Bi urtez luzatu diren obren ostean, urtarrilaren 13an zabalduko dute, asteartean, Irungo tren geltoki berriaren lehen zatia. Horren ondorioz, berreskuratu egingo dituzte duela lau urte Donostiako aldiriko linean Irun eta Brinkola artean Adifek hasitako lanengatik kendutako zerbitzu batzuk. Astigarraga eta Irun artean abiadura handiko trena igaro ahal izateko egiten ari dira obra horiek, 2022tik. Aurreratu dute lanegunetan zortzi tren gehiago ibiliko direla urtarrilaren amaierarako: lau noranzko bakoitzean.
Astigarraga eta Irunen arteko trenbide sarea berritzeko lanak 2022ko otsailean hasi zituzten, Hernanin. Proiektu horren helburua da abiadura handiko trenaren zirkulazioa ahalbidetzea, eta, horretarako, hirugarren linea bat eraikitzen ari dira. Obren ondorioz, trenen maiztasuna murriztu izana jasan behar izan dute linea horren erabiltzaileek —urtean zazpitik gora milioi— lau urte hauetan, baita etengabeko atzerapenak eta matxurak ere. Irungo geltoki berria proiektu handi horren zati bat da.
Jose Antonio Santano Espainiako Garraio arloko idazkariak bisitatu du gaur Irungo geltokia. Harekin batera izan dira Marisol Garmendia Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria, Susana Garcia Chueca Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren sailburua, Cristina Laborda Irungo alkatea eta Azahara Dominguez Gipuzkoako Mugikortasuneko diputatua. Azaldu dutenez, Irungo geltoki berriak hamar trenbide eta hiru solairu izango ditu. Lehen fasearen lanak amaitu dituzte jada, eta obra osoa «uda baino lehenago bukatzea» espero dute.
Aldiriko trenak ez ezik Madrildik datozen eguneroko Alvia zerbitzuak ere bere onera etorriko direla iragarri dute. Hau da, trenak zuzenean joango dira Iruneraino. Gaur egun, trena aldatu behar izaten da Donostian.