Ordua hartzeko webgunea hobetuko du Osakidetzak, eta gogorarazteko mezuak bidaliko ditu

Urtean hamazazpi milioi kontsulta izaten dituzte lehen mailako arretako zerbitzuek. Ehunetik hirutan, pazientea ez da azaltzen kontsultara.

Osakidetzako osasun zentro baten irudia, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Osakidetzako osasun zentro baten irudia, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU
kristina martin
2026ko urtarrilaren 21a
14:53
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ordua eskatzeko bide telematikoak hobetzeko asmoa dutela jakinarazi du Osakidetzako zuzendari Lore Bilbaok: webgunea «intuitiboagoa» izango da, eta, ordua gogorarazteko eta baliogabetzeko, Whatsapp mezularitza aplikazioa erabiliko dute. Halaber, agindu du osasun zentroak behatuko dituztela, eta, ohi baino itxaronaldi luzeagoak dituztenak antzeman ostean, halakoak arintzeko konponbideak bilatuko dituztela. Radio Euskadin goizean egin dioten elkarrizketa batean eman du Bilbaok asmo horien berri.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak antzeman duen hutsune bat konpondu nahi du neurri horiekin: paziente batzuk, ordua hartu eta gero, ez dira kontsultara joaten. Bilbaok esan du egunean 2.000 kontsulta galtzen direla Osakidetzaren lehen mailako arretako zerbitzuetan. Familia medikuekin, pediatrekin eta erizainekin hartutako hitzorduen %2,9 dira, ehunetik hiru. Kopuru orokorrak ere eman ditu: urtean hamazazpi milioi kontsulta egiten dituzte lehen mailako arretako zerbitzuek, eta pazienteek kale egiten dute 500.000 kontsultatan. Osakidetzako zuzendariak baietsi duenez, ez dakite zergatik ez diren agertzen kontsultara: «Eskaera egiterakoan nahastu direlako, beste bat lortu dutelako... Aztertzen ari gara».

Webgunean, itxaronaldi luzeagoak

Ordua hartu nahi eta webgunera jotzen duenak, gaur egun, telefono bidez edo aurrez aurre eskatzen duenak baino denbora gehiago itxaron behar izaten du batzuetan. Bilbaok argitu duenez, «batzuetan, webgunean ordua eskatzen duzu, eta ez dago kontsultarik hamabost egun barru arte. Horrek ez du esan nahi Osakidetzak lehenago artatuko ez zaituenik; izan ere, deitzen baduzu edo aurrez aurre joaten bazara, berehala izango zara artatua kasurik larrienetan». Osakidetzako zuzendariak nabarmendu duenez, «webgunearen bidez kontsulta atzeratu egin daiteke —erreferentziazko medikua oporretan dagoelako edo baimenen bat duelako—, eta, horrenbestez, ez du aukerarik ematen ordua eskatzeko lanean hasi arte».

Horretaz gain, Whatsapp bidezko aplikazioa erabiltzeko asmoa ere agertu du «herritarrei zitak gogorarazteko edo horiek baliogabetzeko aukera emateko, besteak beste». Horrekin lotuta, iragarri du laster SMS bat bidaliko dietela herritarrei kanal berrian sartzeko eta jakinarazpenak jasotzeko baimena eskatzeko. Komunikazioa hobetzeaz gain, «osasun zentroen eta kontsultategien egoera eta itxaronaldiak monitorizatzen» hasiko dira, eta, leku batzuetan ohi baino arazo gehiago antzemanez gero, konponbideak bilatzeko konpromisoa hartu du.

5.425 lanpostu egonkortzeko LEPak

Osakidetzak aurtengo ezarri dituen beste erronka garrantzitsu bat da lanpostuen egonkortzea. Bilbaoren hitzetan, horrek berekin ekarriko du «errotazio gutxiago profesionalen artean, eta, beraz, osasun zentroetan eta ospitaleetan etengabeko arreta emateko gai izango diren talde egonkorragoak sortuko dira».

Beraz, Osakidetzak espero du urteko lehen hiruhilekoan 2023, 2024 eta 2025eko lan eskaintza publikoen (LEP) oinarri espezifikoak onartzea, lehen azterketak hasi ahal izateko uda baino lehen. LEP horiek guztira 5.425 plaza eskainiko ditu 108 kategoriatarako. Adimen urritasuna duten pertsonentzako 25 lanpostuko eskaintza propio bat egingo dutela azpimarratu du. Era berean, aurten bertan, betetzeko zailak diren lanpostuen beste LEP bat egingo dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.