Edortak —ez du izena ezagutarazi nahi— xehe-xehe kontatu du atzoko atxiloketa. «Neska lagunarekin nindoan garajean sartzera, gaur oporretan joatekoak baikinen. Orduan, hiru gizon agertu ziren, beltzez jantzita eta aurpegia buru-berokiarekin estalita. Beldurra pasatu nuen une horretan, ez bainekien zer nahi zuten. Hormaren kontra jarri ninduten, eta komisariara eraman, mehatxu eta gorroto delituak leporatzen zizkidatela jakinarazteko».
Atxiki zuten hiru gizonak Espainiako Poliziako kideak ziren, eta ekainaren 13an Gasteizen egindako protesta baten harira atxilotu zuten gaztea. Euskal selekzioaren aldeko elkarretaratze bat zen, gizonezkoen Munduko Futbol Koparen harira antolatua. Kontzentrazioaren aurretik igaro zen gizon batek jarri bide zuen salaketa, bildutakoek «eraso» egin ziotela argudiatuta. Edortaren eta lekukoen arabera, ordea, ez zen «gorroto delitua» leporatzea justifikatuko lukeen erasorik egon.
Ikusi gehiago
Bart libre geratu zen Edorta, baina, Aske antolakundeak jakinarazi duenez, beste bi pertsona atxilotu ditu gaur Espainiako Poliziak, Edortaz gain. Guztiei «mehatxu eta gorroto delituak» egitea leporatzen diete, ekainaren 13an Gasteizen euskal selekzioaren alde egindako kontzentrazio batean Espainiakoaren aldekoa zen gizon bati oldartzea egotzita. Askeren arabera, ordea, egun hartako ekitaldia baketsua izan zen, eta salaketa jarri duenak egin zituen «probokazioak».
Agur faxistak
Edortak eta Aske antolakundeko iturriek azaldu dutenez, gizona protestaren aurretik igaro zen, «jarrera probokatzailearekin», eta «agur faxistak» egiten hasi zen, besoa goratuta. Gizona «50 bat metrora» zegoen, Edortaren arabera. Bildutakoek adierazi zioten ez zela «ongi etorria», eta, orduan, gizonak korrika alde egin zuen, handik hurbil dagoen Olagibel kaleko polizia etxera.
«Inork ere ez zuen gizona ukitu ere egin, korrika abiatu baitzen. Ni neu ez nintzen sekula hogei metro baino hurbilago egongo»
EDORTA Espainiako Poliziak atxilotua
Leporatu zaizkion delituak ikusirik, Edortak gogorarazi du gizonaren jarrera oldarkorra izan zela, eta inork ez zuela ukitu gizona. «Batzuk atzetik joan gintzaizkion, baina inork ez zuen ukitu ere egin, korrika abiatu baitzen. Ni neu ez nintzen sekula hogei metro baino hurbilago egongo», kontatu du. Nolanahi ere, gizonak egindako argazki eta bideoen bitartez identifikatu ditu Espainiako Poliziak orain arte atxiloturiko hirurak, eta «gorroto delituak» egotzi dizkie.
Atxilotu gehiago
Edorta karguekin aske geratu da, epaiketaren zain. Gaur goizean atxiloturiko biak, berriz, preso daude oraindik, Espainiako Poliziak haien aurkako zer kargu aurkeztuko zain. Aske antolakundeko kideen arabera, datozen orduetan «atxiloketa gehiago» espero dute egun hartako kontzentrazioan egondakoen artean.
«Gertakari hauek argi uzten dute, beste behin ere, Espainiako Estatuaren asimilazio prozesuak aurrera jarraitzen duela, eta horren kontra altxatzen dena zigortu egiten dutela, euskal herritarrok kikildu nahian», salatu dute antolakundekoek, Espainiako Poliziaren operazioa estatuaren errepresio joeran kokatuz. Elkartasunerako deia ere egin dute, eta auzia «lehenbailehen bertan behera» uzteko exijitu, atxiloturikoen aurkako karguak egiazkoak ez direla iritzita.
Espainiako Poliziak Hego Euskal Herri osoan abian duen operazioaren barrukotzat jo dituzte Askekoek atxiloketak. Gogorarazi dute arrazoi berberengatik bost atxiloketa egon direla lehenago ere Gasteizen bertan, eta Bilbon Munduko Kopako finalaren harira egindako atxiloketekin ere lotu dute atzo eta gaur Arabako hiriburuan gertaturikoa.