Urte politikoa abian dela egingo dute GKS Gazte Koordinakunde Sozialistak eta IAS Ikasle Antolakunde Sozialistak Gazte Topagune Sozialista, urriaren 9tik 12ra, Elizondon (Nafarroa). Autoritarismoa, ildo komunista, nazio auzia eta militantzia politikoa izango dituzte hizketagai, besteak beste, eta Naroa Aranburu (Beasain, Gipuzkoa, 2002) eta Ibai Berezibar (Azpeitia, Gipuzkoa, 2003) GKSko kideak gai horiei buruz aritu dira.
Zuen ustez, faxismoak zer aurpegi du Euskal Herrian?
IBAI BEREZIBAR: Faxismoak ideologia zapaltzailea dauka langile klaseko kolektibo ezberdinen aurka: etorkinen aurka egiten du, emakumeen aurka, LGTB kolektiboaren aurka... Eta Euskal Herrian espainolismoaren forma ere hartzen du, baina ezin gara Euskal Herrian gotortu. Fenomeno global bat da, estatuen krisiari ematen ari zaion aterabide autoritarioei lotutakoa. Hala ere, espainolismoa borrokatu egin behar da, nazio zapalkuntzaren aurkako borrokaren norabidetik.
Zenbait atxiloketa egin zituzten Munduko Futbol Kopako finalaren eguneko istiluen harira; besteak beste, Berriozarren Espainiako militar batzuei eraso egitea egotzita. Zer interpretazio egiten duzue?
BEREZIBAR: Gertaera horiek oso larriak dira, erakusten baitute, alde batetik, faxismoa goraka ari dela eta haren inpunitatea handitzen ari dela, eta, beste alde batetik, antifaxismoaren kriminalizazioa sakontzen ari dela. Gazte horiei babesa adierazi nahi diegu, eta atxiloketaren forma bortitzak salatu. Atxiloketa horiek erakusten dute PSOE ez dela aliatu antifaxista bat, ardura daukala horretan guztian, eta faxismoa hauspotzen eta antifaxismoa kriminalizatzen ari dela hauteskundeak irabazteko. Bestalde, ezin dugu onartu nazi bati aurre egitea gaizki ikusita egotea; atzerapausoa litzateke nazi bat beste pertsona bat bezala kalean onartzea.
«
Azken gertakariek erakutsi dute arazo handi bat dagoela Poliziaren inpunitatearen inguruan
»
IBAI BEREZIBAR AZKUE GKSko kidea
Alderdi eta eragile ugarik kezka adierazi dute eskuin muturraren gorakadaren inguruan. Bat zatozte kezka horrekin, beraz? Zertan ezberdintzen da zuen analisia?
NAROA ARANBURU: Kezka horretan bat gatoz, baina iruditzen zaigu horri erantzuteko moduan eta estrategia politikoan badagoela ezberdintasun bat. Guri iruditzen zaigu ikuspegi iraultzaile bat gailendu beharko litzatekeela, eta bide instituzionalekiko mendekotasun horri kezkaz begiratzen diogu, orokorrean. Gure ardatza kalean dago. Faxismoari aurre egiteko batasun bat eraiki beharko litzatekeela uste dugu, eta aliantza horiek herri mugimendutik eta langile kolektiboen batasunetik etorri beharko liratekeela, ez bide instituzionaletik.
BEREZIBAR: Hauteskunde alderdien ustezko aliantza antifaxista batek ez du faxismoa geldituko. Batetik, iruditzen zaigulako EAJ erreakzioaren parte dela, eta PSOEk interes oligarkikoak eta militaristak dituela. Uste dugu alderdi horiei antifaxismoaren gidaritza kendu behar zaiela.
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak udan esan zuen istiluak egongo zirela, eta gero ez da istilu nabarmenik izan.
ARANBURU: Polizien inpunitatearekin arazo orokor bat dago, eta adierazpen horiek inpunitate hori areagotzeko maniobra bat izan ziren. Gazte antolatuen aurkako kriminalizazio kanpaina bat elikatzen ari dira alderdiak eta Zupiria bera. Ikusi dugu azken hilabeteetan nola inpunitate horrek bortizkeriarako ateak ireki dituen: Santurtzin, Anderren heriotza eragin zuten esku hartze polizial bortitz baten bidez; aste honetan, Hondarribian udaltzain batek hiru tiroz hil du gizon bat; eta uda hasieran flotillako kideen harreran kolpeka aritu ziren. Marko hori elikatzen du Polizia armaz hornitzeak. Ezin dugu hau normalizatu: eskubide politiko eta zibilak daude jopuntuan.
