Hil egin da bart Barakaldon (Bizkaia) tiroketa batean larri zauritutako gizona. 48 urte zituen, eta eskopeta batekin tiro egin zion beste gizonezko batek, atzo iluntzean. Tiratzaileak ihes egin zuen auto batean. Geroago atxilotu zuten ustezko erasotzailea, Amurrion (Araba). Homizidio ahalegina leporatu diote.
Barakaldoko Lasesarre estadioaren inguruan izan zen tiroketa, atzo, 20:30 aldera, eta hiru kartutxo aurkitu zituzten lekuan bertan. Zauritutako gizonak odol asko galdu zuen; hedabide batzuen arabera, sabelaldean tiro bat edo bi zituen. Tokian bertan artatu zuten, eta ondoren Gurutzetako ospitaleko larrialdietara eraman zuten, oso larri. Osagileek ezin izan dute ezer egin, eta bertan hil da, gauean.
Amaia del Campo Barakaldoko alkateak, gaur, doluminak eman dizkie nola hildakoaren familiari hala haren lagunei. «Oso zaila da hitzak aurkitzea horrelako momentu baterako; ezin dezaket imajinatu zer nolako mina ariko zareten pasatzen», esan du. Horrez gain, eskatu die erabil dezatela Barakaldoko Udalak izan dezakeen eta lagungarri izan litekeen baliabide oro. Ertzaintzari, berriz, eskerrak eman dizkio, «hiltzailea hain azkar atxilotu ahal izateagatik».
Ustezko erasotzailea Amurrion atzeman zuen Ertzaintzaren patruila batek, autoan ihesean zihoala; han atxilotu zuten, erasoa gertatu eta ordu erdi inguru geroago, 21:00 aldera. Ibilgailua geldiarazi, miatu, eta eskopeta bat aurkitu zioten barruan, ustez tiroketan erabilitakoa.
Ertzaintzak ez du ikerketaren hipotesi zehatza azaldu, baina esan du balitekeela homizidio saiakeraren atzean auzi «sentimental» bat egotea. Atxilotuak ere 48 urte ditu. Ikerketan sakontzen ari direla zehaztu dute. El Correo egunkariaren arabera, hiltzailearen bikotekide ohi baten egungo bikotekidea da hildako gizona. Indarkeria matxista kasu bat litzateke, hipotesia baieztatuko balitz.
48 orduko epean gertatu den bigarren tiroketa da. Asteartean, gizon bat hil zuten Azpeitian (Gipuzkoa), tiroz, eta hiltzailearen bila ari da Ertzaintza. Atzo, erasoa gertatu zen inguruko denden jabeei zaintza kameren grabazioak eskatu zizkieten, eta herenegun zenbait miaketa egin zituzten.
Azpeitiko eta Barakaldoko tiroketak hizpide izan ditu gaur Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, eta esan du kasu bakanak direla. Alegia, ez kasu baten ez bestearen atzean ez dela «kriminalitate antolaturik» egon.