«Euskararen judizializazioa eta instrumentalizazioa». Eusko Jaurlaritzako eledun Maria Ubarretxenak eta lehen lehendakariorde eta Kultura sailburu Ibone Bengoetxeak gaur hedabideen aurrean adierazi dutenez, bi jokabide oker horiek ikusi dituzte EAEko Auzitegi Nagusiak hizkuntza eskakizunen inguruan hartu duen azken erabakian; izan ere, lehengo astean jakin zen Espainiako Auzitegi Konstituzionalera joko duela galdezka: eskatuko dio argitzeko ea Euskal Enplegu Publikoaren Legeak hizkuntza eskakizunen esleipenaren inguruan zehazten duenak konstituzioa betetzen duen. 187.5 artikuluarekin du zalantza. Halaxe dio, zehazki, artikulu horrek: «Euskal administrazio publikoetako eta haien instituzio eta organismoetako lanpostu guztiek, unean uneko egoeraren araberakoak edo aldi baterakoak barne, dagokien hizkuntza eskakizuna izango dute esleituta; horretarako, kontuan izango da zeintzuk diren lanpostu bakoitzaren ezaugarriak eta komunikazio premiak, eta zer hizkuntza trebetasun eska daitezkeen premia horiek betetzeko».
«Ez dago arrazoirik Auzitegi Konstituzionalera jotzeko», argudiatu du Ubarretxenak. Izan ere, gobernuaren arabera, eduki «berririk» ez dago EAEko Auzitegi Nagusiak auzitan jarri duen artikuluan: aurrez Auzitegi Konstituzionalak berak ontzat emandako araudietan oinarrituta dago. Lehengo astean, albistearen lehen balorazioan, Bengoetxeak azaldu zuen «larria» zela eskari horrek ekar zezakeena, eta berritu egin du gaur kezka hori: «Oso larria da; zalantzan jar dezake sektore publikoan euskara normalizatzeko sistema guztia».
«Oso larria da; zalantzan jar dezake sektore publikoan euskara normalizatzeko sistema guztia»
IBONE BENGOETXEA Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariordea eta Kultura sailburua
Lau hamarralditan egindako lana dela gogoratu dute bi sailburuek, gizartearen adostasun zabalarekin egin dela, eta ezin dela auzitan jarri orain auzitegien bidez. «Benetan uste dugu egoera honek ez diola erantzuten berrogei urteotan euskararen normalizazioaren inguruan kontsentsu bidez egindako bideari», azaldu du Ubarretxenak. Horiek horrela, erabakiarekin ados ez daudela adierazita, helegiteak aurkeztu dituztela jakinarazi du. Nabarmendu du, halaber, «indarrean» daudela auzitara eramandako araudiak. «Esparru juridikoak indarrean jarraitzen du, eta Jaurlaritzak horren defentsa irmoan jarraituko du».
Auzibideko gorabeherak
Eusko Jaurlaritzak iaz aurkeztu zuen euskara administrazio publikoan arautzeko azken dekretua; araudi horren kontrako helegiteak jarri zituzten PPk eta Voxek, eta justu horien ondorioz martxan jarritako auzibideari lotuta adierazi du EAEko Auzitegi Nagusiak Auzitegi Konstituzionalean galdera egin behar duela. PPk eta Voxek aurtengo martxoan abiarazi dituzte helegiteak; Ubarretxenak esan du aurrena ez zutela deus nabarmengarririk ikusi horien eboluzioan, baina azarotik hona «bide deigarriak» hartu dituela. Auzia aztertzen ari den aretoaren osaeran izan diren aldaketak, bi helegiteak prozedura bakar batean metatzeko egin den hautua, eta Auzitegi Konstituzionalerako urratsa auzitegiak «bere kabuz» egin izana: guztiak izan dira Jaurlaritzako ordezkarien ustetan jokatzeko modu «deigarriak».
