Aizkorri mendiaren hegoaldeko magalean desagertuta zegoen artzain bat ostegun iluntzetik, larrialdi zerbitzuak haren bila zebiltzan, eta ertzainek gaur goizean jakinarazi dute hilotz aurkitu dutela. 77 urteko gizon bat zen. Ostegun gauean bertan jaistekoa zen menditik, baina ez zen agertu esandako ordurako. Orduan eman zuen familiak desagertzearen berri.
Bilaketa lanak martxan izan ziren atzo egun guztian. Helikopteroz egindako hegaldi batean, artzainaren artaldea eta txakurra ikusi zituzten ertzainek, baina gizona ez zen ageri. Ilunabarrean, eten egin behar izan zituzten bilaketa lanak.
Hainbat hedabidek azaldu dutenez, artzainaren txakurrak eraman ditu artzaina zegoen tokira. Gorpua elurpean zegoen.