Abian da Elizondon (Nafarroa) Gazte Topagune Sozialista, Dagoena onartu ala borrokara batu lelopean. Gaurtik hasi eta astelehenera bitarte, hitzaldiak, mahai inguruak, kontzertuak eta kirol ikuskizunak antolatu dituzte GKS Gazte Koordinakunde Sozialistak eta IAS Ikasle Antolakunde Sozialistak. Ekintza horiekin, xede dute topagunea «sozialismoaren aldeko indarrak batzeko egitasmo» bat izatea.
Mugimendu Sozialistako antolakundeek pil-pilean dauden hainbat auzi jorratzeko asmoa azaldu dute, eta lehen egunetik helduko diote erronkari. Gaur, bilkurari hasiera emateko, Belarrijana podcastaren zuzeneko saioa egingo dute, eta jarraian bi hitzaldi entzun ahal izango dituzte bertaratutakoek: bata, Materialismo historikoa, militantzia politikoa eta ezkerkeria izenekoa, eta bestea, Artea eta sozialismoa izenekoa. Kirola egiteko beta ere izango da gaur: palan eta pilotan arituko dira, Haizegorri txarangak girotuta. Musikarekin amaituko dute eguna: Ateri, Vibora, Lukiek, Siwanaba, Tapia eta Leturia Band, eta Kaparrak taldeek kontzertuak emango dituzte, arratsean eta gauean. Tartean, Ekidaren eskutik, Hemendik da bidea. Mugako istorioak emanaldia ikusi ahal izango da gune nagusian.
Hiru egun aurretik
Topaguneko egitasmo nagusia igandean izango da. Elizondoko plazatik abiatuta, manifestazioa egingo dute, eta ondoren ekitaldi politiko bat. Egun berean, baina, bestelako ekintzak ere izango dituzte. Goizean bi hitzaldi antolatu dituzte: Krisia eta estatuen autoritarismoaren gorakada eta Mugimendu Sozialistaren erronkak izeneko bat, eta Gazte antolakunde sozialisten mahai ingurua izeneko beste bat. Eguna, berriz, Belako, Santa Salut, Hazas, J Martina eta Raimundo El Canasteroren kontzertuekin amaituko dute, besteak beste.
Bihar goizean ere hitzaldiak izango dira protagonista. Bi hitzaldi entzun ahal izango dira 10:00etan, eta beste bi 12:00etan. Gune nagusian Etxebizitzaren problematika eta sozialismoaren aukerak hitzaldia emango dute lehenik, eta gero Ildo komunista eta taktika antifaxista solasaldia. Sutegiko arkupean, berriz, sexu industriari eta prostituzioari buruz arituko dira lehenik, eta ondoren nazio auziaz: Nazio auziaz: teoria marxista eta egungo eztabaidak.
Bazkaldu ondoren, kirol apur bat egiteko beta izango dute joaten direnek: mendi lasterketa eta boleibol txapelketa, boxeoa, parkourra eta herri kirolak. Halakorik nahi ez dutenek Landa bila izeneko antzezlana ikusi ahal izango dute, Broken Brothers Brass Band entzun ala Antton Telleria eta Asier Kren JFB ikuskizunarekin barre egin. Gaualdean, Skabidean eta 48280 taldeek eta Bengok emango dituzte kontzertuak.
Astelehenean amaituko dute topagunea, eta bi ekitaldi antolatu dituzte ordurako. 12:00etan mintzaldi politikoa egingo dute, Hispanitatearen Egunaren harira. Eta segidan, 12:30ean, kantaldia egingo dute Anje Duhalderekin eta Olaia Inziarterekin.