Seaskako ikasleek desobedientziara joko dute aurtengo baxoko azterketan. Prentsaurrekoa egin dute Bernat Etxepare lizeoan, eta leheneko ikasleek iragarri dute matematikako proban euskaraz erantzunen dutela. Ikasleen «erabaki kolektiboa» dela erran dute: «Etxepare lizeoko komunitate osoaren babesa dugu, hau da, guraso, irakasle eta langileen babesa». Ekainaren 12an izanen da azterketa.
Aspaldiko eskaera da baxoko azterketak euskaraz egin ahal izatea. Frantziako Estatu osoko azterketa izanik, frantsesez erantzutera behartuak dira ikasleak, baina historikoki salbuespen bat onartu izan diete: Historia eta Geografiako ikasgaia euskaraz pasatu dute hainbat belaunaldik. 2012tik aitzina matematiketako proba ere euskaraz egiteko aukera izan zuten hala nahi zuten ikasleek. Baina 2019an lizeoaren eta baxoaren erreforma onartu zituzten Parisen, eta azterketaren eredua osoki aldatu, urte osoan ateratako notei garrantzi handiagoa emateko. Ordutik, ikasleek frantses hutsean pasatzen dituzte baxoko azterketak.Â
Aurten, azterketa bat gehitzea erabaki du Frantziako Gobernuak: leheneko ikasleek matematiketako proba aurreratua egin beharko dute aurrerantzean. Seaskak eta gainerateko hezkuntza eragileek ere behin eta berriz galdegin dute proba hori euskaraz egiteko eskubidea izatea, Ipar Euskal Herriko parlamentariek ere babestu dute eskaera, baina Parisek ezetz erantzun die oraingoz.Â
Hori onartezina zaiela adierazi dute ikasleek: «Beste gibelatze bat inposatu nahi digute, eta gure hizkuntza eskubidea oraino gehiago urratu: matematikako baxoa, lehen euskaraz pasa zitekeen hori, frantsesez egitera behartu nahi gaituzte orain», adierazi dute. «Gure argudioak aski ezagunak eta partekatuak dira Euskal Herrian: euskaraz ikasten dugu eta euskaraz pasatu nahi ditugu azterketak».
Injustiziaren kontra
Ikasleek irmo adierazi dute prentsaren aitzinean irakurri duten manifestuan: ez dute onartuko halako beste «injustiziarik», eta Etxepare lizeoko ikasleek leheneko matematikako baxoan euskara hutsez erantzunen dute. Lizeoko 150 bat ikasle dira azterketa pasatzera deituak. Ez dute zehaztu zenbatek parte hartuko duten desobedientzia ekintzan, baina baieztatu dute guztien babesa dutela. «Jakitun gara erabaki honek zer dakarren. Horregatik, ikasleen artean ezinen zira denak bururaino joan, baina jakin ezazue Etxepareko ikasleok batera hartu dugun erabakia dela, eta erabaki kolektibo bat den heinean ikasle guztion sostengua dugula».
Desobedientziaren bidea ez da berria: azken urteetan behin baino gehiagotan erabaki dute hainbat ikaslek eta irakaslek Frantziaren debekuei aurre egitea. Erantzun izan dute brebetako azterketan euskaraz, eta zuzenketa alternatiboa antolatu; eskaini izan diete ikasleei baxoko ahozko handia euskaraz aurkezteko aukera; eta 2021ean Etxepareko berrogei bat ikaslek filosofiako proban euskaraz erantzun zuten protesta gisara.
Gogotsu agertu dira ikasleak desobedientzia ekintzarekin: «Etsituta nahi gaituzte, baina geroz eta motibatuagoak gaude, indarrez eta burua argi», adierazi dute. «Borroka galdua uzten den borroka dela entzun izan dugu. Belaunaldiz belaunaldi iritsi zaigu lekuko hau, eta guk arduraz eta harrotasunez heldu diogu. Eta argiki erraten dugu ez diogula lekuko hori heldu den belaunaldiari pasatu nahi. Azterketa ofizial guztiak euskaraz egitea lortuko dugu hemen eta orain!».
Azkenik, euskal herritarrei ere dei egin diete babesa adieraz dezaten. Igande honetan izanen da lehen ekitaldia, Herri Urratsen, eta erran dute gerora ere beste mobilizazio batzuk izanen direla.Â