Euskal preso baten kontrako erabakia hartu du, beste behin, terrorismoaren aurkako Frantziako ministerio publikoak. Le Monde egunkariak jakinarazi du hori, Jakes Esnalen egoerari buruz idatzi duen artikuluan. 69 urteko euskal preso horrek baimena eskatua zuen kirol ibilaldi baterako kartzelatik ateratzeko; bizpahiru orduko ibilaldia, beste preso batzuekin batera, presondegiko zaindarien zaintzapean. Zigorrak Ezartzeko epailea ados zen, presoen gizarteratzeaz arduratzen den zerbitzua ere bai, baina terrorismoaren aurkako Frantziako ministerio publikoak helegitea ezarri du, eta Esnal ezin izan da atera.
Ministerio publikoak ez ditu Le Monde-ren galderak erantzun nahi izan; haatik, Esnalen eskaera onartzeko argudioak azaldu dizkiete presoen gizarteratzeaz arduratzen den zerbitzukoek. «Oso aldeko iritzia, ez dagoelako inolako dudarik haren jarrera eta kirol baimenaren kuadroaren errespetuari». Presondegiko zuzendariak ere «oso aldeko iritzia» eman du, Esnalen jarrera «eredugarritzat» jota. «Bere presondegiratzea inolako arazorik gabe gertatu da orain arte; ateraldi baterako baimenak zentzu osoa du», adierazi du, Frantziako egunkariaren arabera.
2014tik gaur arte, behin baino gehiagotan egin du Esnalek baldintzapean aske gelditzeko eskaera; orain arte, aldi oro ukatu diote. 2017an, Frederic Haranburu, Jon Kepa Parot eta Esnalen zigorrak kommutatzeko eskaera egin zuen Ipar Euskal Herriko pertsona ezagunen talde batek, baina ez zuen emaitza baikorrik izan. Zigor egokitzapen eskaera egin du berriki, eta hori martxoaren 13an aztertuko dute. Otsailaren 4an egitekoa zen ateraldiak martxoaren 13ko auziarentzat balio beharra zuen, euskal presoaren jarrera «neurtzeko».