Hilketa egotzita epaituko dute Zizur Nagusian emaztea hil zuen 85 urteko gizona

Emakumeen aurkako indarkeriaren arloko Iruñeko 1. Epaitegiak baztertu egin du akusatuaren defentsak auzia artxibatzeko egindako eskaera. Zinpeko epaimahai batek epaituko du gizona.

Indarkeria matxistaren kontrako elkarretaratze bat, Zizur Nagusian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Indarkeria matxistaren kontrako elkarretaratze bat, Zizur Nagusian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
kristina martin
2025eko urriaren 13a
13:01
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zizur Nagusian (Nafarroa) uztailaren 29an 78 urteko emaztea hil zuen 85 urteko gizon baten aurkako auziarekin aurrera jarraitzea ebatzi du emakumeen aurkako indarkeriaren arloko Iruñeko 1. Epaitegiak. Epaileak akusatuaren defentsaren eskaera baztertu du, eta hilketa delitua egotzi dio gizonari. Izan ere, auzia artxibatzeko eskatua zuen defentsak. Epaitegiak, baina, prozesuarekin aurrera egingo du, eta erabaki du zinpeko epaimahai batek aztertuko duela auzia; dagoeneko abiatu du horren izendapena. 

Epaitegi horrek jakinarazi duenez, auzitegi medikuaren txostenaren arabera, «trauma osteko garuneko kaltea» izan zen heriotzaren arrazoia. Forentseak ez du antzeman borroka egin izanaren zantzurik biktimaren gorputzean. Emakumea «paziente zaurgarria» zela dio; izan ere, adindua eta mendekoa zen, eta narriadura kognitiboa eta parkinsona zituen.

Gertaeraren ondoren, auzipetuaren behin-behineko espetxeratzea agindu zuen emakumeen aurkako indarkeriaren Iruñeko epaitegiak. Argudiatu zuenez, gizonak ihes egiteko edo frogak desagerrarazteko arriskua zegoen. Defentsak, ostera, helegitea aurkeztu zuen erabaki horren kontra, eta auzia baliogabetzeko ere eskatu zuen.

Abuztuaren 18an eman zuen Nafarroako Auzitegiak erabakiaren berri. Defentsaren eskaera partzialki hartu zuen aintzat. Batetik, baztertu egin zuen behin-behineko espetxealdia bertan behera uztea, baina aintzat hartu zituen hala akusatuaren adina —85 urte— nola haren egoera fisiko eta mentala, eta, ondorioz, behin-behineko espetxealdia ezarri, baina etxean bete zezan onartu zuen epaitegiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.