Psikomotrizista eta pedagogoa

Alvaro Beñaran: «Hezkuntza arloan, balioez ari dira etengabe, baina lehia bultzatzen dute benetan»

Hik Hasik jardunaldi batzuk egin ditu azaroaren hasieran, Bilbon eta Donostian, 'Ni aitortzetik, gu izatera' lelopean. Beñaranen arabera, «guztien ardura» da haurrei balioak irakastea.

Alvaro Beñaran psikomotrizista eta pedagogoa. FOKU
Alvaro Beñaran psikomotrizista eta pedagogoa. FOKU
14789412 kepa
2026ko azaroaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Haurrak komunitatean hazteko gakoei buruz hausnartu: hori izan zen Hik Hasik azaroaren hasieran egindako jardunaldien helburua. Alvaro Beñaran psikomotrizista eta pedagogoak ere (Donostia, 1957) parte hartu zuen jardunaldietan. Hark funtsezkotzat jotzen du indibidualismoa eta lehia alde batera uztea, gatazkak gainditu eta elkarbizitza sustatu ahal izateko. Baina, Beñaranen ustez, lehenik eta behin helduek bereganatu behar dituzte balio horiek, gero seme-alabei irakats diezazkieten. Eskolak ere badu zeresana lan horretan.

Ni aitortzetik, gu izatera lelopean egin ditu jardunaldiak Hik Hasik. Zer esan nahi du lelo horrek?

Indibidualismoaren nagusitasuna da Mendebaldeko gizartearen ezaugarri nagusietako bat. Pandemiak areagotu egin zuen joera hori, eta, ordutik hona, mehatxatuago sentitzen gara besteen iritzien aurrean. Haurrek, ordea, komunitatearen beharra dute garatzeko, helduek bezalaxe. Ni-tik gu-rako jauzia egin behar dute.

Eskolak ere badu zeresana lan horretan?

Haurrak subjektu komunitarioak izan daitezen, helduek ere hala izan behar dute, baita testuinguruak ere. Guztion ardura da; eskolarena ere bada. Baina helduon arteko harremanak gatazkatsuak izan daitezke, eta irakasleen, familien eta ikasleen artean ere tentsioak sortzen dira. Zaila izaten da gatazka horiek bideratzea: baliabideak falta zaizkigu.

«Eskolan ere harremanak egituratu behar dira. Saiatu behar dugu onartzen elkarren oso desberdinak garela, eta, gainera, elkarrekin bizi behar dugula»

Nola bidera daitezke gatazka horiek?

Oraintxe, hezkuntzan, asko lantzen ari dira haurren autonomia, eta lortzea ekimena eta kuriositatea izan dezaten. Garrantzitsua da haien garapen pertsonala erdigunean jartzea, inolako inposiziorik gabe. Pedagogia ez-zuzendua deritzo horri. Baina, nola edo hala, ematen du alde batera gelditu direla hezitzaileak: haurrak dira errege-erreginak, eta ematen du irakasleak oztopo bat direla.

Orain dugun erronka nagusia da helduen arteko harremanak sendotzea: bai irakasleen artekoak, eta baita hezitzaileen eta familien artekoak ere. Helduen artean balio sozialak eta komunitarioak sustatu behar ditugu, haiek haurrei irakats diezazkieten gero.

Nola landu daiteke hori?

Ikastetxe askotan ari dira jada proiektu pedagogikoak lantzen eta formakuntza saioak egiten, eta saiatzen ari dira ados jartzen, sor daitezkeen gatazkak konpontzeko. Beharrezkoa da oinarriak jartzea elkarrizketa eta hausnarketa sustatzeko; maila emozionaletik aldentzea, alegia. Izan ere, ez du ezertan laguntzen bakoitzak egia osoa duela pentsatzeak. Hausnartzeko oinarri sendo batzuk jarrita, askoz errazagoa izango da adostasun jakin batera iristea, eta gatazka alde batera uztea. «Zer gertatzen ari da gure eskolan?», «zer egin dezakegu oinarrizko adostasunak lortzeko eta gure arteko harremanak sendotzeko?». Horiek izan behar dute hausnarketarako ardatzak.