Aditzera eman dutenez, PPren helegitea aurrera doa, eta Voxenak partzialki bakarrik onartu ditu EAEko Auzitegi Nagusiak. PPrenak dekretuaren artikulu jakin batzuen kontra egiten du; Voxen helegiteen asmoa, berriz, dekretua deuseztatzea zen. Horiek horrela, ez dute ulertzen, adibidez, nola egin den bi helegiteak prozedura bakar batean metatzeko hautua. «Zalantzazkoa iruditzen zaigu erabaki judizial hori», azaldu du Ubarretxenak.
«Esparru juridikoak indarrean jarraitzen du, eta Jaurlaritzak horren defentsa irmoan jarraituko du»
Eusko Jaurlaritzako eleduna
MARIA UBARRETXENA
Azalpen «teknikoa»
EAEko Auzitegi Nagusiak bere eskabidean behar bezala bereizi ez dituelakoan, hizkuntza eskakizunen sistema ulertzeko ezinbestekoak diren kontzeptu biren gaineko argibide «teknikoa» eman nahi izan du agerraldian Ibone Bengoetxeak. Izan ere, Euskal Enplegu Publikoaren 187.5 artikuluak hizkuntza eskakizunak ditu hizpide, baina ondoren datorrenak derrigortasuna aipatzen du, eta sistema behar bezala ulertzeko kontzeptu biak ondo ulertu eta bereizi behar direla azaldu du. Izan ere, eskakizunak, berez, profilak dira: lanpostu bakoitzean jarduteko zer euskara egiaztagiri behar den zehazten dute. Lanpostu guztiek dituzte. Baina ondorengo artikuluan dator zehaztapena: hori konplitzeko derrigortasuna ez dute denek. «Profil bat jartzeak ez du ezertara behartzen», azaldu du: «Lanpostu guztiek eskakizuna izateak ez du esan nahi denek derrigortasuna dutenik».
Alegia, administrazio publikoan badaude derrigortasun datarik gabeko postuak, eta horietan ez da «beharrezkoa» euskararen ezagutza egiaztatzea. Horregatik, auzitegiak hor «interpretazio» okerra egin duela uste du Bengoetxeak. Indarrean dagoen eredua «progresiboa eta proportzionala» dela nabarmendu du, eta ez dagoela atzera botatzeko motiborik.
Hizkuntza eskakizunen kontrako epai asko ebatzi dira urteotan, eta justu Euskal Enplegu Publikoaren Legea moldatuta arloan berme juridikoak emateko asmoz landutako bi lege erreforma daude erregistratuta egun Eusko Legebiltzarrean. EAJrena da bat, eta EH Bildurena da bestea. Bengoetxeak gogora ekarri du prozesu legegile hori, eta dei egin die talde politikoei: «Eskatzen diegu ahalik eta kontsentsu zabalena lortzeko». Gogoratu die euskara biziberritzeko prozedurak «blindatzeko» bidea lortu behar dela.
EAJk hizkuntza eskakizunen derrigortasun indizea ezabatzea proposatu du, hala kontrako epaiak gutxituko direlakoan. EH Bilduk, berriz, aldaketa sakonago bat egiteko proposamena aurkeztu du, eta euskara funtzio publikoko sarbidean eskakizun orokorra izateko bidea abiaraztea da legean proposatu dituen erreformen helburua. Euskalgintzak ere eskatu du sakoneko aldaketak egiteko arloan. PSE-EEk bi erreforma proposamenen kontrako botoa eman zuen Eusko Legebiltzarrean. Koalizioan ari dira gobernuan jeltzaleekin, eta propio galdetu diete gaur Ubarretxenari eta Bengoetxeari ea PSE-EEko ordezkariei adierazi dieten kritika hau publiko egiteko asmoa. Ubarretxenak eman du erantzuna: «Badakite hitz egingo dugula, eta gobernu kontseiluan landuko ditugun gaietako bat izango da».