Denborak estutu du prozesua. Batetik, administrazioaren jardunak: urtarrila, datorren ikasturtea antolatzen hasteko garaia du Jaurlaritzak, eta zehaztuta eduki behar ditu edukiak —liburu berriak egiteko modua izango den oso zalantzakoa da, nolanahi ere—. Bestetik, LOMCEren prozesuak: legea ezartzeko egutegia aurrera doa, eta datorren ikasturtean beste pauso bat emango du, irakastaldi guztietara iritsiko baita —Lehen Hezkuntzan soilik ari dira orain—.
Apustu bat egin du Uriartek: Heziberri planarekin lotzea curriculum dekretuak, eta eragileekin adosten saiatzea. Legearen aldetik, ez zuen beharrik: Jaurlaritzaren gobernu kontseiluak onartzea aski da, dekretuak direnez. Aurreko aldi gehienetan hori egin du Jaurlaritzak —Nafarroako Gobernuak ere hori egin du aurten—.
Elkarrizketa mahai hori zabaltzeak batasun argazki baten buru agertzeko modua jarri dio Uriarteri; LOMCEren kontrako jarrera berresteko irudia izan da. Orain, ikusteko dago eragileak aurka altxatzeak nolako kostu politikoa ekarriko dion sailburuari, eta Heziberri ahulduko ote duen —hain zuzen ere, hezkuntza lege berria prestatzen hastekoak dira aurki—.
ZERTAN DA HEZIBERRI?
Hiru pauso zehaztu zituen Jaurlaritzak: eredu pedagogikoa adostea, curriculum dekretuak prestatzea eta hezkuntza legerako bidea hastea. Aparteko gorabeherarik ez zuten izan eredua adosteko: hezkuntza eleaniztuna izatea euskara ardatz dela, Euskal Herria aintzat hartzea «hizkuntza eta kultur agregatu» gisa... Oinarrizko marko teorikoa, azkenean.Eragile guztiak bat zetozen, nolanahi ere, bigarren urratsa izango zela giltzarria. Orduan argituko zela Heziberri planak zenbateko indarra duen eta Jaurlaritzak LOMCErekin zer egin asmo duen.
NONDIK JO DUTE DEKRETUEK?
Erdibidearen alde egin du Uriartek: LOMCEren egiturak eta edukiak ardatz dira curriculumean, eta euskal ikuspegia txertatu die horiei. Formula: Espainiako Gobernuak prestatutako eduki zerrenda ageri da —hitzez hitz, kasu batzuetan—, eta horri gehitu diote eduki horiek bertako ikuspegitik ere aztertu beharra. Madrilek jarritako betebeharrari erantzun dio hala Jaurlaritzak: Espainiak jarritako edukiak nahitaez eman behar dira; proba orokortuen bidez kontrolatuko dute hori. Erkidegoek edukiak garatu ditzakete.Salbuespen batzuk egin dituzte, hala ere. Kutsu politiko handiko edukiak badira Madrilen curriculumean —armadari gorazarre; ikasleek Espainiako ereserkia, bandera eta armarria ezagutzea...—, eta horiek kendu egin ditu Uriarteren sailak. Aukera handiagoa zuen horretarako: Balio Sozial eta Zibikoak ikasgaian daude halako eduki asko —Erlijioaren ordezkoa da—, eta amaierako azterketa orokortuan ez dituzte sartuko; Madrilen kontrola ez da horrenbestekoa izango, beraz.
Beste kontzeptu batek ere maiz jarri du zeresana curriculumetan: Euskal Herria kontzeptua ageri da Uriarteren proposamenean—baita gaztelaniazko bertsioetan ere—, baina betiere hizkuntzari eta kulturari lotuta. Zirriborro batzuetan agertu zen egitura politiko gisa ere, baina azkenekoan, ez.
ZERGATIK KRITIKATU DUTE?
Uriarteren curriculum dekretuak LOMCE ezartzeko bidea direla salatu dute eragile gehienek. Izatez, Kristau Eskolak bakarrik babestu du proposamena jendaurrean. Intsumisioaren bidea erabat baztertua du EAJren gobernuak —askotan berretsi du ez duela ezbaian jarriko ikasleen segurtasun juridikoa—, eta espero izatekoa zen LOMCE beteko zuela atal esanguratsuenetan. Eragileen esanetan, baina, gehiegi atxiki zaio erreformari; behar ez zen zatietan ere bai.DEKRETURIK EZEAN, ZER?
Denbora irabaztea izan da Jaurlaritzaren estrategia orain arte. Alegia, argudiatu du berandu aritu dela ministerioa, eta astirik ez duela utzi LOMCE ikasgeletan ezartzeko. Hori egin du aurtengo ikasturtean. Egia da gutxieneko aldaketak ezarri dituela —erlijioaren ordezkoa, hirugarren mailako azterketa...—, baina zeharkako formulak erabili ditu eragina txikitzeko —Ingurunea ikasgaia bitan zatitzeko erabakiari, adibidez, izkin egin dio: ikasgai bat izango da, baina bi nota jarriko dituzte—.Denbora faltaren argudioak ez du balio jada. Are, datorren urtean amaierako azterketak jartzen hasiko da Madril —aurten 10 urtekoei egingo diete, Jaurlaritzak jarrita, baina datorren urtean Espainiak jarriko die 12 urtekoei—, eta edukiak zehaztuta eduki behar dira. Eragile batzuek Heziberriko curriculum dekretuak atzera botatzeko eskatu dute, baina beste batzuek diote kaltea litzatekeela hori, zuzenean Espainiako dekretuak sartuko liratekeelako. Argi adierazia du ministerioak: erkidegoek ez badute astirik, aukera dute Espainiako Gobernuak eginiko curriculuma erabiltzeko.
ILDO BEREAN ARI DIRA?
Sakoneko desadostasunak daude LOMCEren aurrean nola jokatu. Intsumisioaren ildoa proposatu dute batzuek; aztertzen ari dira horrek lege aldetik zer eragin lukeen. Bide horrek zalantza sortu du beste eragile batzuen artean, ordea: ikasleen segurtasuna arriskuan jar litekeen, kezka daukate.Jaurlaritzak erabat baztertu du ez ezartzeko bidea. Legealdi hasieran beste erkidego batzuetako ordezkariekin aritu zen Uriarte—tartean Katalunia zegoen—; bat eginda jarraitzen dute gainerakoek LOMCE erretiratzeko eskatzen, baina Jaurlaritza ez da haiekin ari —joan den astean, ez zen izan agerraldi bateratuan—. Espainiako Auzitegi Konstituzionalean jarria du salaketa erreformaren kontra.