BEREZIBAR: Zupiria gazte bortitzen mamua sortzen saiatzen da. Praktikan, norabide iraultzailea edo ezkerreko norabide bat hartzen duten gazte antolatuak dira. Azken gertakariek justu kontrakoa erakutsi dute: mamu hori gezur hutsa dela eta arazo handi bat dagoela Poliziaren inpunitatearen inguruan.
«Ez dugu uste PSOE eta EAJ aliatutzat hartzea, estatua indartzea eta autonomismoa direnik [autodeterminaziorako] bidea»
NAROA ARANBURU GKSko kidea
Hauteskunde urtea dugu 2027a. Zer jarrera hartuko duzue?
BEREZIBAR: Guretzat, estatua eta estatuko instituzioak ez dira neutralak, eta sistema oso batek erakusten du inpartzialtasun hori; Anderren kasuan, adibidez. Alde horretatik, gizartearen eraldaketarako giltza ez dira instituzioak, baizik eta instituzioetatik kanpo antolatzea. Esperientziak erakutsi digu estrategia elektoralistek mugak dituztela eraldaketa horiek egiteko, eta kale mobilizazioa desartikulatzen dutela. Horrek ez du esan nahi ez gaituenik kezkatzen PPk eta Voxek gobernua eratzeak. Faxismoa hedatzen ari da, baina faxismoak ondorioak kalean ditu, eta kalean gu gaude.
Autogobernua handitzea lagungarria litzateke Euskal Herriarentzat?
BEREZIBAR: Guk autodeterminazioa ez dugu estatu burges batekin lotzen, eta are gutxiago estatutu autonomista batekin, hala euskal langileriak zapalduta jarraituko lukeelako. Gure ustez, euskal estatu propio baten aldeko borrokak Euskal Estatu Sozialistaren aldeko borroka izan behar du.
ARANBURU: Ez dugu uste PSOE eta EAJ aliatutzat hartzea, estatua indartzea eta autonomismoa direnik bidea.
BEREZIBAR: Askotan dikotomia faltsu bat planteatu nahi izan digute mugimendu sozialistakooi: Euskal Herria edo komunismoa. Gure ustez, Euskal Herriko langileriak estatu propio bat edukitzea ahalbidetzen duen borroka eta nazioartean sozialismoaren hedapena eskutik doaz.
«
Estrategia elektoralistek mugak dituzte eraldatzeko, eta kale mobilizazioa desartikulatzen dute
»
IBAI BEREZIBAR GKSko kidea
Hispanitatearen Eguna aitzakiatzat hartuta, mintzaldi politikoa egingo duzue astelehenean, Topagunean. Zer jarrera hartuko duzue?
BEREZIBAR: Alde batetik, esango dugu Euskal Herriaren borondate nazionalak eta euskarak zapalduta jarraitzen dutela eta gu, hori ikusirik, Euskal Herriko langileen autodeterminazioaren alde lerratzen garela. Hispanitatearen Egunak irudikatzen duena ere salatuko dugu: espainolismoa eta jaiegun horren jatorri koloniala. Euskararen aurkako oldarraldia ere salatuko dugu, eta euskararen aldeko borrokan segituko dugula berretsiko dugu. Faxismoaren aurkako borrokaren beharra ere lehen lerroan jarriko dugu.
Zer espero duzue aurtengo Gazte Topagune Sozialistaz?
ARANBURU: Topagunea sozialismoaren aldeko indarrak batzeko egitasmo bat izatea nahi dugu, eta hausnarketarako, aldarrikapenerako eta komunitate politikoa eraikitzeko espazio bezala ulertzen dugu. Balio du egunerokoan norabide berean baina toki desberdinetatik —izan faxismoaren kontrako borrokan, indarkeria matxistaren aurka, etxebizitza eskubidearen alde...— ari den borroka komunitate hori guztia elkartu ahal izateko.