Hezkuntza publikoko sindikatuek negoziaziorako gaiak helarazi dizkiote Hezkuntza Departamentuari

Steilas, ANPE, Afapna, LAB, CCOO eta UGTko ordezkariek adierazi dute Nafarroako Hezkuntza kontseilariarekin egindako lehen bileran jarrera ona igarri zutela «planteatutako gaiei» heltzeko; horren araberako erantzuna nahi dute orain.

(ID_17068728475395) Hezkuntza publikoko sindikatuen agerraldia Iruñean, negoziazioa
Hezkuntza publikoko sindikatuek antolatutako agerraldia, gaur, Iruñean. BERRIA
arantxa iraola
2024ko otsailaren 2a
13:00
Entzun

Agerraldia egin dute gaur Iruñean Steilas, ANPE, Afapna, LAB, CCOO eta UGT sindikatuetan hezkuntza publikoko langileen eskeak bideratzen ari diren eledunek. Gogoratu dute Nafarroako Hezkuntza Departamentuari bilera bat eskatu ziotela abenduaren 20an, eta eskea egin ziotela hezkuntza publikoko irakasleentzat kezkarako motibo diren planteamenduei modu «monografikoan» erantzuteko. Esan dute bilera hori hil honen 22an egin zela azkenean, eta Hezkuntza kontseilaria «prest» azaldu zela sindikatuek planteatutako gaiei heltzeko. Horiek horrela, eske horien gaineko negoziazioetan aurrera egite aldera, landu nahi dituzten gaien inguruan ados jarri dira sindikatuak, eta Hezkuntza Departamenduari helarazi dizkiote gai horiek, «negoziazioari hasiera emateko» eskatuta.

Kexua azaldu dute sindikatuek hastapeneko bilera hori nahi baino beranduago egin zelako. Izan ere, urtarrilaren 19an Nafarroako Parlamentuan aurkeztu zen Nafarroako aurrekontu orokorren proiektua, eta sindikatuen susmoa da era horretan saihestu nahi izan zela aurrekontu horietan heldu den ikasturtera begira «aurrekontu diru-sailak sartzea» irakasleen egoera eta hezkuntzaren kalitatea hobetzeko. «Maniobra atzeratzailea?», galdetu dute.

Sindikatuek gogora ekarri dute egoera «oso konplexuan» dagoela hezkuntza arloa, eta horregatik direla ezinbestekoak hainbat «hobekuntza» eskola publikoetako irakasleen jarduna hobetzeko.

Lehen eskakizuna «ratioen murrizketa lineala» da. Nabarmendu dute «eztabaidaezina» dela horrek eragin positiboa duela hezkuntzaren kalitatean. Maila eta etapa guztietan batera egin ezin denez, «modu mailakatuan» egiteko prest daude sindikatuak. «Hala adierazi genion kontseilariari bileran». Esan dute kontseilariak azaldu zuela «hezkuntza premia espezifikoak» dituzten ikasleen taldeetan ere ratioek txikiagoak izan behar dutela, eta horren kontra ez dute egingo: «Bi murrizketak, murrizketa lineala eta hezkuntza premiei lotutako murrizketa, bateragarriak dira, eta beste gastu mota batzuk aurreztea ekarriko luke, hala nola egingo ratioei lotutako kalitate eta errendimendu txikienetik eratorritakoak».

Ordainsariak

Irakasleen egoera hobetzeko beste eske bat horra: «Ordainsariak hobetzea». Hor ere jarrera malgua izango dutela azaldu dute: «Hori ere mailaka lortzeko prest gaude». Sindikatuen arabera, Hezkuntza Departamentuak berak onartu du irakasleen erosteko ahalmena gutxienez %15 apaldu dela. Datu horren bueltan ipini nahi dute negoziaziorako abiaburua: «Galdutakoarekin bat datorren errekuperazio bat proposatuko dugu». Datozen hiru urteetan egiteko litzateke, eta, sindikatuen aburuz, egingarria da: «Ziur gaude, departamentuak berak gure ordainsarietan murrizketa handia egin duela onartu ondoren, datozen hiru urteetan bidea aurkituko dugula hori berreskuratzeko».

Eskakizunak dituzte «lan gainkargari eta gehiegizko lan burokratikoei» lotuta ere. Aditzera eman dutenez, Hezkuntza Departamentuak bere gain hartu du gai horrekin lotuta lantalde bat sortzeko «konpromisoa», eta zereginak eta ordutegiak «arrazionalizatzeko» bide zehatzak aztertzea izango da lantalde horren helburua. Horiek horrela, alor horretan ere «mailaka» negoziatzeko prest daudela adierazi dute sindikatuek, baina ezinbestean nahi dutela heldu den ikasturtean neurri batzuk hartzen hastea: «Ez dugu amore emango».

Neurriak nahi dituzte, era berean, eskoletako «komunikazio hizkuntzetan» gaitasuna indartze aldera. Gaitasun urriko ikasleak gero eta gehiago dira, atzerritik-eta heldutakoak asko, eta horrek ikasgeletan sortzen dituen «premiei» erreparatu behar zaie, kalitatezko hezkuntza bermatze aldera.

Egonkortasuna

Sindikatuek esan dute datuak eskatu dituztela langileen egonkortasuna handitze aldera zer egin daitekeen aztertzeko, eta lan eskaintza publikoek eta lekualdatzeko lehiaketek zer kopuru izan behar dituzten ebaluatzeko.

Nabarmendu dituzten horiez gain hobetzeko eremu gehiago ere badirela adierazi dute, eta negoziazioak lehenbailehen hastea nahi dutela. «Espero dugu, agindu zuen bezala, Hezkuntza kontseilariak berehala deituko gaituela, ikasturte hau amaitu baino lehen akordioak lortzeko aukera emango digun elkarrizketa bat hasteko, eta horiek, serioak eta errealistak izan nahian, legegintzaldi honetan zehar gauzatzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.