Hitano hiztunak hezteko

UEUk eta Zirhikak ikastaro bat antolatu dute irakasleak hika aritzeko gaitu eta hitanoa ikastetxeetara eramateko: «Metodologia bat emango diegu, ikasleekin hitanoa landu dezaten». Urriaren 17an eta 24an egingo dute, Eibarren; jada izena eman daiteke.

Aditz taula bat ikasgelan, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Aditz taula bat ikasgelan, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2026ko urriaren 11
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irakasle bat, eta, aurrean, 20-25 ikasle. Irakasle asko eta askorentzat lorpen handia izango da euskaraz erantzute hutsa, eta, zer esanik ez, ikasleek elkarren artean ere euskaraz hitz egitea; alabaina, eremu euskaldunetako zenbait irakaslek badute beste kezka bat: euskararen lagunarteko aldaera, hitanoa, galbidean dela, transmisioan badagoela eten bat. Zirhika hitanoaren aldeko elkarteak eta UEU Udako Euskal Unibertsitateak uste dute hezkuntza izan daitekeela transmisiorako katebegietako bat, eta, hori horrela, ikastaro bat antolatu dute Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko irakasleak hitanoa irakasten trebatzeko: Hika ikastetxeetan: LMHko eta DBHko irakasleentzat prestakuntza saioak. Urriaren 17an eta 24an egingo dute, Eibarren (Gipuzkoa); izen ematea zabalik dago.

«Zer moduz egin ditun matematikako buruketak?» eta «ulertu al duk azaldutakoa?». Irakasleak hika jarri nahi dituzte, eta haiek ikasleak hika jar ditzatela ere bai. Horretarako, ikastaroa bitan banatu dute: zati teorikoa eta zati praktikoa. Teoriarekin hasiko dira lehen egunean, eta Ritxi Lizartza izango dute bidelagun. Lizartza hainbatetan aritu da hitano irakasle, eta Mintza hadi, lagun! liburuaren idazlea da.

Hain justu, hauxe izango da helburu nagusia: ikastetxeetan hitanoa ezagutzea eta hitz egingo ez badute ere nola irakatsi jakitea behintzat: «Ikastaro labur bat da, eta ez ditugu hitano hiztunak aterako, baina oinarriak emango dizkiegu, nahi baldin badute euren kasa gehiago lantzeko, eta, batez ere, metodologia bat emango diegu, ikasleekin hitanoa landu dezaten». Gero, ikasleei transmiti diezaioten ikasitakoa: «Garrantzitsuena da, ikasleek hitanoa ezagutzen ez badute, hitanoa badagoela jakitea, eta, kalean aditu badute, lantzea eta hiztun aktibo bihurtzea toka eta noka; izan ere, hitanoa bizirik dagoen toki askotan ere, toka baino ez dute entzuten».

«Ikastaro labur bat da, eta ez ditugu hitano hiztunak aterako, baina oinarriak emango dizkiegu»

RITXI LIZARTZA Hitano irakaslea

Horretarako, irakasleak prestatzea izango da lehen lana. Lizartzak azaldu duenez, ikastaroko lehen egunean hiru talde egingo dituzte: hitanoa erabiltzen dutenak; «enpatia» eduki bai, baina erabiltzen ez dutenak; eta sekula hitanorik entzun ez dutenak, baina aldeko jarrera eduki dezaketenak. Aditza-eta landuko dituzte, baina, batez ere, jarrera aldaketa bat lortu nahi dute: «Irakasleengan grina eta gogoa sortu nahi ditugu, hitanoari beldurra galdu diezaiotela, eta umeengana hurbildu dezatela. Nahi dugu gaitasuna senti dezatela umeen aurrean hitanoa lantzeko, nahiz eta hiztun jantziak ez izan». Eta irizten dio uste baino errazago eman dezaketela pausoa: «Ematen du hitanoa oso zaila dela, baina uste den baino askoz ere sinpleagoa da. Horretaz jabetzen direnean, beldurra galtzen diote hika egiteari, eta beste jarrera bat hartu».

Xabier Eizagirrek urteak daramatza hitanoa eskoletara eramaten, eta bere esperientziaz arituko da bigarren egunean; teoria praktikara eramateko gakoak irakatsi asmo ditu. Eizagirre Azkoitiko (Gipuzkoa) hiru ikastetxetara joan da eskolak ematera, DBH3ra eta DBH4ra: «Zer ikusi ninan? Gazte hauek 15-16 urterako hizkuntza ohiturak oso-oso finkatuta dizkinate». Eta zein dira hizkuntza ohitura horiek: «Mutilek mutilekin finkatua diten hika egiteko ohitura; mutil horiek neskei, zuka; neskek mutilei, normalean, zuka, eta formaren bat, toka; eta neskek neskekin, zuka».

Egiten dutenean ere, sarri, «trakets»: «Mutil koskorrak hika egiten din Azkoitian, Azpeitian, Errezilen edo Aizarnan. Egin, egiten din, baina ikaragarri trakestu dun: trakeskeriarik handiena, neska bati toka egitea, eta, bestea, dena hikako markaz jostea». «Trakets», eta, gainera, «erdi hika»: «Mutilek toka hutsa egiten diten, erdi hika; neskek, berriz, ohiturarik ez, zuka bakarrik. Zergatik? Etxean gurasoek ez dietelako egiten. Beraz, lana egin behar dun mutilei eta neskei begira».

Bi erronka nagusi

Hortaz, zera proposatu du Eizagirrek: lehenago hastea eta hitanoaren bi aldaerak lantzea, toka eta noka. Baga: «Ikastaroa LH5en egitea lehenengo aldiz; bigarrenez, LH6n; eta, gero, DBH1en. Hiru ikasturtetan egitea nahi dinagu, bost ordu ikasturte bakoitzean, eta ikastetxeko irakasleren batek egin dezala, kezka-edo duten horiek. Horiei begirakoa dun ikastaroa». Eta biga: «Eskoletan lehenengo adibideak-eta noka jartzen dizkinat. Esaten diten: «Hika ez al zen bada...?». Eta esaten zienat: ‘Hika hau ere baduk, toka bezalaxe’. Mutilek ikus dezatela: ‘Hau ez duk gure kontua bakarrik; toka eta noka zeudek’».

«Mutilek ikus dezatela: ‘Hau ez duk gure kontua bakarrik; toka eta noka zeudek’»

XABIER EIZAGIRRE Hitano irakaslea
Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA