Hizkuntza eskakizunen alde batu dira protesta batean ELA, LAB eta Esan sindikatuak

Trafikoa bideratzen jarduten duten agenteek euskarazko B2 maila izateko Donostiako Udalak ezarritako eskakizuna atzera bota du epai batek, eta kontra egiteko elkartu dira sindikatuak; arratsaldean euskalgintzak antolatutako protesta egingo dute.

Langileen protesta, gaur, Donostiako udaletxe aurrean. GORKA RUBIO / FOKU
Langileen protesta, gaur, Donostiako udaletxe aurrean. GORKA RUBIO / FOKU
arantxa iraola
2025eko irailaren 17a
14:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donostiako udaletxe parean egin dute protesta ELA, LAB eta Esan sindikatuek, gaur eguerdian. Lehengo astean publiko egin zen ebazpen judiziala salatu dute, ebatzi baitu atzera bota behar dela Donostiako Udalak lanpostuak egonkortzeko deialdi batean ezarritako eskakizun bat: trafikoa bideratzen jarduten duten agenteei euskarazko B2 maila eskatzea. Erasorik ez. Euskaraz lan egin eta bizi nahi dugu lelodun pankarta zabal-zabal jarrita egin dute protesta. Hiru sindikatuetako ordezkariak izan dira elkarretaratzean, eta gogora ekarri dute «gehiengoa» dutela Donostiako Udaleko langile batzordean. 

EH Bilduko udal taldeko ordezkari ugari izan dira protestan, eta Gipuzkoako Batzar Nagusietakoak. Udal gobernuko kideak ere izan dira; esaterako, Euskara zinegotzi Jon Insausti. Hark azaldu du sententziaren aurkako helegitea aurkeztuko dutela. Aurrez hizkuntza eskakizunen kontra jasotako gainerako epaietan ere horixe bera egin izan dutela nabarmendu du, eta aldeko bi epai ere jaso dituztela auzibide horietan: «Hori ere esan egin behar da». Izan ere, metatzen ari dira erakundeetan euskararen normalizazioaren kontrako ebazpenak, etsipenerako bidea ematen du horrek zenbaitetan, eta, horregatik, lortu diren aldeko erabakiak ere nabarmentzea garrantzitsua da, ordezkari jeltzalearen ustez. 

Donostiako Administrazioarekiko Auzien 1. epaitegiak emandakoa da gaur auzitan jarri nahi izan duten sententzia. EFE berri agentziak eman zuen horren berri. Haren arabera, behin-behineko funtzionario batek jarri zion helegitea bederatzi lanpostuko egonkortze prozesu bati; B2 maila eskatzen zuten lanpostu guztietarako, eta langile horrek ez zuen hizkuntza eskakizun hori betetzen. Haren aldekoa izan da orain sententzia. 

Langile gehienak lan eskakizunen alde daudela nabarmendu nahi izan dute, ordea, gaurko protestan. «Euskararen normalizazioa, euskal langile mugimenduaren defentsa da», aldarrikatu dute. «Euskal Herrian euskaraz lan egin eta bizitzeko eskubidearen aurkako oldarraldirik ez dugu onartuko, lanerako eskubidea eta gure herrian euskaraz bizitzekoa ez baitira kontrajarriak, osagarriak baizik».

Horiek horrela, egoera iraultzen laguntze aldera, sakoneko lege aldaketak eskatu dituzte gaur langileen ordezkariek. «Dei egiten diogu euskal klase politikoari horrelako oldarraldia ekidin dezakeen bidea eta akordio politikoa jorra dezan, horretarako legea egokituz, Euskararen Legea aldatuz». Eusko Legebiltzarrean horretarako prozedura abiarazi behar dela esan dute. Eta gizarte osoak parte hartu behar duela gero lanketa horretan, bere zabalean. «Funtsezko betekizuna dute indar eta sindikatu abertzaleek, eta baita euskal jendarteak ere». 

Dei egin dute arratsaldean euskalgintzak epai hori bera salatzeko egingo duen kontzentrazioan parte hartzera. 18:30ean izango da, Donostiako Justizia Auzitegiaren parean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.