Seaskak iragarria zuen kalera ateratzeko asmoa. Protestarako eguna ere jarri zuen: hilaren 24a. Astelehenean izan zen, Ipar Euskal Herriko parlamentariek eta EEP Euskararen Erakunde Publikoko ordezkariek bilera bat egin zuten Parisen Hezkuntza ministro Edouard Geffrayrekin, eta, Ipar Euskal Herriko ikastolen sareko arduradunen ustez, «esku hutsik» atera zen handik Euskal Herriko ordezkaritza; areago, salatu zuen baxoa euskaraz egiteko eskarietan aurrerabideak egin beharrean «gibelerat» ere egin zela. Gaur mobilizazioaren gaineko zehaztapenak eman dituzte: manifestazio bat izango da, Baionan: Xaho Kaitik abiatuko da, 15:00etan.
«Badakigu manifestaldi bat hamar eguneko epean antolatzea arriskugarri dela», onartu dute gaur plazara atera duten oharrean. «Baina, euskarak aitzina egitea nahi badugu, halako hitzorduak ezin dira huts egin, eta denen ahalegina ezinbestekoa da». Horregatik, parte hartzera deitu dute: «Euskaltzaleak, familiak, herritarrak eta hautetsiak desadostasuna adieraztera gomitatzen ditugu».
Ikasleek baxoa euskaraz egin ahal izateko aldarriaren alde aspaldi ari dira Seaskan, eta, hor, bereziki, «aitzinapausoak» behar direla gogoratu dute. Eta orain nahi dituzte, gainera, aurrerabide horiek. Izan ere, EEPren arabera, 2027rako aldaketak egiteko borondatea dutela esan die Hezkuntza Ministerioak, baina, ikastolen arabera, ezin da horrenbeste itxaron. Matematikako azterketa berria izango dute aurten ikasleek baxoan, eta hori euskaraz egiteko bidea, behintzat, orain egin behar dela adierazi dute. «Matematikako azterketaren aginduak ez du zehazten azterketaren hizkuntza zein den; beraz, ez da lege edo erregelamendu aldaketarik egin beharrik», azaldu dute. «Aski da zuzentzaileak elebidunak izan daitezen segurtatzea».
Bide batez, euskararen kontrako beste hainbat «eraso» ere hizpide hartu dituzte mobilizazioaren garrantziaz ohartarazteko. Zerrendatu egin dituzte: «EEPren aitzinkontua mugatzea, Euskal Kultur Erakundearen aitzinkontua mugatzea, auzitegietan euskaraz mintzatzeko debekua, euskal hedabideen finantzaketa murrizketaren mehatxuak, prefetak Ipar Euskal Herriko hautetsiei bidali gutuna». Eta aldarri egin dute: «Euskarari trabarik ez».