Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistako bi kideri eta Gedar Langile Kazeta-ko kazetari bati 600 euroko isun bana jarri diete iazko sanferminetan jota bat abesteagatik. Gertakaria uztailaren 7an izan zen; prozesioa Alde Zaharreko Zapateria kaletik pasatzen ari zela, leiho batetik abestu zuten kantua, aurreko asteetan han izandako bi etxegabetze salatzeko. Han ziren, besteak beste, Iruñeko Udaleko ordezkariak.
Sanferminetako prozesioan jota bat abestu dugu etxegabetzeen aurka eta etxebizitza eskubidearen alde:
— Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialista (@EtxeSindikatua) July 7, 2025
🎵"Todos ellos que colaboran
para que los
de siempre hagan caja.
Defendernos y organizarnos
¡Hoy es la lucha
la que hace falta!"@Kontseilua_Iru pic.twitter.com/CAExCLL83D
Ordutik gertatutakoak salatzeko, agerraldia egin dute gaur. Kontatu dutenez, egun hartan, Iruñeko Udaltzaingoa jota kantatzea eragozten saiatu zen lehenik eta behin: etxebizitzan sartu nahian ibili zirela salatu dute, eta «modu oldarkorrean» saiatu zirela jotak zer zioen jakiten. Jota aldarrikatzailea bazen salaketa jartzeko mehatxua egin zieten, eta lau pertsona identifikatu zituzten.
Esan eta egin: «Iruñeko Udalak hiru lagun salatu ditu herritarren segurtasuna asaldatzeagatik, eta 600 euroko isun bana jarri die mozal legea aplikatuta».
Sindikatuak azaldu du jotaren hitzek eta doinuak erreferentzia argia egiten ziotela Joaquin Madurga konpositoreak San Fermini eskainitako jota ezagunari. Haien iritziz, «prozesioak eta antzeko erakustaldiak kritika politikorako espazio izan dira historikoki, agintariei herritarren kezkak eta haserreak adierazteko lekua, baina badirudi batzuei deserosoa egiten zaiela ardurak seinalatzea, nahiz eta horrek ez dien hainbeste axola etxegabetzeak gauzatzen dituztenean».
ETXEBIZITZA SINDIKATUAK ABESTUTAKO JOTA
Lotzen zaituen toga da gaur zure etxegabetzearen epaia ematen duena
.
Poliziaren bota da abisurik gabe etxetik botatzen zaituena.
Udal txit goren honen oharra da gezurra esan edo isiltzen dena.
Horiek denek elkarlanean jarduten dute, betikoek dirua egin dezaten
.
Geure burua defendatu eta antolatzea, gaur borroka da behar dena!
Etxebizitza Sindikatu Sozialistak «protestaren kriminalizazio geroz eta handiagoaren testuinguruan» kokatu ditu isunak eta udaltzainen jokabidea, «iaz errepresioa areagotu egin baitzen sanferminetan», eta aldarrikapen politikoen aurkako beste hainbat isun ere izan baitziren: «Sanfermin jaietako protesta sozialaren ikusgarritasuna murrizteko saiakera bat da».
Iruñeko Udalari isunak kentzeko eskatu diote, eskubide politikoen eta kritika politikoa egiteko askatasunaren kontrako eraso larria direla argudiatuta. Gogorarazi dute 2024an ere abestu zutela turismoaren negozioaren aurkako jota bat, orduko hartan erabat normal: «Ez zen inolako tentsiorik izan, hain zuzen ere ez zegoelako Poliziarik giroa gaiztotzeko». Horregatik, udalari galdetu diote ea aurten «Poliziaren irtenbidearen alde» egingo duen, ala prozesioan kritika politikoa baimenduko duen.
Udalaren ardura
Prentsaurrekoan, hizpide izan dituzte Joseba Asiron alkateak atzo SER irrati katean egindako adierazpenak. Han, Asironek esan zuen berak ez duela isunik jartzen, ezta kentzen ere. Sindikatuaren arabera, ordea, Herritarren Segurtasuneko eta Bizikidetzako Zinegotzigoak ireki du zigor espedientea, «hau da, udalak berak», eta gogorarazi dute sail hori EH Bilduko zinegotzi batek kudeatzen duela: «Udaltzaingoak jartzen du salaketa, baina udalak du ahalmena salaketa horretan oinarrituta zigor administratiboak jarri ala ez erabakitzeko».
Gehitu dute Asironek alegazioak aurkezteko eskatu ziela zigortutakoei, «baina alkateak ez daki, edo nahita ezkutatzen du hiru errekurtso judizial aurkeztu ditugula eta horietako bi udalak berak bota dituela atzera».
Azkenik, iragarri dute Jota-ke elkartasun jaialdia antolatu dutela Arepas, Las de Kardo eta Iruinyard kolektiboekin batera, maiatzaren 23rako, Sanduzelaiko zubian (Iruñea). Ekitaldia baliatu nahi dute «errepresioaren aurrean klase elkartasuna sustatzeko eta zentsuraren kontrako diskurtsoa hedatzeko».