Hezkuntzako sindikatuek manifestaziora deitu dute hilaren 10erako Bilbon, Donostian eta Gasteizen

Astebeteko grebaren atarian, sindikatuek hezkuntza komunitate osoaren babesa galdegin dute.

Irakasleen grebaren harira antolatutako manifestazio bat, Gasteizen, apirilaren 2an. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Irakasleen grebaren harira antolatutako manifestazio bat, Gasteizen, apirilaren 2an. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2025eko maiatzaren 2a
14:25
Entzun 00:00:0000:00:00

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxe publikoetako irakasleak astebeteko greba egitekoak dira maiatzaren 12tik 16ra. Horren atarian, hezkuntza komunitate osoari kalera ateratzeko eskatu diote: horretarako, manifestazioak antolatu dituzte hilaren 10erako Bilbon, Donostian eta Gasteizen; Donostiakoa 17:00etan izango da, eta Bilbokoa eta Gasteizekoa, 18:00etan.

Urte hasieratik bederatzi lanuzte egin dituzte irakasleek, eta, Steilas, LAB, ELA eta CCOO sindikatuek —Interinoak ere batu da greba deialdira— ohar bidez azaldu dutenez, iritsi da garaia hezkuntza komunitatea osatzen duten kide oro elkartzeko. Izan ere: «Eusko Jaurlaritza grebak desitxuratzeko saiakeratan dabil, irakasleen eskaerak entzun eta horiei erantzun beharrean».

Eskaera zehatzak

Eta, hori ikusirik, uste dute badagoela arrazoirik eskolak husteko eta kaleak betetzeko. Bata bestearen atzetik zerrendatu dituzte hezkuntza publikoa indartzeko «beharrezko aldarrikapenak»: irakasleen aldarrikapenak entzutea —lan zamak arintzeko neurri zehatzak, langile taldea gaztetzea, galdutako erosahalmena berreskuratzea...— eta horiei erantzutea; eskola publikoetan baliabide eta inbertsio gehiago edukitzea; lanpostu publikoak egonkortzea eta bermatzea; eta eskola publikoa, euskalduna, feminista eta propioa bermatzea. «Argi daukagu lan baldintza egokiak eta hezkuntza publikoa indartzea eskutik doazela; alegia, bata ezinezkoa da bestea gabe».

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak behin baino gehiagotan esan izan du prest dagoela langileen ordezkariekin negoziatzeko eta akordioetara iristeko. Alabaina, sindikatuen irudiko, orokorkerietatik zehaztapenetara jo beharra dago horretarako: «Zehaztapenak behar direla deritzogu gatazka hau bukatzeko eta langileon lan baldintzak hobetuz, eskola publikoa sistemaren ardatza izan dadin». Kontrara, uste dute orain arte egin dizkieten proposamenek ez dietela «erantzun egokirik» ematen aldarrikapenei: «Edukiak, zehaztapenak eta bermeak falta direla adierazi dugu behin eta berriro».

Lan baldintzak hobetzea eskatzeaz gain, sindikatuek badute beste aldarrikapen bat ere: salatu dute azken hilabeteetan Hezkuntza Saila «aldebakarrez» eta hezkuntza komunitatea aintzat hartu gabe erabakitzen ari dela zenbait eskola publiko batzea edo ixtea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.