Hizkuntza Eskubideen Adierazpen Unibertsala berritzeko prozesua abiarazi dute gaur Bartzelonan

Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendari Agurne Gaubeka ekinbidearen aurkezpenean izan da, euskararen aldeko gizarte eragileen ordezkari.

Hizkuntza Gutxituen Adierazpen Unibertsala berritzeko prozesua hasteko ekitaldia egin dute Bartzelonan. HIZKUNTZA ESKUBIDEEN BEHATOKIA
Hizkuntza Gutxituen Adierazpen Unibertsala berritzeko prozesua hasteko ekitaldia egin dute Bartzelonan. HIZKUNTZA ESKUBIDEEN BEHATOKIA
arantxa iraola
2026ko apirilaren 15a
20:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Orain dela 30 urte aldarrikatu zen Hizkuntza Eskubideen Adierazpen Unibertsala. Bartzelonan izan zen, 1996ko ekainaren 6an, Hizkuntza Eskubideen Mundu Kongresuan. Hiri hartan bertan, gaur arratsaldean, adierazpen hori berritzeko prozesua abiarazi dute gaur hizkuntza eskubideen alde ari diren hainbat erakundek. Prozesu hori aurkezteko agerraldian izan da Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendari Agurne Gaubeka, euskararen aldeko gizarte eragileen ordezkari. Nabarmen aldatu da mundua 30 urteotan, eta adierazpenaren eguneratzeak munduan sortu diren erronka berriei erantzun nahi die: digitalizazio azeleratua, adimen artifizialaren eragina, nazioarteko migrazioak, gatazka armatuak eta hizkuntzen gutxitze prozesuak. 

CIEMEN eta PEN Catala erakundeek abiatu dute propio adierazpena berritzeko ekinbidea, baina sare zabal baten babesa du. Tartean daude Euskalgintzaren Kontseilua eta Hizkuntz Eskubideen Behatokia, Garabide elkartea, Hizkuntzen Berdintasunerako Europako Sare ELEN, Nazioarteko PEN, Hizkuntzaren Aldeko Plataforma eta Omnium Cultural. Hizkuntz Eskubideen Behatokiak gaur prentsa ohar baten bidez adierazi duenez, «prozesu ireki, parte hartzaile, eta izaera globalekoa» jarriko dute martxan. «Ekimenaren helburua da mundu osoan hizkuntza eskubideen babes eraginkorra indartzea, eta agenda demokratikoa eta kulturala eta giza eskubideak erdigunean kokatzea». 

Ez da loteslea Hizkuntza Eskubideen Adierazpen Unibertsala, baina 30 urte hauetan izan duen eragina aintzat hartzekoa da hizkuntza gutxituen defentsan ari diren eragileen ustetan. Halaxe gogoratu du gaur Hizkuntz Eskubideen Behatokiak ere: «Hiztun komunitateei dagozkien hainbat eskubide definitzeko giltzarria izan da erakundeentzat, gobernuentzat eta gizarte mugimenduentzat». 

2028ra arteko egutegia

Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren arabera, asmoa du Euskalgintzaren Kontseiluarekin batera «aktibo» jarduteko berritze prozesu honetan. Nahikoa lan izango dute, beraz, datozen urteotan, lanerako egutegia zehaztuta baitago. Gaurtik epea irekita dago «ekarpenak» jasotzeko: mundu osoko adituei, eragileei eta erakundeei emango diete horretarako bidea. Behin ekarpenak jasota, «testu berria idazteari eta berrikusteari» ekingo diote, eta 2027ko azaroan adierazpenaren aurkezpen publikoa egingo dute Bartzelonan. 

Ondoren, 2028an, helburua izango da Nazio Batuen Erakundearen eta Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakunde Unescoren aurrean aurkeztea. Izan ere, funtsean prozesu honen helburu behinena zera da, hizkuntza eskubideen «aitortza formala» sustatzea Nazio Batuen sistemaren barruan. 

munduko hizkuntzen erdiaK, GALZORIAN

Abiarazi duten prozesuaren garrantzia nabarmentze aldera, sustatzaileek gogora ekarri nahi izan dituzte Unescoren datuak; horien arabera, mende honetan zehar munduko hizkuntzen erdia baino gehiago galtzeko arriskua dago. «Nazioarteko babes eraginkorrik ez bada», galtze prozesu horiek geraraztea zaila izango dela gogoratu dute. Horregatik bukatu nahi dute prozesua Nazio Batuen Erakundearen aitortza lortuta, benetako bultzada eskuratzeko aski lagungarria izan daitekeela uste baitute. 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA