Hispanitatearen Egunaren eta Falangearen aurkako protestetara deitu dute biharko

Falange Española talde ultraeskuindarrak Gasteizen egingo du bere ekitaldi nagusia, eta horren aurka mobilizatzeko deia egin dute Ernaik, GKSk, Jarkik eta beste hainbat taldek.

Guardia Zibilak iazko urriaren 12an Gasteizen egindako desfile militarra. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Guardia Zibilak iazko urriaren 12an Gasteizen egindako desfile militarra. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
edurne begiristain
2025eko urriaren 11
11:22
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urriaren 12a da bihar, Hispanitatearen Eguna, baina Euskal Herrian askok ozen adieraziko dute ez dagoela zer ospatu, eta ugariak izango dira jaiegun horren aurka egingo diren protestak.

Gainera, Falange Española de las JONS talde ultraeskuindarrak Euskal Herria aukeratu du eguneko ekitaldi nagusia egiteko. Sare sozialetan Gasteizen biltzeko deia egin du, Espainiako batasunaren defentsan; zehazki, Probintzia plazan elkarretaratzea antolatu du 12:00etarako, Espainiaren batasuna ez da ez bozkatzen ez negoziatzen lelopean.

Deialdi horri erantzuteko, eta, oro har, urriaren 12ko ospakizunen aurka mobilizatzeko, protesta ugaritara deitu dute Arabako hiriburuan. Gasteizko Herri Mugimenduak elkarretaratze bat egingo du Arka plazan, 12:00etan, «olatu erreakzionario eta arrazistari aurre egin» eta bestelako ahotsak entzunarazteko. Gasteiz antikoloniala leloa zabaldu nahi dute protestaren bitartez. Hainbat taldek bat egin dute deiarekin: Gasteiz Antirrazistak, Mugimendu Feministak eta Ernaik, besteak bete.

«Faxismoaren aurka antolatzeko» eta Gasteizera bertaratzeko deia egin dute beste hainbat erakundek ere. GKSk, Jarkik, Ezkerraldea Antifaxistak eta beste hainbat taldek Falangeari aurre egitera deitu dute. Aske Antolakundeak, berriz, manifestazio batera deitu du Indar errepresiboak suntsitu lelopean; 17:00etan abiatuko da, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazatik.

Ohar anonimo bat ere zabaldu dute sare sozialetan, Faxismoaren aurrean klase batasuna. Falangea suntsitu goiburupean. Gasteizen elkartzeko deia egin dute biharko 11:30ean, Gasteizko Alamedako Markesaren plazan, falangistak elkartuko diren lekutik 200 metrora. Zabaldutako oharrean, faxismoaren gorakadaz ohartarazi dute, eta kalean erantzuteko beharra aldarrikatu.

Euskal Herriko beste txoko batzuetan ere antolatu dituzte protestak Hispanitatearen Egunaren aurka. Sortuk, adibidez, mobilizazio batera deitu du biharko Irunen (Gipuzkoa), 10:00etan. Ernaik ere protesta egitera deitu du Irunen, eta baita Iruñean ere. Nafarroako hiriburuan 13:00etan antolatu dute elkarretaratzea, Udaletxe plazan.

Iazko Hispanitatearen Egunean Guardia Zibilak desfile militarra egin zuen Gasteizko Plaza Berrian, udalaren baimenarekin. Aurten, berriz, Sansomendiko kuartelean egingo ditu ospakizunak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.