Heldu da eguna: Euskalgintzaren Kontseiluaren deiari erantzunez, Euskaltzaleon Martxa egingo dute gaur milaka lagunek Iruñean. Euskaraz bizitzeko behar den dena leloak batuko ditu, muin-muinean, han batuko diren euskaltzaleen aldarriak. Baina, lelo orokor horren barnean, izango dira beste eskari batzuk ere. Hain justu ere, bost mezu nagusi irakurriko dira. Ekitaldiak, berriz, askotarikoak izango dira, eta goizetik hasiko dira.
Ikusi gehiago
Lehen ekitaldia 11:00etan izango da, haur eta gurasoentzat: Porrotx eta Zapotxin pailazoak ariko dira, Santa Ana plazan. 12:00etan Kantujira ibiliko da Alde Zaharrean. 13:30ean, Gazte Euskaltzaleen martxari harrera egingo diote Karmen kalean. Martxaren lehen urratsak izango dira. Nagusiak, halere, arratsaldean izango dira. 17:10ean abiatuko dira zutabeak: Askatasunaren plazatik, Antoniutti parketik eta Runa parketik. 18:00etan hasiko da amaiera ekitaldia, Gazteluko plazan. Han, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabelek egingo du hitzaldi nagusia, 18:25 aldera. Dantza jendetsu batekin amaituko da ekitaldia: zirkuluan Gazteluko plaza osoa hartzea izango da helburua.
Gaur komeni da gogora ekartzea zer gomendio eman duten euskaltzaleek zer zutabetara joan hautatu dezaten: Alde Zaharrean daudenei Runa parkera joateko aholkatu diete; autoz heltzen direnei, Antoniutti parkera joateko, eta autobus antolatuetakoei, berriz, Askatasunaren plazara jotzeko.
Eskisabelena izango da hitzaldi nagusia, baina zutabe bakoitzak bere pregoia izango du, hainbat mezu ozentzeko. Runa parketik abiatutakoak ofizialtasun osoa eskatuko du; Azterketak Euskaraz taldeko kideak izango dira pregoilariak. Antoniutti parkekoak hizkuntza politiketan jauzi bat egiteko eskatuko du; Batuz Aldatu dinamikako talde eragileko ordezkariek irakurriko dute. Askatasunaren plazakoak euskaltzaletasuna hauspotzeko deia egingo du, eta hainbat eduki sortzailek irakurriko dute. Era berean, Gazte Euskaltzaleen Sareko kideek mezu bat irakurriko dute Gazteluko plazako ekitaldian.
Ekitaldi handiaren atarian, berebiziko garrantzia du gogora ekartzeak zer-nolako sendotasuna duen Euskalgintzaren Kontseiluaren atzean dauden eragileen ordezkaritzak: 32 gizarte eragile garrantzitsuk osatzen dute. Besteak beste, AEK, Elkar, Ikastolen Elkartea, BERRIA Taldea, Taupa, Elhuyar eta Emun dira erakunde horren parte.