Hezkuntzako eredu eleaniztunaren aurka egitea eta euskarazko murgiltze eredua indartzeko eskatzea. Bi xede horiekin, Euskaltzaleen Foroak deituta, protesta egin dute gaur goizean Eusko Jaurlaritzaren atarian, Gasteizen; Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntzako sindikatu nagusiek, Steilasek, LABek eta ELAk, bat egin dute elkarretaratzearekin.
Azaldu dutenez, Nafarroan gero eta ikastetxe gehiago ari dira ateratzen PAI ingelesez ikasteko programatik. Martxoan Nafarroako Gobernuak programa uzteko baimena eman zien lau zentrori: Sarrigurengo Joakin Lizarraga eskola osoak utziko du albora, eta Tafallako Marques de la Real Defensa, Erriberriko Principe de Viana eta Iruñeko Buztintxuri zentroetan D ereduan ari diren lerroek ere utziko dute. «Argi Ikusi da kaltegarria izaten ari dela bai euskara ikasteko bai ingelesez emandako ikasgaien edukiez jabetzeko». Gainera, nabarmendu dute bide horixe bera jorratzearen alde daudela alderdi politikoak eta eragile euskaltzaleak: «Argi salatzen dute PAIren bidez Nafarroako Gobernuak irakaskuntza orduak kentzen dizkiola euskarari, foru gobernuak euskararen aurka jotzeko erabiltzen duela PAI».
Alta, salatu dutenez, alderdi eta eragile horietako askok «guztiz bestelako jarrera» dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: «Ontzat eman dute edukiak euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez ematen dituen eredua. Nafarroan euskarari kalte egiten dionak, EAEn ez omen dio kalte egiten». Nabarmendu dute eskolak bakarrik ezin duela gizartea euskaldundu. «Are gutxiago euskaldunduko du, euskarari ikastorduak kentzen bazaizkio».