Hezkuntza

Hezkuntzako sindikatuek «gardentasuna» eskatu diote Gimenori, epez kanpoko matrikulazioen kasuetan

Nafarroako Parlamentuaren aurrean protesta egin dute Steilas, Anpe, Afapna, LAB, Sepna, UGT, ELA eta CCOO sindikatuek

Sindikatuen elkarretaratzea, gaur goizean, legebiltzarraren aurrean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Ion Orzaiz.
2023ko irailaren 19a
13:07
Entzun

Prozesu gardena nahi dute. Hezkuntza alorreko sindikatu guztiek elkarretaratzea egin dute gaur goizean Nafarroako Parlamentuaren aurrean, Hezkuntza kontseilari Carlos Gimenori eskatzeko araudia alda dezala epez kanpo matrikulatzen diren ikasleen harrera prozesuetan: opakutasuna eta datuen falta salatu dituzte, eta hori konpontzeko bidea galdegin diote kontseilariari.

Steilas, Anpe, Afapna, LAB, Sepna, UGT, ELA eta CCOO sindikatuen ordezkariek parte hartu dute protestan. Azaldu dutenez, ohiko epetik kanpo matrirkulatzen diren ikasleak ez dira gutxi: «Joan den ikasturteko lehen egunetan, Nafarroako hezkuntza sistemak Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, DBHko eta Batxilergoko 2.350 ikasle hartu zituen ohiko epetik kanpo». Ikasle horiek, gainera, «laguntza premia espezifikoak» dituzte hein handi batean, eta egungo baliabideak «ez dira aski», sindikatuen irudiko. «Ikastetxe bat baino gehiago dagoen herrietan, tokiko eskolatze batzordea arduratzen da ikasle horiek bertoko ikastetxe bati esleitzeaz, eta zenbaitetan, Batzorde Orokorrak esleitzen ditu, beste kasuistika batzuk daudenean». Halako kasuak banan-banan eta tentuz aztertu beharrean, ordea, «zuzenean esleitzen dituzte ikastetxe batera», horretaz arduratzen den batzordeko kide guztiek informazioa jaso gabe ere. «Kasu askotan, ezin da lortu haien funtzionamenduari buruzko daturik», kritikatu dute sindikatuek.

Arazo horren oinarrian, duela bi urte aldatutako araudia dagoela salatu dute, irizpide berrien arabera, irakaskuntzako langileen ordezkariek presentzia txikiagoa baitute batzordeetan: «2021ean, ikasleak onartzeko araudia aldatu zuen Hezkuntza Departamentuak, eta batzorde horietan parte hartzen zuten eragileen kopurua murriztu zuen. Ordura arte, prozesua zaintzen zuten, besteak beste, irakaskuntzako langileen bi ordezkarik, eta horietako bat kendu zuten; orain, eskolatze batzordeetara ordezkari bakarra joan daiteke, izan irakaskuntza publikokoa, izan pribatu-itunpekokoa».

Horregatik guztiagatik, hezkuntzako sindikatuek Gimeno kontseilariari eskatu diote, alde batetik, aldatzeko ikasleen onarpena arautzen duen 33/2021 Foru Dekretuaren 33. artikulua, langileen ordezkaritza lehengoratzeko; eta, bestetik, «ziurtatzeko batzorde horiek kide guztiei dei egiten dietela, eta informazioa helarazten dietela, opakutasuna eta daturik eza eragozteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.