Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformako kideak

Manu Martinez eta Maribel Lopez de Luzuriaga: «Hezkuntza Sailaren bidea ez da egokia; jar dezatela eskola publikoa merezi duen lekuan»

«Kalera jo besterik ezin dugu egin». Argi mintzo da Euskal Eskola Publikoaz Harro plataforma. Bihar Bilbora joateko deia egin dute, segregazioari aurre egiteko bereziki.

ENDIKA PORTILLO / FOKU
ENDIKA PORTILLO / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
Gasteiz
2025eko azaroaren 28a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal Eskola Publikoaz Harrok urteak daramatza sare publikoari lehentasuna emateko eskatzen, eta manifestazioa egingo dute bihar Bilbon. Aldarri nagusi bat izango dute: Segregazioaren aurrean, publikoa da bidea leloaren bueltan batu nahi dituzte herritarrak, 17:30ean, Bilboko Kale Nagusian. Plataformako kideak dira Maribel Lopez de Luzuriaga eta Manu Martinez.

Zer behar ikusten duzue Bilboko kaleak hartzeko? 

Maribel Lopez de Luzuriaga: Adierazi nahi dugu Hezkuntza Sailaren bidea ez dela egokia, eta eskatu nahi dugu jar dezatela eskola publikoa merezi duen lekuan. Gure iritzia eta haserrea adierazteko modu bat da, Hezkuntza Sailaren alferrikako eta fruiturik gabeko bide orriei kritika egiteko modu bat. Ez digute entzuten, ez dute gure ahotsa kontuan hartzen; kalera jo besterik ezin dugu egin. Sistema duala da desorekaren arrazoi nagusia, eta sistema duala elikatzen eta dirua bi sareetara banatzen ari dira. Instituzio publikoek zerbitzu publikoak defendatu behar dituzte, eta herri honetan guztiz kontrakoa gertatzen ari da.

Manu Martinez: Segregazioaren arazoa —gure sistemak duen larriena— konpontzeko bide bakarra publikoari lehentasuna ematea da. Beraz, hau esan nahi diogu gobernuari: eman lehentasuna publikoari, egin planifikazioa sare publikotik abiatuta, eta animatu ahalik eta familia gehien eskola publikora joatera.

«Sistema duala da desorekaren arrazoi nagusia, eta sistema duala elikatzen eta dirua bi sareetara banatzen ari dira»

MARIBEL LOPEZ DE LUZURIAGA Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformako kidea
Eskola publikorako baliabideak eskatu izan dituzue. Zein dira lehentasunak? 

Martinez: Eskola publikoa ari da lanik handiena egiten, bai inklusioan, bai euskalduntzean. Euskara integrazio tresna bat da. Eman diezaiegun ume guztiei euskara; bestela, diskriminatzen ari gara. Ezin ditugu konparatu eskola publikoak egiten duen lana eta itunpekoak egiten duena. Beraz, baliabide gehiago behar dira: langile gehiago, baliabide ekonomiko gehiago eta azpiegituretarako inbertsio handiagoa. 

Segregazioaren aurrean, publikoa da bidea leloa aukeratu duzue. 

Lopez de Luzuriaga: Bai, segregatutako ikastetxeen egoera oso larria da eta. Orain, Hezkuntza Sailaren politiken ondorioz, ikasle zaurgarriak bideratzen ari dira itunpeko sarera. Lehen ikasle zaurgarririk nahi ez zuten ikastetxeetara bidaltzeaz gain, familia horien borondatearen kontra jokatzen ari dira. Bueltan etortzen zaizkigu eskola publikora, laguntza bila. Esaten dute: «Eskola horretan uniformea eskatu didate, jantokia ezin dut ordaindu...».  Gainera, beharrezkoa ez den eskaintza ez da diru publikoz hornitu behar: diru publikoa eskola publikorako jarri behar da, eta umeak ikastetxe publikoetan matrikulatu daitezen sustatu. Gasteizko Udalean egon gara, eta eskatu dugu matrikulazio garaian eskola publikoaren aldeko kanpaina bat egiteko. Bada, ezezkoa atera da. Are gehiago: PSE-EEk eta EAJk osoko zuzenketa jarri zioten gure mozioari.  

Martinez: Planifikazioa bera ere arlo pribatuaren mesedetan egiten da. Hezkuntza ekinaldi guztiak ituntzen dira, baita beharrezkoak ez direnak eta elitistenak ere. Zenbaitetan, gehiegizko eskaintza ere badago. Herri batean laurogei ume jaiotzen badira eta publikoan 50 sartzen badira, 50 sartu beharko lirateke publikoan. Ez da horrela egiten: modua egiten da itunpekoak aukera izan dezan ume denak hartzeko moduko eskaintza egiteko. Hirugarren kontua: pobre guztiak eskola publikoan daudenez, banatuko ditugu, eta horrela pobreak bereiziko ditugu. Banaketa hori estigmatizatuta dago guztiz, eta, beraz, urtebeteren buruan, familiek mesedez eskatzen dute umeak ezarritako ikastetxe horretatik ateratzeko.

Martxan dago eskola segregazioaren kontrako mahaia. Jaurlaritza nahikoa egiten ari da segregazioaren kontra?

Lopez de Luzuriaga: Ez, ez. Bere burua zuritzen ari da. Segregazioa badagoela onartu badute, plataformek egin dugun presioagatik eta lanagatik onartu dute. Orain, ematen du gai hau berria dela. Mahaian Begoña Pedrosak [Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua] esaten du: «Orain, erronka berri bat daukagu». Barkatu? Eskola publikoetan hogei urte daramatzagu erronka honi aurre egiten. Zer gertatzen da orain? Jaiotze tasa behera doa, eta ikastetxe batzuek kolokan ikusten dute beren iraupen ekonomikoa. Gainera, mahaian eskola publikoko pertsonen ehunekoa oso apala da. 

Martinez: Itxurakeria ariketa bat da, eta ez du ezer konponduko. Eztabaida ere oso mugatuta da: txosten bat eman dute, eta horretaz hitz egin behar da. Diagnostiko bat dago, baina ez dugu bat egiten harekin: partziala da, eta izugarrizko azterketa egiten du justifikatzeko gobernuak hartu dituen neurriak balekoak direla. 

«[Eskola segregazioaren kontrako ituna lortzeko mahaia] itxurakeria ariketa bat da, eta ez du ezer konponduko»

MANU MARTINEZ Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformako kidea
Leku berezia da hau, Gasteizen bat egitear dauden eskoletako bat da eta. Zer iritzi duzue bat egiteez?

Lopez de Luzuriaga: Ez dugu ontzat ematen ikastetxeak ixtea, eta, nolabait, bat egiteak ixte kamuflatuak dira. Baina, kasu honetan, erronka moduan hartu dute: auzoarekin sekulako komunitate lana egiten ari dira; gizarte etxea, auzo elkartea eta familiak inplikatu dira... Auzoak ikusi du honek izan behar duela auzoko eskola bakarra, eta oso polita da. Baina hori gertatu da bertako langileen eta familien bultzadagatik, eta tristea da; eskola publikoa defendatzeak instituzioen kontua ere izan beharko luke. Orduan, espero dugu bat egite hauek ahalik eta ondoena ateratzea eta jendeak ikastetxe hauen alde egitea, sinestea kalitatezko eskolak direla, denonak, elkarbizitzarako toki pribilegiatuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.