Gizartearen isla izan behar du eskolak?

Generoa, elikatzeko ohiturak... Saiatu behar dugu onartzen bizi garen gizartea plurala dela, elkarren oso desberdinak garela, eta, gainera, elkarrekin bizi behar dugula. Eskolan ere harremanak egituratu behar dira, eta, bide batez, familiei azaldu ze pedagogia erabiltzen den, haien haurrekin zer egiten den jakin dezaten: besteak beste, helburuak zeintzuk diren, nola lantzen diren, eta familiek nola parte har dezaketen. Egituraketa hori da sortu nahi dugun komunitatearen oinarria. Hezitzaileak, gurasoak, haurrak... Guztiak gara komunitate horretako kideak. Beraz, baliabideak jar ditzagun, guztion arteko harremanak errazteko.

«Eraiki nahi dugun komunitate horretan, guztiok izan behar dugu lekua. Beraz, ez da nahikoa haur bati 'ze ona zaren' esatea, munduaren jabe dela pentsatuko baitu azkenean»

Indibidualismoa alde batera utzi behar da?

Ondo dago haurren autonomia, gaitasunak eta ekimena lantzea, baina beti elkarbizitzarako balioak ere irakatsiz. Eraiki nahi dugun komunitate horretan, guztiok izan behar dugu lekua. Beraz, ez da nahikoa haur bati «ze ona zaren» esatea, munduaren jabe dela pentsatuko baitu azkenean. Nik zera esan ohi dut: «Bere buruaren jabe izan behar dute, baina ez munduaren jabe».

Lehiakortasuna ere mugatu behar da?

Hezkuntzan eta oro har gizartean, lehentasuna ematen zaio onena izateari; baina horrek trabak baino ez ditu jartzen elkarbizitza sustatzeko. PISA txostenaz asko hitz egin da azkenaldian: zenbait arlotan [zientzietan, matematikan eta irakurketan] ikasleek zer gaitasun duten neurtzen du, eta herrialdeen arteko sailkapen bat osatu: hau da onena, hau txarrena... Ondo egiten ari ez garena identifikatzeko balio beharko lukete horrelako txostenek, eta baliabideak jartzeko, hori hobetzen saiatzeko.

Berdin du handia ala txikia izan, indartsua ala ahula, edo genero batekoa edo bestekoa. Berdin du bakoitzak azala zer koloretakoa izan. Ez gara hobeagoak ala txarragoak. Gakoa da asmatzea bakoitzak zer egin dezakeen guztiok gure lekua aurki dezagun, komunitate horretan. Horiek dira transmititu behar ditugun balioak.

«Ondo egiten ari ez garena identifikatzeko balio beharko lukete PISA bezalako txostenek, eta baliabideak jartzeko, hori hobetzen saiatzeko»

Hau guztia nola eraman daiteke praktikara?

Badaude lehiakortasuna alde batera utzi duten hezkuntza zentroak: denen artean saiatzen ari dira balio amankomun horiek sustatzen. Hezitzaileek abian jarritako proiektu horiek lasaitasun handia ematen diete familiei, eta parte hartzeko bideak errazten dituzte. Haurrei ze balio irakatsiko zaizkien ez jakiteak, ordea, ezinegona sortzen du familiengan. Azken horrek eragiten ditu aita-amen kritikak, eta gatazkak sortzen ditu.

Administrazio publikoek ere bide hori jorratu beharko lukete?

Gauza bat da zer esaten duten, eta oso beste bat zer egiten duten. Hezkuntza arloan, balioak eta elkarbizitza bultzatzeaz ari dira etengabe, baina lehiakortasuna bultzatzen dute benetan. Gezurretan ari dira. Gero eta nabariagoa da hezkuntza urratsetan gora egin ahala. Gainera, ezin da ahaztu onena izatea dela bizi garen gizarte neoliberalaren oinarria: onena izatea, beste guztiei nagusituz. Ez dute zalantzan jartzen hori. Balio neoliberalak ez datoz bat subjektu komunitarioa eraikitzearekin.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA