak behar ditugu datozkigun erronkei heltzeko».

Gasteizko hiru lekutan eskuratu daiteke Herritu-ren karpeta, Gaunak gogoratu duenez: Txapelarri tabernan, Argi dendan eta Steilas sindikatuaren egoitzan. Gaunak iragarri du, gainera, Euskal Herrian herritoki gehiago jarriko dituztela. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA