Hezi+ proiektuaren inguruko negoziazioa eskatu dute Steilasek, LABek eta CCOOk

Ebazpenaren inguruko bilera egiteko eguna lehenbailehen ezartzeko eskaera egin diote Hezkuntza Sailari, negozazioaren bidez aurrera egiteko bidea hori delakoan.

Hezi+ programaren harira, sindikatuek protesta egin dute gaur Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Hezi+ programaren harira, sindikatuek protesta egin dute gaur Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
arantxa iraola
2026ko urtarrilaren 30a
14:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hedatze deituriko programaren ordez beste bat jarri nahi du martxan orain Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak: Hezi+ izena jarri dio. Bigarren hezkuntzako zentroen jarduna osatzeko helburua du, aurrekoaren gisan. Baina aldaketa egiteko moduarekin kexu dira sindikatuak, eta gaur kalera atera dira Steilas, LAB eta CCOO, protestan. «Sindikatuok gure kezka eta erabateko desadostasuna adierazi nahi dugu Hezi+ proiektuaren planteamendu berriek dakartzaten ondorioengatik, bai ikuspegi pedagogikotik, bai antolakuntzatik, eta bereziki irakasleen lan baldintzetan izango duten eraginagatik». Bilbon egin dute protesta, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren parean, eta pankarta bat zabaldu dute Hezi+ Horrela ez! Akordioa bete! leloekin.

Lan baldintzei dagokienez, esan dute aldaketaren ondorioz irakasleen lan zama handitu egingo dela. «Bigarren Hezkuntzan, gehienezko hamazazpi eskola orduei ordubete gehitzeko atea irekitzen du», ohartarazi dute langileen ordezkariek. «Ikasleei eskaintzen zaizkien baliabide gehigarriak ezin dira langileen lan baldintzak urratuz ezarri».

Auziaz mintzatzeko Hezkuntza Sailarekin bilerak egiteko ahaleginak alferrikakoak izan direla ere salatu dute. Eta berriz egin diote elkarrekin mintzatzeko deia. Lehenbailehen egin behar dela esan diote. «Berriz ere xantaia logikak eta inposizio jarrerak albo batera uzteko eta Hezi+ ebazpenaren inguruko negoziazio prozesua irekitzeko eskatzen diogu, proiektuaren edukiak, helburuak eta baldintzak sindikatuekin adostu ahal izateko». 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.