Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ez du aintzat hartu Miren Zabaletak, Sonia Jacintok, Arkaitz Rodriguezek eta Arnaldo Otegik aske uzteko aurkeztu duten helegitea. Lehen hirurek beteak dituzte zigorraren hiru laurdenak, eta Auzitegi Gorenaren iazko sententzia etetea eskatua zuten horregatik. Arnaldo Otegik hilaren amaieran beteko ditu hiru laurdenak, eta horrek ere aurkeztua zuen helegitea.
Konstituzionalak bere epaian dio "denboraren joana" ez da argudio nahikoa zigorra eteteko, Efe albiste agentziak auzitegiko iturriak aipatuz zabaldu duenez. Gainera, lehenago egin zuen bezala, delituaren izaera "larria" hartu du aintzat eskaera atzera botatzeko, eta orain urtebete esan zuen bezala, babes helegitearen inguruko erabakia "etortzear" dela esan du.
Konstituzionalak Bateragune auzikoen helegite bat atzera botatzen duen bigarren aldia da gaurkoa. Aurretik eskatu zuten lau horiek eta Rafa Diezek —azken horrek ez du orain aurkeztu, amaren gaixotasunagatik hilabete batzuz aske geratu zenez ez dituelako oraindik hiru laurdenak bete— zigorra behin-behinean bertan behera uzteko, Konstituzionalak euren babes helegitea tramiterako onartu zuelako eta erabakitzerako osorik beteta eduki dezaketelako.
Beste helegitea erabakitzerako, zigorra beteta eduki dezakete
Auzitegiak orduan onartu zuen horrelako kasuetan zigorra bertan behera utz daitekeela behin-behinean, oinarrizko eskubideak urratzeko arriskua dagoenean; hori da kasu hau, helegitea erabakitzerako zigorra beteta eduki baitezakete auzipetuek. Baina argudiatu zuen horretarako bost urteko zigorraren muga erabili ohi duela, delituaren larritasuna neurtzeko. Gaineratu zuen erakunde terroristako kide izateagatik zigortu zituztela.
Gaur aztertu duten helegiteak, horregatik, ez zuen zerikusirik iaz Konstituzionalak tramiterako onartu zuenarekin. Gorenaren erabakia behin betikoa da, eta alde horretatik ez dago behin-behinean aske uzteko aukerarik. Horregatik oraingo helegite hau "ezohikoa" zela azaldu dio goizean BERRIAri Patxi Zabaletak, Mirenen aitak, eta behin-behinean aske uztea baino gehiago, Gorenaren epaia etetea zuen helburu.