Hilekoaz mintzo bagina

Zientzialariek, lehenengo aldiz, odola erabili dute hilekorako produktuen eraginkortasuna aztertzeko. Oregongo Osasun eta Zientzia Unibertsitateko lau emakumek egin dute ikerketa.

Ikertzaile bat pipeta batekin azterketa lanak egiten, laborategi batean. TERESA SUAREZ / EFE.
Sara Iriarte Lasa
2023ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Gezurra badirudi ere, 2023. urtean argitaratu da hilekoaren produktuen eraginkortasuna odolarekin aztertu duen lehenengo ikerketa; duela hiru aste. Hala ere, ikerketa hori ez da hilekoaren odolarekin egin, giza globulu gorriekin baizik. Agerian geratu da iragarkietan agertzen den likido urdin hori ez dela mugatzen marketin mundura; izan ere, orain arte, ura edo ur fisiologikoa erabili dute produktuen xurgapena neurtzeko. Ana Galarraga Elhuyar fundazioko zientzia dibulgatzailearen ustez, horren arrazoia hauxe da: «Emakumezkoak baztertuta gaude medikuntzan oro har, eta bigarren mailakotzat hartzen gaituzte. Gizonezkoa araua da, eta hura da denaren neurria». Oregongo Osasun eta Zientzia Unibertsitateko Medikuntza Fakultateko lau emakumek egin dute ikerketa hori, eta, Galarragaren ustez, «ez da kasualitatea» emakumeek egin izana.

Hilekoa «maldiziotzat»hartzen da gaur egungo gizartean, eta, horrez gain, «zikinkeriarekin» lotu da. Ondorioz, «gai tabua» da, eta «estigma» sortu du. Galarragaren arabera, ez da berdin jokatzen hilekoaren odolarekin eta bestelako odolarekin; hilekoa ugalkortasunarekin edota sexuarekin lotuta dago, eta lotura horrengatik da tabua: «Bestelako odolak ere, zaurietako odolak adibidez, larridura sortzen du, heriotzarekin lotzen baitugu. Hala ere, oso modu desberdinean baloratzen ditugu. Eta hori horregatik da: hilekoa sexuarekin edota ugalkortasunarekin lotzen delako».

Ikerketa horren aurrean, Galarragak adierazi du emakumeen inguruko gaiak gero eta gehiago ikertzen direla, eta egindako ikerketa hori aurrerapauso bat dela zientzia arloan. Hala ere, gehitu du ezin direla horrekin konformatu: «Ikerketa hau odolarekin egin da, baina ez hilekoaren odolarekin. Hilekoaren odolean odolbilduak egoten dira, ehunen arrastoak, dentsitate desberdineko eta jario desberdineko momentuak eta egunak... Hori, oraindik ere, ez da ikertu. Pentsa zenbat geratzen zaigun ikertzeko».

Talde pluralagoen beharra

Diru laguntza publikoa baliatuz egiten diren ikerketetako parte hartzaileak, berez, sexu aldetik kopuru berekoak izan behar dira. Hala ere, Galarragak azaldu duenez, sarritan gizonezkoek soilik hartzen dute parte ikerketa horietan, emakumezkoek arazoak ekartzen dizkietela argudiatuta. Eta zer ondorio ditu ikerketak gizonen ikuspegitik egiteak? Hori azaltzeko garaian, Galarragak COVID-19aren txertoaren adibidea jarri du: «Ez zen aztertu COVIDaren txertoak hilekoan gorabeherarik eragin ote zezakeen edo ez; eta bai, eragiten zuen. Aldez aurretik jakin izan bagenu hilekoan eragiten zituen gorabehera horiek iragankorrak zirela eta ez zirela larriak, hilekoa dugunok askoz lasaiago egongo ginateke. Baina hori ere ez zuten aztertu. Zergatik? Emakumezkoa baztertuta dagoelako ikerketa medikoetan».

Hilekoaren produktuen eraginkortasuna aztertzeko odola erabili duen ikerketa hori British Medical Journal aldizkarian argitaratu da. Galarragari adierazgarria iruditu zaio ikerketa horri lotuta doan editorialak aipatutakoa: hilekoari buruzko laurehun ikerketa argitaratu dira azken hamarkadan. Epe berean, berriz, zakila zutitzeari buruzko 10.000 ikerketa inguru egin dira. «Oso garrantzitsua da ikerketa taldeak irekiak eta pluralak izatea» nabarmendu du Galarragak ikerketa kopuruaren desorekaren inguruan. Emakumeak, LGTBI kolektiboko jendea eta beste kulturetako pertsonak egotea «beharrezkoa» da, horrela parte hartzaileek hainbat alderdi desberdinetan jarriko baitute begirada. Baina hori ez da Galarragaren iritzia soilik; izan ere, PNAS aldizkari zientifikoak baieztatu zuen sexuen arteko oreka duten ikertzaile taldeen emaitzak berritzaileagoak eta esanguratsuagoak direla. Hilekoarekin egindako ikerketa horren adibide dela adierazi du Galarragak: «Emakumezkoak dira ikerketa honen ikertzaileak. Taldea beste batzuek osatu izan balute, gauzak beste modu batera egingo zituzten, eta ez ziren ondorio horietara iritsiko».

Hilekoa diagnostikorako

Zenbait ikerketa medikotan hilekoa erabiltzea «garrantzitsua» dela dio Galarragak. Izan ere, hilekoa duenaren ongizaterako eta segurtasunerako garrantzitsua da jakitea bere hilekoaren arabera zer produktu erabiltzea komeni zaion. Ikerketaren arabera, disko menstrualak dira odol gehien biltzen dutenak. Horien ondotik, kantitate antzekoan, kopek eta tanpoiek xurgatzen dute gehien. Konpresek oraindik ere gutxiago xurgatzen dute; eta, azkenik, gutxien xurgatzen dutenak kulero menstrualak direla ikertu dute.

Horrez gain, ikerketa horretan kalkulatu dute hilekoa dutenen artean hirutik batek —Galarragaren iritziz «hilekoa duten askok»— odol jario handiko edo asko irauten duten hilekoak izaten dituztela. Horrek anemia edota odolean hemoglobina maila jaistea eragin dezake, besteak beste. Menorragia deitzen zaio horri, Galarragak azaldu duenez: «Orain arte, menorragia diagnostikatzeko, medikuak hilekoa zuenari galdetzen zion zenbatero aldatu behar izaten zuen hilekorako erabiltzen zuen produktua. Hortik ondorioztatzen zuen hilekoa zuenak galtzen zuen odola gehiegizkoa zen ala ez». Gaineratu duenez, hilekorako produktuen eraginkortasuna orain arte nola aztertu den ikusita, «agerian» geratu da menorragia diagnostikatzeko metodo hori ez dela «batere segurua». «Orain behintzat badakigu hilekorako produktu bakoitzak zenbat odol xurgatzen duen».

Gainera, Galarragak jakinarazi duenez, hilekoaren bidez beste hainbat gaixotasun diagnostikatu daitezke: adibidez, hilekoaren odola diabetesa diagnostikatzeko erabil daiteke. Horrez gain, odolean markatzaile batzuk begiratuta endometriosia diagnostikatu daiteke. Giza papilomaren birusa ere hilekoaren bidez atzeman daitekeela gehitu du Galarragak: «Diagnostikoa egiteko, arraspatze moduko bat egiten da uteroaren lepoan. Aipatutako editorialaren arabera, giza papilomaren birusa errazago ere atzeman daiteke: hilekoaren odola aztertuta, hain zuzen. Horregatik diot merezi duela hilekoa ikertzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.